Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Abendua »  Iritzia »  Bakardadearen bila

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hau

Bakardadearen bila

Aitor Aranguren

Azkena Xoxotera igo nintzenean giro freskoa, beno hotza, egiten zuen. Lainorik ez, zerua urdin, gutxitan nabarmentzen ez diren bezala, urrutiko mendiak garbi ikusten ziren. Beti bezala arnasestuka, lagun gisa zuhaitz bat aukeratzen dut eta bere pean, lehen erreakzioan, naturaren handitasunaz eta edertasunaz betetzen naiz. Jarraian gizakiaren harrotasunak eta eraiki duen guztiaren txikitasunak barregura eragiten dit. Azkenik, mendi gailurretan ia-ia hegan zauden sentsazioagatik edo, pentsamenduak bat-batean askatzen zaizkit eta hegan hasi.

Bai. Noizean behin bakarrik egotearen beharra sentitzen dut. Ez dakit gauza bera gertatuko zaizuen baina metatutako energia eta tentsioak askatu beharra izaten dut, nola edo hala, batez ere bakardadean. Bakardadearen bila ibiltzen naiz. Atsegin dut. Eta korapilatutako indarrak askatzeko modurik egokiena, askotan joaten ez banaiz ere, mendira irtetea izaten da. Ezin dut kiroldegi barruan lau pareta artean, ez lasterka beti zirkuitu berean, ez bizikleta estatikoan, ezta igerileku batean gora eta behera ere.

Baina helburu bakarra ez da gorputzari egurra ematea eta izerditan blai, pott eginda gelditzea. Ez. Eremu zabalean, airea sentitzen, naturaren soinuak entzuten, ama lurraren parte sentitzen, askatasunaren bila ibiltzen naiz, garrasi bat botatzeko, malkoak gogoz eta lasai isurtzeko, maite ditudanak gehiago maitatzeko...

Bakardadea gogoko dut, baketzeko, hausnartzeko, baina ni joaten naiz bila. Ez da gauza bera, ordea, bakardadea zure bila etortzea eta zurrunbilotik ezin aterata egotea. Jasanezina da, pixkanaka barruak usteldu eta jaten baitizkizu. Bakardadea ate joka hasten bada, ez ireki. Abesti batek dioen moduan, esan bakardadeari gaur ez etortzeko.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak