|
|
|
Eta askoz gehiago
Oihana Elduaien
18/98 auziko epaiketa egiten ari dira Madrilen. Azpeitian badaude beste auzi politikoetan nahastu dituzten lagunak: Garikoitz Etxeberria 'Kafe', Mikel Azkune, Eneko Etxeberria eta Miren Odriozola
|
|
Garikoitz Etxeberria 'Kafe'.
(Oihana Elduaien)
|
|
|
|
Mikel Azkune.
(Oihana Elduaien)
|
|
|
|
Eneko Etxeberria.
(Oihana Elduaien)
|
|
|
|
Miren Odriozola.
(Oihana Elduaien)
|
|
Orkatz, Habea, Egin, AEK, Ekin, Xaki, Joxemi Zumalabe, Jarrai-Haika-Segi, Amnistiaren Aldeko Batzordeak- Askatasuna, Batasuna, Euskaldunon Egunkaria, Udalbiltza… eta askoz gehiago.
1998an abiatu zituen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek auzi politikoak, eta sumario ezberdinetan bildu. "ETA ez da ETA bakarrik" tesitik dator guztia. Izan ere, Garzonen iritzian, ENAMen (Euskal Nazio Askapeneko Mugimendua) koka daitezkeen erakunde guztiak dira ETA, "erakunde armatuaren helburuei laguntzen diotelako". Helburuetan dago gakoa, beraz. 290 lagun inputatu eta hainbat elkarte eta erakunde legez kanpo edo itxita geratu dira.
Legezkoak ziren hainbat ekimen legez kanpoko izatera pasatu ziren. Ondorioz, "legez kanpoko" ekimenean ari dira. Esaterako, Azpeitiko Askatasunan presoen defentsan lanean ari direnak. Auzi politikoetan zuzenean kolpatuak ere badaude.
Orkatz. Orkatz Kultur Elkartearen taberna ere auzi politikoen ondorioak jasaten ari da. 'Herriko tabernen auzia'-ren barruan, enbargatuta dago taberna, beste hainbat bezala. Ez zieten abisu ofizialik eman, eta 2002ko uztailean banketxera joandakoan konturatu ziren. Garzonek eman zuen agindua, “ETAren egiturako parte” izatea leporatuta. Kontuak blokeatuta funtzionamendurako arazoak sortzen zaizkie. Orkatz Kultur Elkartea eta haren taberna, 1993an sortu ziren.
Habea. 2002ko uztailean Espainiako Gobernuak Alderdien Legea onartu zuenean, Batasuna legez kanpo utzi zuten, eta hauteskundeetara aurkeztea debekatu. Azpeitian Habea ezkertiarren eta abertzaleen plataforma sortu zen 2003ko udal hauteskundeetara aurkezteko; legez kanpo utzi zuen, ordea, Espainiak. Baliogabetutako zerrendak eduki arren, botoa emateko eskatu zien Habeak herritarrei eta 2.027 zenbatu zituen. “Lau zinegotzi dagozkigu, baina eserleku horiek EAJk, EAk, PSE-EEk eta PPk dauzkate”, dio Habeak. Hala ere, Habeako zinegotziak Udaleko bilera denetara joaten dira, eta normaltasun osoz parte hartzen saiatzen dira. Baina udaletxean beraien botoak ez dira kontatzen.
Lau herritar. Auzi politikoak hortik aurrerago doaz. Garikoitz Etxeberria Kafe azpeitiarra epaitu zuten 'Jarrai-Haika-Segi auzia'-n. Hura da aurrekaria, eta arriskutsua dela salatu zuen defentsak. Orain, 18/98ko epaiketa egiten ari dira, eta atzetik gehiago ere etor daitezke. Azpeitian badaude inputatutako beste hiru lagun ere: Mikel Azkune eta Eneko Etxeberria 'Egunkaria auzia'-n, eta Miren Odriozola 'Udalbiltza'-n.
"Orain ere bultzada politikoa behar dugu"
Garikoitz Etxeberria Haika-Jarrai-Segi
Garikoitz Etxeberria Kafe 'Jarrai-Haika-Segi auzia'-n epaitu zuten, espetxean lau urtean eduki eta gero. “Nire bizitzako lau urte harrapatu dizkidate”, dio, "lau urterik onenetakoak". 24 urte zituenetik 28 bete zituen arte espetxean eduki zuten. Auzi politikoen iturburuan, eta, beraz, bera espetxera eraman zuen arrazoiaren oinarrian helburu politikoa dagoela argi ikusten du, eta noiz edo noiz "legez kanporatzeak, apartheid eta auzi politiko guztiak" gaindituko badira, “sortzerakoan bezala” bultzada politikoa "behar-beharrezkoa" dela iritzi dio.
Izan ere, ez du uste auzitegietako epai batekin hau gainditzerik dagoenik: "Bizi dugun gatazka konponbidean jartzen baldin badugu, euskal gizartean oinarri demokratiko batzuk jartzea lortzen badugu, hortik etorriko da benetako normalizazio politikoa, eta horren ondorioz bizi dugun ilegalizazio egoera hau gainditzea".
Epaiketa egin zieten, eta Jarrai-Haika-Segi ez direla "erakunde terrorista” erabaki arren, "legez kanpoko taldeak" direla erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zigorrak "txikiak" baziren ere —hiru urte eta erdikoak ziren—, auziaren edukia "gogorra" dela nabarmendu du Etxeberriak; izan ere, "fiskalaren tesiak onartu ziren, talde terroristarena salbu”. Oraindik, ordea, epaia ez da behin betikoa. Defentsak eta fiskalak helegitea jarri zuten Espainiako Auzitegi Gorenean, eta orain erabakiaren zain daude. Zortzi bat hilabeteren buruan erabakiaren berri izatea espero dute, eta zer aurreikusten duten galdetuta, "galdera ikur handi bat da hori", dio.
Beraien auzia gainerako epaiketetarako "nahiko aurrekari arriskutsua" izan daitekeela onartzen du, baina argi dauka egoera politikoaren arabera gauzak asko aldatzen direla. Orain "bahitu politikoak edukitzeko interesa badagoela dirudi", haren iritzian, "balizko negoziaketa prozesu batean erabiltzeko". Nolanahi ere, gertatuko dena ikusi egin beharko dela dio.
Mina. Min egin dute auzi politikoek. Hala uste du Etxeberriak. Min politikoa eta min pertsonala. "Ukaezina da ilegalizazioak bere kostuak izan dituela, oso garai gogorrak izan dira azken laupabost urteak. Jende asko eraman dute espetxera, eta erakunde pila bat legez kanpo utzi, hainbat jarduera debekatu...". Hala ere, Espainiako estatuak helburua ez duela bete iritzi dio. "Ezker abertzalea bizirik dago. Euskal Herriko panorama politikoan agente politiko garrantzitsua da. Eraginkortasun handia dauka, eztabaidak baldintzatzeko gai da. Ikusi besterik ez dago Batasunak Anoetan egindako Orain herria, orain bakea proposamenak zer inflexio puntu eta oinarri markatu duen. Nahiz eta ilegalizatuta eta baldintzarik onenean ez egon, ezker abertzaleak hor segitzen du, eta ez da gutxi".
Garai "gogorrak" bizitzea ez da "Garzonen burutazio baten ondorioa bakarrik", Etxeberriaren ustez. "Alderdi asko eta askoren onespena" izan zutela dio; “onespena ez bazen, isiltasun konplizea behintzat, bai". Ondo gogoan ditu Etxeberriak beraiek atxilotu zituztenean Ińaki Anasagasti eta Josu Jon Imaz EAJko kideek esandakoak. "Hona hemen Imazek botatakoa: ‘Badaude arrazoiak atxiloketak egiteko. EAEko Gobernuak pentsatzen du horretarako arrazoirik eta zantzurik egongo delako eraman dela operazio hori aurrera’". Etxeberriaren iritzian, adierazpen mota hori "orokorra" izan da, 'Egunkaria auzia'-n salbu.
Pertsonalki ere bada kalterik, eta "horrek ez du bueltarik. Lehen esan bezala, bizitzako lau urte harrapatu dizkidate, nire bizitzako urterik onenetakoak. Oso harro nago EPPK-ko (Euskal Preso Politikoen Kolektiboa) preso izanarekin, eta asko ikasi dut kartzelan egon naizen denboran, baina niri geratu zaidan sentsazioa zera da: bizitzako lau urterik ederrenak harrapatu dizkidatela".
"Horrelako gehiago gerta ez dadin instrumentuak sortu behar dira"
Mikel Azkune eta Eneko Etxeberria Egunkaria
2003ko urriaren 16an atxilotu zuen Guardia Zibilak Mikel Azkune. Martin Ugalde Kultur Parkearen eta 'Egunkaria'-ren enpresa taldearen aurkako operazioan, zortzi lagun atxilotu zituzten, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz. Bost egun inkomunikatuta eduki ondoren, Azkune eta beste zazpiak epailearen aurrera deklaratzera eraman zituzten. Egun hartan Eneko Etxeberria ere atxilotu egin zuten, abokatu lanetan ari zela. Biak libre utzi
zituzten: Azkune 12.000 euroko bermearekin eta Etxeberria gabe. Biek inputatuta jarraitzen dute, eta ez dakite epaituko dituzten edo ez.
Azkunek dio berak politika kontuak oso urrutitik bizi izan dituela beti. Horregatik, "hain urrun dagoen pertsona batengana iritsi badira, edozer egiteko gauza dira", iritzi dio. Izan ere, Etxeberriaren ustez, "euskararen profesionalak" atxilotu zituzten operazio hartan. Etxeberriaren iritzian, honakoa da "haien" interpretazioa: "Euskara onartuta eta errespetatuta dago Espainiako Konstituzioan. Ondorioz, zuek egiten duzuen dena plus bat da; zergatik egiten duzue? Zerbaitegatik izango da. Norbaitek esanda". Etxeberriak dio Espainiako estatuak ez duela ulertzen jendea nola aritzen den euskara aurrera ateratzen. Horregatik, "euskalgintzaren kontrako operazio zuzena izan zen" Azkune eta biak atxilotu zituena.
Biek ere garbi dute 'Egunkaria auzia'-n gizarteak eman zuen erantzuna gainerako auzi politikoetan eman zuenarekin alderatuta handia dela. Azkuneren iritzian, beraien kasuak lokarturik zeuden asko esnarazteko balio izan zuen. Babestuta sentitu zela onartzen du, "baita nire ingurunea ere". Laguntza asko izan duela dio, eta inkomunikatuta eduki zuten bitartean Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak bere gurasoengana jo zuela gogoan du. Horrelakoak beti ez direla gertatzen ere badaki: "Gauza horiek beste egoera batzuetan ez dira ikusten, eta hori tristea ere bada". Esker handia duela nabari zaio; babesa erakutsi dieten denei eskerrak ematea nahi du.
Ez da nahikoa. Etxeberriak ere babesa oso handia izan zela dio: "Leku guztietatik etorri da elkartasuna, eta ikaragarria". Baina hori ez dela nahikoa uste du. "Elkartasun handia dago, denok gaude ados astakeria izan dela esatean, munduan ere egundoko elkartasuna egon da, Azpeitian ez du inork duda egiten... Baina ez da tresnarik sortu berriro horrelakorik ez gertatzeko".
Politikariei badago zer exijitua, hala uste du Etxeberriak. "Instrumentuak sortu behar dira, berriro horrelakorik gerta ez dadin". Egoera politikoa aldatzen doan arren, berriro horrelakorik gertatuko ez den bermerik ez dagoela oharrarazi du, eta haren iritzian, "hori politikariei exijitu behar zaie". Espainiako auzitegiek "inpultso politiko handiarekin" funtzionatzen dutela dio, eta "ezin gaitezke haiez fio". Herri bezala garatzea behar-beharrezkoa da horretarako Etxeberriaren ustez: "Instrumentuak sortu behar ditugu herri bezala. Konpetentzi horiek guk eduki behar ditugu, bai judizialak, bai polizialak... Herri bezala garatzea da azken batean behar duguna, bestela beti haien menpe egongo gara. Hemendik bi urtera berriz ere PP jartzen bada Espainiako Gobernuan zer, berriz ere beldurrez? Elkartasun handia, baina beldurrez? Horrela ezin da. Politikoek konpromisoa hartu behar dute hori saihesteko; horixe da euren egitekoa".
Baloreak. Azkunek onartzen du hau guztia oso gogorra egin zaiola. Hala ere, beti saiatu izan da zerbait baikorra ateratzen, eta halaxe egin duela dio; "ez da erraza, ordea". Inkomunikatuta bost egun pasatuta jendea oso gaizki ateratzen dela esaten du, baina berari ez zaiola halakorik gertatu. Hala ere, gehien pozten duena, "seme-alabei honek traumarik ez" ez diela sortu da. "Izan ere, hainbaten kasuan, gurasoak atxilotzera etxera joan direnean oso ukituta geratu dira seme-alabak, eta psikologoekin-eta tratamenduak egin behar izaten dituzte. Neurea nik eramango dut, eta horrek pozten nau". Nolanahi ere, honek guztiak asko markatu duela onartzen du, nahiz eta egoera "normalera" beti bueltatzea badagoela esan. "Nire balore eskalak asko aldatu dira".
"Auzi hau estatuaren porrota da"
Miren Odriozola Udalbiltza
Udalbiltzaren aurkako operazioan zazpi lagun preso hartu zituzten aurrena, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen aginduz. Gero, epailearen aurrera deklaratzera joan ziren beste hiru ere espetxera bidali zituen, ondoren Xarlo Etxezaharreta atxilotu zuten Bizkaira hitzaldi batera joan zela aprobetxatuz, eta, azkenik, auzi autoan, beste hainbat lagun auzipetu zituen, haien artean Miren Odriozola Habeako zinegotzia.
Odriozolaren iritzian, "Euskal Herriaren alde eta nazio eraikuntzan lanean ari den edonor suntsitzea da Espainiaren helburua: bai euskaran, bai ekonomia aldetik, bai komunikazioan, Udalbitza...". Aurretik ere "mila errepresio motekin saiatu izan dira, baina ezin izan dutenez, honaino iritsi dira", dio. Hala ere, "hau estatuaren porrot bat" dela ez du dudarik.
"Suntsitze" horretan lege batzuk aldatzeko "lotsarik ez" dutela izan dio, eta beste lege batzuk beraien erara interpretatu dituztelakoan dago. "ETAren helburuak eta gure helburuak berak direla diote eta, beraz, guztiok ETAkoak gara, nahiz eta jarduera legezkoa egin. Ezen guk egiten duguna legezkoa da, publikoa eta politikoa. Gainera, herritarrek aukeratutako hautetsiak gara". Auzi hauetan "frogarik ere ez" dela behar salatu du. "Poliziaren informazioa jaso eta ez kontrastatu, ez frogarik bilatu eta ez ezer... Gure auziko autoa irakurri eta ez dago froga bakar bat ere gu ETAkoak garela azaltzen duenik".
Nolanahi ere, "suntsitzeko" helburuak ere ez dituztela bete seguru esaten du Odriozolak. "Min handia egin dute eta martxan zeuden gauza asko moztu dituzte, baina berriz ere lanean ari gara". Bestalde, jendea beldurtu eta etxean geraraztea ere lortu nahi dutela dio; "batzuek egiten dute hori, baina besteek ez".
Lanean jarraitu beharra. Honi guztiari buelta ematen ari dela uste du Habeako hautetsiak. "Zinegotziak ere legez kanpo gaude, eta Udalean gure bozkak ez dituzte onartzen, baina gu bilera denetara joaten gara eta ari gara lanean. Otegi ere normaltasun osoz ateratzen da telebistan, beste alderdietako jendea bezala". Horixe da, hain zuzen, Odriozolaren iritzian hau guztia gainditzeko bidea: lanean jarraitzea. "Kikilduta etxean geratzen bagara, orduan bai ez dagoela buelta ematerik. Euskal Herriak iraun badu, belaunaldiz belaunaldi borroka egin duen jendea egon delako da, eta orain guri dagokigu lana egitea".
Hala ere, auzi politiko horien guztien epaiketetan ere zereginik badagoela uste du Odriozolak. Azken batean, epaiketa hauek ez dutela "oinarri juridikorik" azaleratu egin behar dela uste du, eta horretarako lana egin behar dela, auzitegietan, eta baita nazioartean ere.
Jende asko eta desberdina biltzen duten ekimenen aldekoa da, 18/98+ plataformak egin zuen Kaiera-ren gisakoak. "Ekimen zabalak egin behar dira, herri guztiak parte hartu behar du honi buelta ematen. Garrantzitsua da indar horiek guztiak batzea".
Espainiako justiziak auzipetutako hazpandarra
Hazparne (Lapurdi), Azpeitiarekin senidetuta dago 1980. hamarkada hasieratik, eta hango herritar bat ere 18/98+ kasuan inputatuta dago: Xarlo Etxezaharreta. Iparraldekoa izanagatik ere, Espainiako Auzitegi Naziolaneko epaile Baltasar Garzonek hura atxilotzeko agindua emana zuen, eta halaxe egin zuen Espainiako Poliziak 2004ko irailaren 28an, Etxezaharreta Abadińora (Bizkaia) hitzaldi batera joan zela aprobetxatuz. Sei hilabetez eduki zuten espetxean, eta 60.000 euroko bermea ordainduta kalera atera zen gero. 2004ko irailaren 22an Udalbiltza auzian 21 lagun auzipetzea erabaki zuen Garzonek, eta haien artean da Etxezaharreta. "ETAkoak izatea" eta dirua "ETAra bideratzea" leporatzen diote.
|