Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 12,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Abendua »  Iritzia »  Ipurdi bistan

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Ipurdi bistan

Koldo Aldalur

Nire belaunaldikoak dena hankaz gora jartzeko jaio ginen: unerik eta garairik aproposenean. Tunel beltzetik irten eta askatasunez beteriko etokizuna genuen aurrrean. Gazte joan ginen Miarritzera Emmanuel ikustera. Lizasoren komunitatean bizi zen jendea, eta Azpeitiko baserrietan aske bizitzeko nahia azaldu zen. Bailara itxia, fraide eta monjen eraginaren hautsak harrotzeko unea zen, eta indartsu ekin genion. Gaur, bizitzako trenak hainbat geltoki ezagutu dituenean, amets haiek non diren ikusteko garaia da. Hori bai, bigarren edo hirugarren pertsonan kontatua; disimuloan. Esan beharrik ez dago sexua zela iraultzaren ardatz.

Hondartzan. Badoa munduko hondartza ederrenean, Zumaiako herrikoan, iraultzaile ohia bainujantziari eusten dion lokarria konpontzea ahaztu zaiola akordatu gabe eta olatu handiak direla aurkari. Goxo-goxo uretan sartzea ez denez ausartenena, jo du saltoa eta irtetean ohartu da uraren indarrak bainujantzia eraman diola. Hasi da topatu nahian baina marea bera baino azkarragoa izan da, akabo. En pelotas. Urrun ikusten ditu emaztea eta lagunak, eta eskuak luzatuta etortzeko eskatzen die, baina kasurik ez. Alboko neskari laguntza eskatzea otu zaio, baina ez da ausartu. Baina hartu du erabakia: zirt edo zart, toailara doa. Belaunak uretan bistatu zaizkionean konturatu da Itzurun guztia begira duela. Eskuak potroetan jarri eta matrailak gorrituta jabetu da toailarako bidea ez dela erraza izango. Irribarreak, deskojonoak... Galdera da: lotsatuta bazegoen, zergatik ez zuen aurpegia estali? Azkenean azpialdea denok antzekoa dugu eta aurpegia da bereizten gaituena!

Etxean. Hor aritu dira ikastolako bileran maitasuna gora eta maitasuna behera. Sexualitatea nola erakutsi, eta munduko liberalenak direla ohartuta oheratu dira. Hurrengo egunean siestako garaian biak ados. Egurra. Nobiotan kotxea baino beroago. Urrutira telediarioa ematen ari den albiste ilunei aurka egiten ariko balira bezala elkarri duten dena emanez. Orduan tinbretik deia; ireki bisitara gatoz eta! Hango presa. Kulero eta gantzontziloak mising, alkandorari mangak ezin zuzendu, galtzerdiak ohe azpitik atera ezin, ileak tximistak jo izan balitu bezala...; kaosa, eta lagunak etxeko atean.

"Ez, hau oraintxe jaitsi da ganbaratik, eta ni oraintxe nintzen dutxara sartzekoa...". Lagunak berehala jabetu dira unerik txarrenean heldu direla, baina hauek ere trantzea erdi gezurretan pasatzea nahiago dute. Beno, gutxienez ez dira konturatu presaren presarekin kamiseta atzekoz aurrera jantzi dudala! Galdera: ez al litzateke politagoa maitasuna egiten ari ginela baina trankil, orain hasitakoak geroxeago ere mereziko du bukaera eder bat.

Telebista aurrean. Etorri da alaba kaletik larunbat gauean eta ate hotsa entzun orduko gurasoek film erotikoa kendu eta saguzatarren elikadurari buruzko erreportaje aspergarria jarri dute. "Gabon, zer moduz? Hotz?". Nerabeak mandoaren erregina dela jakinik, eman dio eman behar ez zion botoiari eta justu goitik eta behetik ari zirela, hirurak ari begira. Amak: "Ken ezazu hori. Jainkoaren izenean!". Aitak: "Beno, ohera noa, bihar Xoxotera joateko asmoa dut eta". Alabak: "Uste dut hiruhilabeteko honetan dozena bat kate ditudala".

Oraingoan ez dago galderarik, erantzunik ez dakidalako. Denak gustura. Alaba, batik bat. Une hoberik ez zuen topatuko suspentsoak zetozela esateko. Bazekien urte asko lehenago ausart izandako haiek egunerokotasunean ustelduak zirela. Ja-da ez direla gai ametsak izan zituztela onartzeko.

Eta beste mila egoera. Politena, agian, herritik urrun, Sor Rosak baino bekatu gutxiago dutenekin hondartzaren batean topo egitean. Besoak gurutzaturik herrian inork ikusi ez dituen titiak ezkutatu ezinean. Baina azken hauek horrelakoak dira eta kito. Arazoa belaunaldiko iraultzaileoi gertatutakoa da. Dena hankaz gora jartzekoak ginen eta kontraesanetan zintzilikaturik gelditu gara. Ipurdi bistan.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak