Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 11,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Abendua »  Iritzia »  Zuri beltzean

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Zuri beltzean

Xabier Borda

Zahartzen hasi naiz. Bai, egia da; ez naiz txantxetan ari. Ez diot burua urdintzen eta azala zimurtzen hasi zaidala. Bestelako sintomak ditu nire zahartzeak. Azaleko pigmentuak galtzea, adibidez. Nire azalaren kolorea gertuago dago grisetik, gorritik baino. Medikuak esan dit aspaldiko pelikulak ikusteagatik izan daitekeela. Baliteke.

Metropolis, Casablanca, The Great Dictator... Antigoaleko filmak, ni jaiotzerako zaharrak zirenak. Klasikoak. Baina denborak horitu ez dituenak. Beti bezain zuri, beti bezain beltz jarraitzen dute. Beti bezain eder. Ez diot nostalgiagatik.

Ederrak dira, egiazko fikzio direlako. Ez dute bizitza pantailara ekarri nahi. Ezin dute. Kolorerik gabe, errealitatea ezin da irudikatu, asmatu egin behar da. Sortu. Argi-itzalekin magia egin, ez dago beste aukerarik. Ez dira benetakoak, eta badakigu: malkoak ez dira malko, odola ez da odol. Eskenatokiak, berriz, kartoizkoak dira. Eta zer!

Casablanca-ko Rick’s Café Américan-en gaude. Mahaian bi agintari alemaniar eta polizia bat. Rick (Humphrey) eserarazi dute eurekin. "Zein da zure aberria?", galdetzen dio alemaniar batek. "Mozkortia naiz", Ricken erantzuna. Geroago, gerra irabazten ari diren usteaz, beste alemaniarrak: "Imajinatzen al gaituzu Londresera sartzen?". "Galdetu iristen zaretenean". Nork behar ditu koloreak? Nork nahi du liburu bat margotu?

Koloreak. Denborarekin, koloreak ehizatzen ikasiko da. Fikzioak errealitatearen antz handiagoa hartuko du. Gezurrak egia itxura. Hemendik aurrera, aktorearen zauritik irtengo dena, odola bera baino odolagoa izango da. Eta ohartzerako, zeluloideko suak begiak erreko dizkigu. Sua ere benetakoa baita.

Izan ere, errealitatea eta fikzioa bereizteko ahalmena galdu dugulakoan nago: ez gara film bat eta albiste bat bereizteko gai. Askotan iruditzen zait, adibidez, Irakeko gerra efektu berezi sorta bat dela. Ez dela egiatan inor hiltzen. Hau da, zuzendariak “moztu!” oihukatzean, kamerak itzaltzearekin batera hildakoak lurretik jaikitzen direla, hurrengo egunean berriro hiltzeko.

Edo, esaidazue: egun nor izutzen da, bazkal-tzen ari garen bitartean, teleberrietan botatzen ari diren azken auto-istripuaren irudiekin? Zeinek uzten du bazkaria jan gabe, kamerek mahai gainera jaso diguten hilberriak gosea kenduta? Jaten jarraitzen dugu, immunizaturik gaude. Dena da fikzio.

Hori horrela izanik, ez nau harritzen trafiko arduradunen iragarki hiper-errealistek ez bagaituzte hunkitzen. Zartako horiek ez baitira errealak, aktoreen lan paregabeak baino. Zein ederki egina dagoen iragarkia! Baina ez gara izutzen.

Begi Aurrean. Beste kontu bat da, gure muturren aurrean, tarteko kristalik gabe, gertatzen den oro. Benetako dimentsioetan bai, izutu gaitezke begietara heltzen zaizkigun imajinekin. Emakume jipoitu baten aurpegia, bizilagun atxilotu berria, gaixo baten begi hondoratuak... nahikoa izan daitezke bazkariaz paso egiteko. Horrelakoetan, izua zainetara sartzen da, gihar guztiak dardarka ipiniz. Errealitate bizi-biziak, oraindik, min egiten du.

Aurrekoan, oinez etxera nindoala, auto istripu baten lekuko izan nintzen. Zartakoa ez nuen ikusi. Baina zarata entzun, burua altxatu eta motorzale bat errepide erdian topatu nuen. Geldirik. Auto baten kontra talka egin eta lurrera erori zen. Moto hondarrei begiratuz, golpeak itzela behar zuen. Derrigor.

Berehala berreskuratu zuen konortea, eta oihuka hasi. Odola botatzen zuen ahotik. Inor baino lehenago iritsi ziren medikuak; anbulatorio ondoan izan zen istripua. Eskerrak. Larrialdietakoek anbulantziara sartu eta eraman zuten. Ni, afaldu gabe joan nintzen ohera. Lo egin gabe unibertsitatera.

Baina hemen ez da ezer gertatzen. Trafikoaren arduradunek euren iragarkiekin jarraituko dute, eta guk azeleragailuari sakatuko diogu. Telebista barruaren eta kanpokoaren artean amildegi bat baitago. Eta amildegi horretara erortzen dira motozaleak, gidari gazteak eta enparauak.

Mutila onik atera omen zen, hezurren bat baino ez hautsita. Gaitzerdi.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak