|
|
|
Burutik beherakoa
Hogeita hamar
Jose Luis Otamendi
Urteak dira. Azaroak hogei egun zituen. Berrogei urtetik beherako gutxik izango dituzte flash batzuk besterik gogoan. Gu nerabezarotik hanka bat nola atera ez genekiela genbiltzan, jendarteko eta politikako kezkak erne berri. Bi hilabete eskas ziren Baena, Sanchez Bravo, Garcia Sanz, Txiki eta Otaegi hiltzea agindu zuela. Eta Nuarbe auzo genuen azpeitiarrok. Zenbat irakaspen Nuarbek!
Urteak, gero, hala joan dira, ura bezala. Eta errota horretan igo da gaurko Azpeitia. Data borobilak galdera dakar: zer hintzen eta non hago? Franco ohean hil zen, eta hori pagatzen ari da jendea oraindik. Pelikula baten antzera datozkigu irudiak, Novecento hartan bezala, batera jaiotako umeak historiak elkarrengandik zein urrun jarri gaituen erakusten. Orduan zein ez zen gorri edo/eta abertzale? Denok nahi genuen txoriak bezain libre. Franco eroritakoan konpontzekoa zen dena. Baina erori beharrean egin zen etzan, eta ondoren sortu zen tratu moduak makurtzea eskatzen zuen: konstituzioa, estatutua, NATO, merkatarien Europa... Gorri gehienei pasatu zitzaien gorni hura, abertzale asko abertxalet bihurtu da, eta hainbat eta hainbat txori, pajaro. Belaunaldi berekoak gara, adinkideak, Azpeitia berean hazi eta hezi ginen hogeitaka urtetan etxera ezinik diren Artola, Paterra, Pakea, Etxarte, eta inora mugitu gabe hemen bizi eta mejoratu garenok. Hogeita hamar urte, kinto bazkari batek beteko ez duen zuloa.
|