Eta bestea
Pobrezia
Kepa Susperregi
Esku artean ditut Zero Pobrezia Kanpaina dela-eta jasotako dokumentua, eta azken aste hauetan gertaturiko hainbat hondamendi eta zoritxarren ondoren, Gipuzkoako Caritasek azken egun hauetan luzatu digun gutun irekia. Beste hainbat gauzen artean honela dio:
“Tsunamiaren ondoren, beste hainbat hondamendi eta zoritxar izan ditugu: Katrina urakana; Niger eta Sahara azpiko beste herrialde batzuetako goseteak; Stan urakana Ertamerikan, duela gutxi; eta Pakistan eta Indiako lurrikara aurreko larunbatean... Egoera horiek pobreen bizkar gainean eragiten dute nagusiki; halaxe erakusten du oso hurbil dugun fenomeno batek: nazioarteko migrazio fenomenoak”.
Egoera honen aurrean, pobreen eskasia arintzeko jarduera eraginkorra eskatzen die Caritasek gobernuei eta nazioarteko erakundeei, bai eta “ez migratzeko eskubidea” defenditzea ere; hau da, jatorrizko herrialdeetan bizimodu duin baterako baldintzak izatea. Behartutako migrazio injustizia instituzionalizatuaren adierazpena da.
Pobreziaren kontra borrokatzeko deialdi bateratua egitean, mundu honetan “pobrezia eta desberdintasuna nozitu behar izatea justifika ezina da”, adierazten dute Zero Pobrezia Kanpainaren koordinakundekoek. Pobreziaren berri ematen duten hainbat datu azaldu ondoren, beste batzuen artean eskakizun hauek ere luzatzen dituzte: laguntza ofizial gehiago eta hobea bideratzea garapenerako: % 0,7ko konpromisora heldu arte; kanpo zorraren arazoari bidezko konponbidea, behin betikoa, bilatzea; nazioarteko merkataritzan bidezko arauak aplikatzea, herrialde pobreenek ere parte izan dezaten.
Mezu itxapentsu batekin bukatzen dute: “Asiako tsunamia aurreikusi balitz ere, ezin zen saihestu; pobrezia, ordea, desagerraraz dezakegu”.
|