Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 4,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Abendua »  Iritzia »  Ruiz Medra

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Burutik beherakoa

Ruiz Medra

Jose Luis Otamendi

Aldamioak, argi indarrak, errepideko zein sutegiko zenbait lanek toreroak baino arrisku handiagoak ditu gaur. Peligro handiko langintzek, gizarte mailak eta jatorria garbi bereizten dituzte. Indarkeria sozialak, gutxitan nahasten dira: generokoa denean emakumea jo ohi du bete-betean; lanekoak, berriz, babes aldetik flakoen dagoenari erasaten dio: etorkina, gaztea, txiroa... Aurten dagoeneko laurogeita hamar hil dira.

Baten batek egingo du: Accidente laboral, terrorismo patronal harekin al hator orain? Ezbeharra indarkeriarekin nahastu? Aldea egongo duk ba? Noski. Baina indarkeria pasatu antzean joan litekeen bezala istripua motz geratzen da. Istripuen ijito-zaku interesatua erosoegia da dena bertan sartzeko. Eta istripuek akuilu gehiegi dituzte istripu soil bezala onartzeko.

Confebask-ek, esate batera, lan kontratuetan malgutasun handiagoa eskatzen zuen berriki, eta urrira bitartean Hego Euskal Herrian sinatu diren kontratuen %92 pasa probisionalak izan dira. Bat eta bera ez izan arren, ahaideko dira prekarietatea eta heriotza. Badago ez istripu eta ez indarkeri hitzak doi adierazi ezin duten eremu lauso eta ilun bat. Hortxe galtzen dira langileak, zaurituta edo hilik. Hitz zehatz horren faltan nabil, ezeztatuta bezala. Hala, arrazoi hoberik ezean, memorian aterpetzen naiz. Aurten Azpeitian zendu zen Euskal Herrian estreina hil zen langilea. Ez zaigu gogotik kendu. Jose Cruz Ruiz Medra zeritzan.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak