"Gurearen ondoren ezkontza asko etorriko dira"
Miren Garate
|
|
Enparanen.
Enparan Dorretxean ezkondu ziren, urriaren 28an, Amaia Garmendia -ezkerrekoa- eta Eba Ituren. Biak, Enparan kanpoan, egun batzuk lehenago.
(Ainitze Oruesagasti)
|
|
|
|
(Ainitze Oruesagasti)
|
|
Urriaren 28an ezkondu ziren Amaia Garmendia azpeitiarra eta Eba Iturain zarauztarra; Azpeitian ezkondu den lehen emakume bikotea izan da. Egin egunkariko kontaktuen atalean hasi zen bien harremana, eta “zailtasun batzuk” igaro badituzte ere, bukaera zoriontsua izango dute. Ezkontzak "sinesgarritasuna eta eskubide batzuk izateko aukera" eskainiko dio bikoteari; hala ere, euren arteko harremana ez da batere aldatuko. Bidea irekitzea egokitu zaie eta pozik daude, etorkizunean homosexualen arteko ezkontza asko izan eta egoera normaltasunera iritsiko den itxaropenarekin. Uztarriak ezkonaurreko egunetan harrapatu ditu biak, azken prestaketak egiten.
Azkenean, ezkontzeko aukera izan duzue. Luzaroan egon al zarete egunaren zain?
Amaia Garmendia. Legea indarrean jarri eta, egia esan, pixka bat egonkortu arte egon gara zain, eta azkenean urriaren 28an ezkonduko gara.
Zer esan du zuentzat ezkontzak? Harremanari aldaketa asko ekarriko al dizkio?
Amaia. Ezkontzari esker, legeak ematen dituen aukera batzuk geureganatu ahal izango ditugu, baina gainontzean gure arteko harremana ez da aldatuko.
Eba Iturain. Ezkondu ondoren eskubide batzuk gehiago izango ditugu, eta horixe izango da aldaketa bakarra. Ni, orain arte bezala, Azpeitira asteburuetan soilik etorriko naiz. Izan ere, amak 81 urte ditu eta Zarautzen bizi da. Nahiz eta ezkondu, hori ez da aldatuko eta berdin jarraituko dugu.
Espainiako Diputatuen Kongresuak ekainaren 30ean onartu zuen legea eta uztailaren 4an jarri zen indarrean. Zuek noiz erabaki zenuten ezkontzea?
Amaia. Bost urte eta bederatzi hilabete daramatzagu elkarrekin. Legea indarrean sartu aurretik ere bagenuen ezkontzeko as- moa, baina onartu zenean hasi ginen hobeto informatzen. Udaletxera joan ginen, zer egin behar genuen galdetzera, eta esan ziguten egun hartan bertan ezkondu behar zuela Azpeitian lehen bikote homosexualak. Gainera, geure lagunak dira biak, eta azaldu digute egin beharrekoa.
Orain gutxi, ordea, PPk helegitea aurkeztu dio legeari, "betiko familia eredua" indartu nahi dutela arrazoituz. Zer iruditzen?
Amaia. Ez dugu uste ezer lortuko dutenik. Zein da ba betiko familia: gizonek eta emakumeek osatzen dutena soilik? Eta nork erabaki behar du familia ‘normala’ nolakoa den?
Eba. Nik uste dut guk ere familia osatzen dugula, ez garela besteak baino gutxiago.
**Ińigo Lamarka EAEko Arartekoak esan du orain gutxi: "Uste dut oraindik ezjakintasun eta aurreiritzi asko dagoela homosexualitatearen, lesbianen eta gayei buruz". Konforme al zaudete iritzi horrekin?**
Amaia. Bai, guztiz konforme nago. Jende gazteak gero eta gehiago daki homosexualitatearen inguruan, baina jende edadetuagoen artean ezjakintasun handia dago oraindik ere.
Zaila al da Azpeitia bezalako herri batean homosexuala izatea?
Amaia. Bai, zaila da. Hala ere, gaur egun gauzak samurragoak dira bikote homosexualentzat. Nik aurrez ere izan ditut bikotekideak, horietako batzuk gizonezkoak. Hemezortzi urte nituenean Eibarrera joan nintzen taberna batean lan egitera, eta zortzi urtean ibili nintzen hango mutil batekin. Harremana utzi genuenean, neska bat ezagutu nuen eta haren bidez ezagutu nuen mundu hau pixka bat. Geroztik beste neskalagun batzuk ere izan ditut, Bermeoko neska batekin, esaterako, sei urtean ibili nintzen. Hasiera haietan gehiago kezkatzen nintzen, orain askoz lasaiago ibiltzen naiz.
Nola hartu du zuen arteko harremana inguruko jendeak?
Amaia. Era guztietako iritziak daude, baina inork ez digu ezer txarrik esan.
Eba. Denak pozik daude. Ikus-mina behintzat, sortu du. Jende askok galdetu digu ea ezkontzara etor daitezkeen, eta guk baietz erantzun diegu guztiei. Guztira ehun lagun inguru bilduko gara.
Eta zer iritzi du familiak ezkontzari buruz?
Eba. Nire amak aste osoa pasatu zuen lorik egin ezinda, amabitxi izateko eskatu nionean. Orain, ordea, oso pozik dago, eta nahiz eta zaharra izan, onartzen du gure artekoa. Ezkontzako eraztunak ere berak erosi dizkigu, eta aurrerantzean alaba bat gehiago izango duela esaten du.
Amaia. Nik ahizpa monja bat dut eta nire anaia bikia apaiza da. Ahizpari ezkontzaren zera kontatu nionean, sekulako kolpea hartu zuen; bazekien zerbait, baina ez zuen espero hain urrutira iritsiko ginenik. Hala ere, gutun bat idatzi zidan zorionak emanez eta oso ongi iruditzen zaiola esanez, baina konbentuan ezer ez esateko eskatu zidan. Kezkatuta dago beste monjek esango dutenaz; berak onartzen du baina besteek pentsatuko dutenak kezkatzen du. Anaia tradizionalagoa da, baina ez du gaizki ikusten. Beste anaia-arrebek oso ongi hartu dute berria.
Nolakoa izan da zuen arteko harremana?
Amaia. Egin-eko harreman atalari esker ezagutu genuen elkar. Ebak bikote bila zebilela idatzi zuen eta nik deitu egin nion. 2000. urteko San Sebastian bezperarako egin genuen hitzordua, Orkatz tabernan. Egun hartan ezagutu ginen, eta ordutik elkarrekin gabiltza.
Eba. Ni inoiz Azpeitira etorri gabea nintzen eta jendeari galdezka aritu behar izan nuen Orkatz aurkitzeko. Sartu bezain laster jakin nuen nor zen Amaia. Gau bat pasatzera etorri nintzen eta astebete pasatu nuen. Orain, berriz, Zarautz eta Azpeitia artean bizi naiz.
Harremanen atalak bete-betean funtzionatu du, beraz, zuen kasuan.
Amaia. Hala da, bai. Gainera, biok zaletasun berberak ditugu: musika, animaliak, biok gara zezenketen aurkakoak eta abar. Ezinezkoa zen hobeto irtetea.
Eta ezkontza nolakoa izango da?
Amaia. Enparan Dorretxean ezkonduko gara, 19:30en. Ondoren, afari bat egingo dugu, eta musika talde bat ere izango da.
Eba. Eztei-bidaia ere egingo dugu; viaje de novias, alegia. Bartzelonara joateko asmoa dugu.
Azpeitian ezkondu den lehen emakume bikotea zarete. Berezia izan al da hori zuentzat?
Eba. Bai, berezia da. Beti ireki behar izaten du norbaitek bidea, eta oraingoan guri tokatu zaigu.
Zuen ondoren herrian beste asko ezkontza homosexual asko etorriko direla uste?
Amaia. Bai, gurearen ondoren ezkontza asko etorriko dira; hala gustatuko litzaidake behinik behin. Ea normaltasun batera iristen garen.
|