Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Abendua »  Xegundo

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Xegundo Aizpururi elkarrizketa

Ihintza Agirretxe

Xegundo Aizpuru azaroko egun batean Urrestillan, Makibar Berri baserri aurrean.  (Ihintza Agirretxe)
Xegundo eta Ruandako bizilagun batlaguntzei esker eraiki den putzu baten aurrean.  (Xegundo Aizpuru)
Makibar Berrin; hor egoten da etortzen denean.  (Ihintza Agirretxe)

Oporretan izan da Xegundo Aizpuru apaiz eta misiolaria herrian. Ilbeltzean 40 urte beteko dira bere maletak egin, kotxe zahar bat erosi Hendaian eta Ruandara abiatu zenetik; 1966a zen orduan. Aizpuru hitz egiten hasten denean, ordea, ez dirudi 40 urte pasatu direnik; lehen egun hartatik gaur arteko guztiak atzo gertatuak balira bezala ditu gordeak memorian. Gaur egun, herrialde hartan dagoen euskal apaiz bakarra da urrestildarra.

Nolatan joan zinen Ruandara?

Misioetara joateko asmoa seminarioan nengoenetik nuen. Hego Ameriketara joateko asmoa neukan, han Urrestillako beste apaiz bat zegoelako. Apaiz hark ikasketak ordaindu zizkidan, eta ikasketak bukatutakoan hara joatekotan nintzen. Hura erlijiosoa zen, eta apaiz egin nintzenean esan zidan hobe nuela apaiz segitzea. Izan ere, hura orduan Hego Ameriketan zela baina, agian, laster Afrikara bidaliko zutela esan zidan. Apaiz egin eta bost urte pasatu nituen Mutrikun, Saturraranen seminario txikiko irakasle. Saturraranen banituen apaiz lagun batzuk eta haietako batzuk Afrikara joan ziren. Leonardo Esnaola, Patxi Garmendia eta Isidro Uzkudun lagunak ere joanak ziren. Eta azkenean ni ere bai.

Asko kostatu al zitzaizun hara joateko erabaki hartzea?

Ez, kanpora irteteko erabakia aspaldi hartua nuen. Ruandan, Angolan, Kongon... nituen lagunak, eta hango berri ere banuen.

Nola gogoratzen dituzu hasierako egun haiek?

Hara heldu eta lehen egunetan lagunen etxeetan ibili nintzen. Lehen egunean Isidro Uzkudun zegoen parrokira eraman ninduten. Gero neure etxera, eta horrelaxe hasi zen Ruandako nire egonaldia. Hasierako egunetan kinyaruanda, bertako hizkuntza, ikasten hasi nintzen, beharrezkoa baita beraien hizkuntza ikastea. Han Aita Zuriek hizkuntza ikasteko eskola modukoa zuten eta bertan egon nintzen. Gure irakaslea gaixotu egin zen, eta orduan bi aukera eman zizkiguten: gure misioetakoekin bizitzera joan edo bertako apaizekin bizitzen jarri. Nik bigarrena aukeratu nuen. Bi-hiru hilabete bertako apaizekin bizi izan nintzen. Gero gu lanean geunden lekuan behar nindutela-eta hara joan behar izan nuen.

Nolakoa zen orain 40 urte Ruanda?

Hasieran han bizitzea erraza zen. Orain, zortzi milioi biztanle bizi dira, baina lehen bi milioi eta erdi-edo. Ni joan nintzenean independentziako gerra bukatuta zegoen, eta bake garaia zen. Hala ere, gerra garaian alde egin behar izan zuten tutsi etniakoek eraso batzuk egiten zituzten. Ni nengoen parrokitik oso gertu ere egin zuten eraso bat, baina segituan bukatu zen. Gainera, jendea ohituta zegoen ni joan nintzenerako apaiz zuriekin bizitzen, eta oso erraza izan zen.

Zertara joan zinen? Zein da zure lana han?

Aurreneko eskolak kolono alemanek eta ondoren belgikarren ireki zituzten. Katolikoek euren eskolak dituzte, baita protestanteek ere... Gu eskola horiek zuzentzera joan ginen. Maisuak aukeratu, zuzendariak aukeratu, eskolak egin, koadernoak ekarri... hori da, besteak beste, gure zereginetako bat. Eskoletan ez dut inoiz ezer erakutsi, baina eskolak antolatzen ibili izan naiz eta gaur egun ere horretan nabil. Gure parrokian bederatzi talde ditugu eta, beraz, bederatzi zuzendari. Ia sei mila ume dauzkagu primarian; bederatzi taldetan katolikoak eta zazpi taldetan protestanteak. Protestantean ere bisitatzen ditugu. Han etxetik gertuen dagoen eskolara bidaltzen baita umea.

Nolakoa da zu bizi zaren ingurua?

Gure parrokia Kayenzi da. Nik urte gehienak han pasatu ditut. Beste parroki batzuetan ere izan naiz, baina denborarik gehiena han pasatu dut. 1.800 metrora bizi gara. Han malaria asko izaten da eta mendi puntetan gutxiago izaten denez, jende gehiena altuera handietan bizi da, erreka ondoetan izaten baita arrisku handiena.

Auzolana garrantzitsua da, ezta?

Han oso behartsuak dira, eta askotan dirua eskatu beharrean auzolana eskatu beharrean aurkitzen gara. Umeko ehun franko eman behar izaten dira ebaluaketa bakoitzeko, eta gurasoek dirurik ez dutenez izaten askotan, auzolana egin behar. Milaka kilometro mendi bide egin dira aitzurra hartu eta auzolanean.

Horrela ordaintzen al dute ikasleek eskola?

Bekak ere ematen dizkiegu. Azterketetan ehun puntutik 60 ateratzea eskatzen diegu. Ikasten segitzeko, guk hango Karitasek zuen metodo bat erabiltzen dugu: ikasten ari diren bitartean dirua aurreratzen diegu, eta gero beraiek lanean hasten direnean diru hori poliki-poliki bueltatu egin behar izaten dute.

Gaur egun Afrikan dagoen arazorik larriena HIESa da. Ruandan ere bai?

Bai, arazo larria da. Orain HIES dutenei laguntzeko proiektu bat jarri dugu martxan. Gu hiriburutik 45 kilometrora bizi gara, eta gure gizon askok, igeltsero izateko ikasi dute. Gu bizi garen lekuan ez dagoenez lanik, hiriburura joaten dira. Hiriburuan, ezkonduek ez dakite ezkon-bizitza zuzen ematen; mutil eta neska gazteak hor ibiltzen dira euren gorputz eta arima zikintzen... eta etxera etorri eta andreak zikintzen dituzte. HIESarekin kutsatutako asko izan da gure parrokian. Orain bilera egiten dute eta HIES duten 75 bat pertsona biltzen dira.

Ba al du irtenbiderik arazo horrek?

Ezkontzekotan diren bikoteei aurrena HIES ba al duten jakiteko froga egiteko esaten zaie, eta gero froga horren paperekin udaletxera eta parrokira joaten dira. Bi kasu gertatu zaizkigu: ezkontzera zihoazen bi bikotek frogak egin eta bietako batek HIES zuelako bertan behera gelditu dira ezkontzak.

Orduan HIES dutenak gaizki ikusiak al daude?

Bai, gaizki ikusita, eta asko baztertuta ere bai. Jendea, batzuei eskua ematen ere ez da ausartzen, eta beraiek ere konturatzen dira baztertuta daudela eta hori sufrimendu handia dute. Kanpaina handia egin dute elizak eta estatuak gaixoak direla esanez. Eta, batez ere, emakumeak asko batere kulparik gabe kutsatuak direla eta onartu behar direla esanez.

Zertan aldatu da Ruanda 40 urte hauetan?

Jende gehiegi dago Ruandan; 20 urtero biztanleria bikoiztu egiten da. Horrek eskatuta, ospitaleak, eskolak ireki dira, bide asfaltatuak ere asko egin dira. Ni joan nintzenean, hiriburura sartu ginenean kilometro batzuk baino ez zeuden asfaltatuta. Orain, berriz, hiriburu ia osoa asfaltatua dago, argindarra ere asko zabaldu da, telefono mugikorrak ere asko. Gu joan ginenean 45 kilometro egin behar izaten genituen telefono deia egiteko.

Zu Ruandan zaudenetik gerra handi bat ere bizi izan da...

1991n hasi zen gerra hori eta bost lagun geunden han, eta gelditzea erabaki genuen. Gerra lasai hasi zen eta guk ez genuen uste genozidiorik etorriko zenik. Hango buru egiten zuen apaiz batek esan zigun zer zetorren, baina guk zurrumurru bat besterik ez zela uste genuen. Hasieran lasai joan zen. Gainera, bake garaiak ere izaten ziren tarteka. Genozidioari 1994ko apirilaren 6an ekin zioten. Guk, 1975ean izan zen bezala, astebete txar bat izango zela uste genuen eta pasatuko zela. Ez zen horrela izan. 15 egun egin genituen, baina ikusi genuen genozidio gogorra zetorrela eta irten egin genuen.

Zaila izan al zen irteteko erabakia hartzea?

Irten edo ez irten erabakitzeko bozketa egin genuen; bost apaizetatik nik bakarrik bozkatu nuen han gelditzea. Gero ohartu nintzen hura zela egin beharrekoa. Kotxe batean lehenik Bujunburara, Burundiko hiriburura irten genuen, gero han hegazkina hartu eta hona etorri ginen. Minduta, penatuta. Gainera, zapatua zela uste dut irten genuen eguna, eta jaiko ebanjelioa, artzain onaren eta txarraren ebanjelioa izan zen; artzain ona bere ardiekin gelditzen dena omen da eta artzain txarra, berriz, otsoa etortzen denean alde egiten duena. Horrek ere jipoi ederra eman zigun.

Hemen ez zenuen denbora asko iraun, ordea...

Leonardo Esnaola eta biok berriro segituan bueltatu ginen. Apirilean hona etorri eta uztailean Ruandako Karitasekin lana egitera Burundira joan ginen. Gero han bi hilabete inguru egin eta zuzenean Ruandara pasatu nintzen ni. Leonardo Esnaola ordurako etxera bueltatua zegoen.

Eta zer topatu zenuen?

Bakardade izugarria, bideetan ez zebilen inor. Ni hango beste anaia tutsi batekin joan nintzen; banekien lagun ona zela hura. Tutsiak zeuden, gainera, agintean eta seguru nindoan harekin. Hark bere ama bilatu nahi zuen, eta egundoko suertea izan genuen, berehala topatu baikenuen. Gero Kigalira joan ginen, eta bidean ez genuen inor topatu; oraindik jendea beldurrez zebilen. Burunditik Ruandara egin nuen bigarren edo hirugarren bueltan ohartu nintzen bakea bazegoela eta bertan gelditu nintzen.

Beldurrik pasatu inoiz?

Bai, bai. Irteteko unean, bai. Soldaduak-eta hiltzeko mozkortu egiten ziren. Bestela, ez ziren kapaz. Izan ere, auzokoak ziren elkar hiltzen ari zirenak, eta orduan hori haientzat ere zaila zen. Beraz, mozkortu eta drogatu egin behar izaten ziren. Guk 80 bat pertsona izan genituen etxean gordeta eta gure kontra ere egin nahi izan zuten. Pare bat mutil izaten genituen guardian. Irteterakoan hesi asko pasatu genituen, eta asko eta askotan mozkortuta zeuden soldaduak. Gero Burunditik bueltaka ibili nintzenean ere kontuz ibili behar izaten nuen. Gaur egun ere kontuz ibili beharra dugu, badakitelako guk dirua dugula eta horren atzetik mugitzen dira Isidro Uzkudun apaiza, nire laguna, ere hil egin zuten.

Ruandan segitzeko asmoa al duzu?

Bai, 40 urte daramazkit han eta uzten didaten bitartean behintzat, han segituko dut. Orain urte batzuk, hemengo gotzaindegik hemen gelditzeko eskaera egin zigun han geunden guztioi. Nik orduan ez nuen hemen gelditzerik nahi izan eta hara joateko baimena eskatu nuen, eta eman egin zidaten. Ordutik etortzen naizen guztietan eskatu izan han jarraitzeko baimena eta eman didate, eta nik han segitzen dut.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak