Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Abendua »  Naturaltasun osoz

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Naturaltasun osoz

Enekoitz Esnaola

Azpeitiarra da Jexux Mari Segurola 'Xague', 42 urte ditu baina bizi erdia herritik kanpo darama. Eta bizi erdia darama ‘atzeratuekin’. Eta hitz erdirik ez du gorde nahi

Tolosako etxean, neska-lagunarekin
Tolosako etxean, neska-lagunarekin.  Tolosan bizi da Jexux Mari Segurola 'Xague', Mari Carmen Gonzalez neska-lagunarekin, eta Azpeitira ez da askotan etortzen. Asteburuan-edo kanpora irten behar duenean, gehiago joaten da Donostiara.  (Enekoitz Esnaola)

Gureak-en enpresa batean egiten diat lan, atzeratuak eta ezinduak gaudek hor lanean, behin lagun normal bat eraman nian enpresa horietako batera eta harrituta geratu zuan: Besteok bezala egiten duzue lana!. Baina ai, ez diagu besteak bezala kobratzen. Gutxieneko soldata interprofesionala jasotzen diagu. Eta guk bizimodu normala egin nahi diagu!

Saiatzen gaituk. Azkeneko sei urtean Tolosan bizi nauk, neska batekin, Mari Carmen Gonzalezekin. Donostiarra duk. Orain dela 18 urte ezagutu nian, Donezteben. Txolarte elkartekoek antolatu zitean irteera, abendu hasierako zubian, eta gau batean denok pare bat trago hartzera joan ginenean, eskua eskatu nioan. Irteera hartan bertan ezagutu nian Mari Carmen eta segituan jo nioan begia. Bingo, baiezkoa eman zidaan, baina hasieran bere familiak ez zian ondo ikusten harremana, ezetz, baietz batzuetan, eta azkenean aurrera egin genian, borrokatuta. Orain sei urte erabaki genian elkarrekin jartzea bizitzen, pisu honetan. Lehen monja batzuena zuan eraikin osoa, eta haiek utzi zutenean, Atzegiri laga ziotean, eta baldintza: arazoak zituen jendeari uzteko, oso modu onean. Halaxe lortu nian pisua. Eta eskerrak! Bestetik, ordea, baneukaan diru bat, Azpeitiko etxea salduta. Dena dela, Mari Carmen ere bakarrik geratu zenez gurasoak hiltzean, hasieran Donostian bere etxean bizitzen urtebete egon gintuan, eta gero Tolosara.

Hori dena, azkeneko 20 urtean. Aurreko 22 urteetan Azpeitian bizi izan ninduan. Aita hil eta gero hasi ninduan neure bizitzaz kezkatzen. Oraintxe dela 20 urte hil zuan gure aita hori; Agustin Segurola. Hiru hilabete lehenago, berriz, ama; Mari Carmen Iriarte. Kolpe latza niretzat; seme-bakarra nauk. Zer egin ez nekiela, orduan konturatu ninduan zein diren benetako lagunak. Nire ondoan zeuden haiek, diruari gehiago begiratzen ziotean bakarrik geratu zen lagunari baino. Ordurako lanean nenbilean, lau urtean bai, Lasaon, Gureak-en (gorputzaren atal batean paralisia diat, elbarritasun mota bat. Kostatu zitzaidaan han lanean hastea!; ez ninduan ikusten ez-naturalekin, neure burua azkarragoa ikusten nian, eta ni han?! Baina zer oker nengoan)... Bon, kontua duk gurasoak hil eta gero, iparrik eta babesik gabe aurkitu nintzela. Golfokerian hasi ninduan, etxean denbora gutxian egoten, etxera bueltatzeko presarik ez nian —Azkargorta tindategi gainean nian etxea—, utzikeria neukaan galanta, eta lana galtzear egon ninduan. Izeba bat kezkatuta zegoan eta tarteka tailerrera deitzen zian, ea azaldu al nintzen.

Azpeitiko Udalak asko lagundu zidaan orduan. Ez zakiat ni justu zergatik; akaso, gure aita oso ezaguna zelako, musiketeroa, eta nire egoerak bistara irten zuelako gurasoak hiltzean? Zortea izan nian. Beste batzuk, berriz, anonimotasunean hor egoten dituk bakartiago... Hala, Udalak giza-laguntzailea jarri zidaan, diru kontuak berak eramaten zitian, uste diat hilean bi aldiz ematen zidala dirua, eta etxerako emakume bat ere jarri zidatean, bazkaria-eta prestatzeko. Hala behintzat, gehiago kontrolatu ninduan.

Baina nik Azpeititik irtetea nahi nian. Ikaztegietan pisu batean sartzeko aukera nuela jakin nian. Sartzeko baldintza: familiarik ez izatea. Adibidez, nik. Lana ere baneukaan han. Bi hilabeterako joan ninduan, probatze aldera, eta 14 urte pasatu nitian; 14 urteko proba... Zortzi lagun bizi gintuan pisu berean, giza-laguntzailea genian, eta bizimodua zer den hantxe ikasi nian. Tolosan hasi ninduan gero lanean, eta giza-laguntzaileek esan zidatean ez zidatela dena eginda emango, pertsona nintzela eta saiatzeko neu etxea-eta aurkitzen, animo. Baina oso zaila ikusten nian, etxebizitzak oso garesti zeudelako orduan ere. Niretzat bai, behintzat; soldata honekin!... Eskerrak Atzegiri eta monja haiei.

Orain zoratzen bizi nauk, Mari Carmenekin. Ezkontzea nahi diagu. Ai ekontzea... Ezin diagu. Diruagatik. Mari Carmenek pentsioa jasotzen dik, gurasoak hilda izateagatik, eta ezkonduko bagina, akabo pentsio hori! Eta behar diagu diru hori. Esan zigutek izatezko bikote bihurtzerik badugula, oraindik segurua ez dela baina balitekeela pentsioa ez galtzea. Ba probatu egingo diagu. Baina gero ez badugu pentsio hori jasotzen?...".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak