Bat hirutara
Night Club
Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin
Gauen ilunean argi koloretsuek beti liluratu ohi dute gau-txoria. Argi guztiak itzaltzen direnean, ordea, eta lilura zorabioan bilakatzen denean, nola aurkitu orduan jarraitu beharreko bidea?
Mikel. Ikusi al duk nor datorren hortik? Gure Xalea duk eta!
Haizkurgi. Begizuloak, aurpegi zurbila, erdi zorabiatuta... Diagnosia, garbia: bart ere atxur ederra harrapatu dik.
Xabier. Ez gaitezen hasi iganderoko leloarekin! Egia duk, bai, atzo ere parrandatxo bat bota nuela, baina biharamunean ez diat horrenbesteko ajerik. Egun okerragorik ere ezagutu izan diat.
Mikel. Ongi zagok, sinesten diagu, baina atzo ere ezer ez, ezta?
Xabier. Nola ezer ez?
Haizkurgi. Neskatan zipitzik ere ez duala egiten, alajaina. Hori bai, Goenako baserrira bueltatxoren bat egin izan ez bahuen, azken orduan behintzat.
Xabier. Larrua jotzeko ordaindu beharrik ez diat nik, zuek ez bezala. Azpeitian tabernak itxi ondoren ezer ez zagok irekita, eta alkoholak ematen duen balentria itsua aprobetxatuz, Elgoibar aldera joan ninduan, alkoholemia kontrolen inongo beldurrik gabe. Han gutxienez, diskoteka bat zabalik egoten duk. Zuena, aldiz, lotsagarria duk: tabernak itxi ostean, ezer ez dagoen aitzakia merkearekin laster asko inguratzen zarete Goena aldeko 'Club'-era.
Mikel. Ez hadi harroxko jarri, txo! Aitortzen diat larunbaten batean edo bestean Goenako baserriraino iritsia naizela. Egia esan behar badiat, ez nauk ni horrelako lekuak zapaldu zale, baina hire lagun 'Panpi'-ren grina ikusita, beharko joan! Aspaldian Larrera joan ez baldin bahaiz, ezusteko ederra hartuko hukek. Izan ere, Exkerretegi itxi zutenetik, Larre duk orain herriko diskoteka berria. Hori duk jendetza biltzen dena larunbatero!
Haizkurgi. Azpeitian dagoen sexu lehortearekin, ez zaiek gaizki etorriko zenbait gazteri emakumeekin lehenengo hartueman goxoak izatea.
Xabier. Ez astakeriarik esan! Kalean bolo-bolo zebilek nola, gaurko Larre, putetxe batean baino gehiago zirko etxe batetan bilakatu den. Alde batetik, ohiko bezeroak kexu direla entzun diat, larunbat gauero Larrera joaten hasi den jende andana dela eta. Orain intimitaterik ez ditek eta, gainera, beldurrez bizi dituk, seme, iloba edo auzolagunen batekin topo egiteko arriskua ikusten dutelako. Bestalde, izututa nagok putetxeko kontu honi ematen ari zareten arinkeria ikusita. Putetxeak, denok dakizkigun zerbitzuak emateko sortuak dituk, baina hortik gaztetxe batean bihurtzeraino bazagok alde ederra.
Haizkurgi. Nik zer nahi duk ba egitea? Ordu horietan Azpeitian irekita egoten den lokal bakarra Larreko putetxea duk. Ideia hobea iruditzen al zaik, akaso, alkoholez blai eginda autoa hartzea beste nora-nora joateko?
Xabier. Horretan hirekin bat natorrek. Azpeitia bezalako herri batek nahitaez izan behar dik lokal bat irekita taberna guztiak ixten dituztenerako, festari segida emateko. Garbi zagok, ordea, putetxearen aukera ez dela soluziorik onena. Beste zerbait behar diagu, eta berehala.
Mikel. Bat-batean Durangoko kasua etortzen zaidak burura. Han ere Azpeitian bezala kaleetako gau giroa maldan behera zihoala, Kafe Antzokia irekitzearen ideia izan zitean. Ordutik aurrera Durangoko gau giroak nabarmen egin dik gora. Horretaz gain, Kafe Antzokia berandu arte zabalik egoten dela kontuan izanda, herriko gazteek autorik hartu beharrik ez ditek.
Xabier. Burutapen zoragarria Kafe Antzokiarena. Horrelako zerbait behar diagu guk ere Azpeitian. Era honetan, herriko gazteria herrian bertan geldituko hukek euskaldun giro jatorrean, putetxera eta diskoteketera bakailu bila joan beha-rrean.
Haizkurgi. Gogorra duk aitortzea baina zerbaitean bada ere hirurok ados gaudek oraingo honetan. Azpeitiak ere Kafe Antzokiari bai! Horrek ez dik esan nahi, ordea, Larreko gure txoko kuttuna itxi beharra dagoenik. Izan ere, Kafe Antzokiak orain ditugun arazo askori erantzuna ematen badie ere, sufritzen ari garen sexu lehorteak hor jarraituko dik, antzokiarekin ala gabe...
|