Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Urtarrila »  Iritzia »  Isiltasuna eta zu

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Isiltasuna eta zu

Olatz Prat

Eseri lasai, arnasa hartu, zure inguruan zarata ateratzen duen edozer gauza deskonektatu. Ezin baduzu, gelditu hemen, itxaron eta isiltasun osoan gelditutakoan segi irakurtzen.

Orain bai? Aurrera.

Itxi begiak segundo batzuez, poliki-poliki. Pentsatu ametsetako leku zoragarri horretan, itsasoaren jitoan olatuak hondar ertzean lehertzen, mendi gailurra... Zenbatu hamarrera arte eta entzun isiltasuna, entzun zeure arnasa, pausatua, lasai, isil (bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi, bederatzi eta hamar). Dastatu lasaitasuna. Aahhh! Ez al da ederra?

Hau ez da yoga ariketa bat. Zure bizimodu bizkor eta zaratatsuan erlaxazio minutu batzuk izateko aukera eskaini nahi dizut. Behingoagatik, hartu tartetxo bat lasai irakurtzeko, ez esango dudanak bizia aldatuko dizulako, ezta gutxiagorik ere, daramazun erritmoaz kontura zaitezen nahi dut. Ibilaldi luze baten ondoren etxera bueltan, eseritakoan, sentituko zenukeena senti dezazun nahi dut, zeinen nekatua zauden konturatzea eta gelditzeak dakarren lasaitasunaz gozatzea.

Eta Pentsatu. Ez zaizu iruditzen askotan gehiegi hitz egiten dugula? Zentzurik gabeko gauza asko esan eta hitzez esan ezin daitezkeenak, sentimenduak, amodioa bezalako gauzak, hala, hitzetan jartzen saiatzen gara eta hizkuntzak behin eta berriz oztopoak jartzen dizkigun arren berriro harri berberarekin egiten dugu estropuz. Horror vacui-a gainditu ezinik dabil gizakia eta ez gara konturatzen, gehienetan ez bada, sarri, isiltasunak argiago adierazten duela sentitzen duguna, pentsatzen duguna. Hitzak, azken finean, udazkeneko hostoak bezalakoak dira; asko daudenean fruitu gutxi dagoen seinale.

Duela ez asko lagun baten amonaren hiletara joan behar izan nuen. Nire laguna ikustean ez zitzaidan hitzik ateratzen, "asko sentitzen dut" bai, baina ezer gehiago. Pertsona hark behar zuena ez zen ni berriketan hastea; besarkada bat behar zuen, besarkada luze eta isil bat. Ez naiz bakarra izango, noski, baina konturatuko zinen, maiz, besarkada soil batek mila hitzek baino gehiago balio duela. Irudi batek gehiago balio duen bezala.

Sekretu bat kontatuko dizut. Bada leku bat izugarri gustatzen zaidana: Zumaiko itsaslabarra. Han goian, ertz-ertzean jarri eta itsasoari begira jartzen naiz, isilean. Egia da, han ez dago isiltasunik, baina badago nolabaiteko bakea, naturaren ahotsa soilik entzuten da, ura bortizki harriaren aurka, haizea abiadan aurpegiaren kontra eta, hala eta guztiz ere, bakea. Eguzkia itsasoan sartzen ikusi arte itxaron ohi dut, zerbait magikorik badago hango arratsa da, berezia da, zerua gorria eta itsasoa berunezkoa. Hori da nire lekuetako bat. Baliteke norbaitek zorotzat hartzea; zuk, ordea, ondo baino hobeto dakizu zertaz ari naizen. Agian, zeuk ere badaukazu leku horietako bat eta hara joaten zara lasai egon nahi duzunean. Batzuetan nahikoa da leku horretan sentitzen duzun lasaitasuna eta bakea gogoratzea. Laguntzen du, ezta?

Hor nonbaiten irakurri dut benetako laguntasuna biren arteko isiltasuna tentsiorik gabekoa denean heltzen dela. Ezingo nuke hobeto esplikatu. Egia da. Sentsazio hori izan baduzu ohartuko zinen zeinen berezia den, besterik gabe, norbaiti eskua eman eta isiltasunean egotea. Bai momentu txarretan, baita onetan ere. Bion artean eraikitzen duzuen lasaitasun horretaz gozatzen egotea.

Astegun soil baten gauez esnatuz gero, leihora ateratzea ere gustatzen zait. Herri guztia lo dagoela sumatzea, gaua entzutea. Eta ni bezala dauden beste pertsonak imajinatzea, bakoitza geure gauzetan pentsatzen, inork molestatzen ez gaituela.

Hain naiz isiltasunaren aldekoa, orduak pasatuko nituzkeela hari buruz hitz egiten.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak