Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 21,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Azaroa »  01 »  Ez da nahikoa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Ez da nahikoa

Koldo Aldalur

Lokatzetan sartzear naizenez, etorriak lanean harrapa nazala. Euskalduna izatea eta euskaraz aritzea ez da, nire ustez, une honetan, nahikoa. Meritua ez dakit, baina ez da nahikoa. Beno, euskaldun berri eta euskaldungaien ekina/ahalegina... bai, hori agian izango da meritua.

Gure hizkuntzak bizi duen menpekotasun egoera kontuan izanda, egunero eraso artean iraun beharra edo gehienon kontzientzia eza ez dira aitzakia nahikoa, edozer onartzeko. Edozein antzezlanetan, iritzi artikulutan, programatan, irratian edo telebistan, egunkarian edo literatura lan mota ezberdinetan, euskara bada protagonista, balekoa dela iruditzen zaigu. Txukun samar egon dadila formari dagokionez, eta konforme izango gara guztiok. Meritu ukaezina balitz bezala geure hizkuntzan aritzea.

Agian, pausoz pauso egin beharreko bide neketsua da egin beharrekoa, baina beldur naiz ez ote garen konformitatearen altzoan kulunkatzen ari aspalditxoan.

Adibideak mila. Esate baterako, garai bateko Espainiako film sasi-erotiko negargarri haietako bat euskaratuko balute, balekotzat joko al genuke euskaraz eskaini digutelako bakarrik? Ikustea mereziko al zuen? Eta horrelako ugari dabil gure artean aspalditxoan. Herri aldizkari xumeenean ere aski al da idatzitakoaren ‘axalari’ bakarrik begiratzea, ala mamia da bilatu behar duguna? Autokritika apur bat egitea ere ez litzaiguke gaizki etorriko. Beste hizkuntzetara jo beharra izango al dute gure ondorengo belaunaldietakoek taxuzko zerbait irakurri, ikusi edo entzun nahi badute? Euskal antzerkia egiteko nahikoa al da pare bat baserritar, apaiza, medikua, mutil-zaharra eta emagaldu bat –puta, barkatu– umorearen eltzean sartu eta eragiteko? Euskal komunikabideetan beste gairik ez al dago gaixotasunak, errezetak, eskelak eta trikitiaz aparte?

Egoera normalizatu batean, euskaraz, gazteleraz, frantsesez, ingelesez... edo beste edozein hizkuntzatan izan, gaiak erakarri egin beharko gintuzke, zein hizkuntzatan den ahanztarazi arte. Egoera normalizatuan ez gaudela behin eta berriz errepikatzea, ordea, ez da min guztietatik aterako gaituen sendagaia izango, ezta gutxiagorik ere. Gaixoari begira jarri eta “gizagaixoa” behin eta berriz errepikatuz aritzea, mugimendu eza ahalbideratzen duen zuriketa besterik ez da. Kalitateak apika-apika lagunduko dio sendatzen gorputz mailatuari, baina horretarako igurtziak denon artean eman beharko dizkiogu. Hitz egiten dakienak hitz eginez, eta ez dakienak ikasiz, alfabetatu gabeak bere ezintasunaz ohartu eta bere neurrian aurrera egiten saiatuz, eta bere kasara ahalegina egiten duen horrek horretantxe segituz, hizkuntza lantzeko gazteegirik edo zaharregirik ez dela konturatuz.

Etorkizun hurbila beltz. Dena den, beltz dago etorkizun hurbileko zerua. Erosoegi bizi gara iraultzetan sinesteko, eta arlorik garrantzitsuenetan gure agintariei eskatzen dizkiegun pausoak geure buruari ukatzen dizkiogu gero arlo pribatuan. Horra egiten dugun beste oker bat. Auzokoaren bultzadaren zain egoten gara geure kabuz zerbait egiten hasi aurretik. Eta, horrela, egunerokotasunak nekaturik, berdin zaigu mamiaz edo ‘axalaz’ ari diren hizketan, gaia benetan axola zaigun edo ez. Kanpoko erasoari esker esnatu arte horrela izaten gara.

Orain arteko lana. Urteak dira batzuk arazo honetaz ohartu zirela, eta lan eskerga egiten dute egunetik egunera. Finak ere badira, baina ez dute merezi duten arrakasta. Marginalak dira. Edo zuzenago esanda, marginal edo bazterrekoak bihurtu ditugu, eta audientzietan beheko zulo ilunenean itotzen ari dira. Plasta batzuk baino ez dira askorentzat. Kontzientzia lasaitzeko, harpidedun egingo gara, edo liburua erosiko dugu urteroko zitan, baina gero ez ditugu irakurriko. Zeru beltz hartan itxaropen tantak (itxaropenez betetako euri tantak) dira gure kontzientzien lehortearekin borrokan.

Norbaitek esan zuen euskalduna izatea hilerokoarekin dagoen emagalduarekin oheratzea bezala dela. Ez zuen arrazoi faltarik!

Ez da nahikoa. Meritu txikia du euskaldun arduragabea izateak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak