|
|
|
Hau
Txapelketa
Jokin Uranga
Iritsi da lau urtez behin edozein bertsozaletzen duen ikuskizuna: aurten, gainera, erdalguneak erakartzeko ere ahalegin berezia egin dugu, bejondeigula! Erakargarria da txapelketa, bai barrutik bai kanpotik, lehia beti izan baita atsegina gurean. Aldi berean gogorra da, ordea. Niri hala ari zait egiten, behintzat; asko nekatzen ari naiz, urduritasuna, burua ia beste ezertan ez edukitzea... eta gogorrena, agian, guztia zenbateraino den injustua pentsatzea egiten zait.
Finalaurrekoetara igarotzea lortu dut eta, nola ez, gustura nago, baina horretarako lagun asko utzi behar izan dut atzean. Gehienak lagun onak, eta lagun-mina ere bai bakarren bat, eta horrek min ematen dit, ez baita Realak Real Madrili Santiago Bernabeun partida bat irabaztea bezala gurea, guk beti etxean jolasten dugu eta taldekideen, kantulagunen aurka. Baina egia da parte hartzerako badakigula honek nola funtzionatzen duen, eta hortik aurrera datorrenari hortzak estutuz heltzea beste erremediorik ez daukagu. Bixente Gorostidiren agur batek laburbiltzen du hori ezin hobeto: "Hona derrigorrean ez da etortzen inor / beraz, erruki izpirik ez zaigu guri zor".
Errukirik ez zor izateak ez du esan nahi, ordea, laguntzarik behar ez dugunik, eta ni hortik ezin naiz kexatu. Nire barruan zalantzak sortzen zaizkidanean hor daude beti lagunak, saioetara autobusez joaten dira, oihu egiten dute, txalo egiten dute eta txispatu egiten dira, behar den bezala, eta saioetan giro ezinhobea aportatzen dute. Dudarik gabe, hemendik aurrera egiten dudan guztia haientzat izango da, eta, nola ez, etortzerik ez daukatenentzat ere bai: Xegu, Iker, Txapi, Maider, Jabi eta abarrentzat. Ea eskaintzeko moduko zerbait egiten dudan. Aldez aurretik, mila esker.
|