Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Abendua » 

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

"Euskal kontzientzia Azpeitiko lagunei esker lortu nuen"

Miren Garate

  (Jon Hernaez (Argazki Press))

Gotzon Garate 1934an jaio zen, Elgoibarren. Ordutik hona munduko lau hegaletan barrena ibili da, hala nola Insbrucken, Friburgon, Madrilen nahiz New Yorken. Hala ere, Euskal Herria bezalakorik ez da Garaterentzat. "Nire lagun batek dio euskaldunok oso buruargiak garela, munduan zehar ibili eta azkenean bizitzeko lekurik egokiena aukeratu dugulako", dio. Eta, batez ere, hiru herri ditu bihotzean: Elgoibar jaioterria, azken urteotan bizileku duen Bilbo eta Azpeitia. Izan ere, Azpeitiari oso lotuta dago, besteak beste bi lagun azpeitiarri esker lortu zuelako "euskararekiko kontzientzia izatea". Azpeitian ere euskara izan zuen hizpide azaroaren 23an egindako hitzaldian, Uztarriako Euskara taldeak antolatuta. Gu, hitzaldia baino pixka bat lehenago egon ginen harekin.

Durangoko Azokan Argizaiola saria jasoko duzu euskararen alde egin duzun lana eskertzeko. Nondik datorkizu zuri hainbesteko euskaltzaletasuna?

.11 anaia-arreba ginen eta etxean beti egin izan dugu euskaraz. Hala ere, gure etxean ez zegoen euskararen aldeko kontzientziarik. Eta, nire ustez, behar-beharrezkoa da kontzientzia hori edukitzea. Lehen ikasketak bukatu nituenean, Durangoko josulagunen etxera joan nintzen ikasketekin jarraitzeko, Elgoibarren ez zegoelako horretarako aukerarik. Han, bi azpeitiar ezagutu nituen: Javier Bastida eta Katalan baserriko Iņaki Bereziartua (Bastida orain urte batzuk hil zen eta Bereziartua, egun, Indian dago misiolari). Nire aldean abertzaleak ziren biak. Euskalduntasunean hiru maila daude: euskaldunak, euskaltzaleak eta abertzaleak. Euskaldunak euskaraz dakitenak dira. Euskaltzaleek, aldiz, euskara jakiteaz gain, bere aldeko kontzientzia ere badute. Eta, azkenik, abertzaleek, euskara maitatzeaz gain, independentziaren alde egiten dute. Ni bi azpeitiar horiei esker egin nintzen abertzale.

Bestela ere harreman handia izan duzu bai Azpeitiarekin eta bai azpeitiarrekin.

Bederatzi urte eman nituen kanpoan eta hona etorri nintzenean euskara pixka bat galdu egin nuela konturatu nintzen. Galdutakoa errekuperatu behar nuela erabaki eta horretarako egokiena baserrietara jotzea zela iruditu zitzaidan. Eta joan nintzen lehen baserria, Odriozolatxo izan zen. Bi aste pasatu nituen han eta hurrengo bi asteak, berriz, Enparan Gain baserrian. Horregatik dut hainbesteko lotura Azpeitiarekin. Bestalde, sei urtean bizi izan naiz Loiolan eta horrek ere jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Doktrina irakasten nuen egunero eta gauetan inguruko baserritarrei eskolak ematen nizkien. Nire ikasleetako bat Jose Mari Bastida izan zen, gero Azpeitian urteetan alkate izan zena. Apaiztu ere Loiolan bertan egin nintzen.

Zergatik aukeratu zenuen Odriozolatxo baserria?

Azpeitia ezagutzen nuen eta lagun batzuei komentatu nien baserrietara joateko asmoa nuela euskara hobetze aldera. Lagunek gomendatu zidaten Odriozolatxo.

Eta zer egiten duzu baserrietan?

Euskal Herri osoko 23 baserritan ibiltzen naiz duela 40 urtetik. Sukaldean egoten naiz, han egoten direlako aiton-amona zaharrak. Nik atsotitzen inguruko galderak egiten dizkiet eta erantzun guztiak apuntatzen ditut. Baserritarrek nire aldean ondo egiten dute euskaraz, nahiz eta gramatikaz gutxiago jakin. Jariotasun ikaragarria dute, etengabe erabiltzen dutelako animalia, landare, lantresna eta beste hainbat konturen inguruko hiztegia. Ni ez naiz baserritarra baina sekulako inbidia diet. Neurri handi batean zulo hori estali ahal izan dut, urte askoan ibili naizelako baserriz baserri gauza ezberdinak ikasteko gogoarekin.

Nolatan bururatu zitzaizun esaera zaharren bilduma egitea?

Baserrietan esaten didaten guztia apuntatzen dut eta ikusi nuen milaka esaera nituela bilduta. Orain 20.000 inguru ditut eta horiek hor geratuko dira betiko.

Eta literaturarekiko zaletasuna nondik datorkizu?

Etxetik. Etxean ikasteko zaletasun handia genuen eta nire anaia oso ona zen ipuinak kontatzen. Ni baino hamar urte zaharragoa da eta umetan ipuin asko kontatzen zizkigun. Bestalde, komiki ugari irakurtzen nuen. Gero, idazteari ekin nion eta txapelketetara bidali nituen lehen lanek sariak eskuratu zituzten; horrek animatu egin ninduen.

Urrestillako frontoian ere ordu asko pasatutakoa zara.

Ostegunero joaten ginen Urrestillara. Han ere doktrina irakasten nuen. Garai hartan euskal literaturan ezaguna den Jautarkol zegoen bertan errektore. Adiskide handia nuen nik Jautarkol baina garai txarrak ziren haiek, frankismoko urterik gogorrenak, eta bera oso zigortua izan zen.

Frankismo garaiak latzak izan ziren euskararentzat. Asko aldatu al da euskararen egoera azken urte hauetan?

Euskararen egoeraren hobekuntza erakusten duten bi alderdi nabarmenduko nituzke: alde batetik, gaur egun euskaraz irakasten da ikastetxeetan eta, bestetik, euskaraz hitz egitea kulturaren erakusgarri da. Euskaraz dakiena jende ikasia da. Zoritxarrez, prostitutek, drogazaleek eta miseria gorrian bizi direnek ez dakite euskaraz. Lehen euskaraz hitz egitea ezjakintasunarekin lotzen zen, erdara ez jakitearekin. Oraindik ere badago gazteleraz hitz egiteak beste maila batean egotea esan nahi duela uste duen jenderik, baina horiek gutxiengoa dira.

Eta zer egin daiteke jende hori ere euskaraz hitz egitera bultzatzeko?

Euskal kontzientzia eman behar zaie, euskalduna izatea ez da aski. Nik ere ez nuen euskal kontzientzia hori, euskara ez nuen estimu handitan, baina Azpeitiko lagunei esker eskuratu egin nuen. Euskaldun bakoitza euskaltzale egiten ahalegindu behar dugu, euskara oraindik hilzorian dagoelako.

Zein dira Gotzon Garateren hurrengo erronkak?

Duela 40 urte hasi nintzen esamoldeak biltzen. Bildutako guztiekin liburu bat ateratzeko asmoa dut. Gainerakoan, Lauaxetari buruzko liburu bat argitaratu berri dut eta laster baserrietan bildutako ipuin bilduma bat ere argitaratuko dut.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak