Gogoa izatea ez da nahikoa
Ihitza Agirretxe
Oscar Vallejo gorra da eta euskaraz hitz egiten ikasi nahi du. Irakasle baten bila dabil. Iraurgi SBren tabernan lanean jardun du, arazorik gabe
|
|
Tabernari.
Oscar Vallejo Azpeitira etorri eta Iraurgi Saski Baloi Taldeko tabernan hasi zen lanean. Aurretik ere lan eginda zegoen ostalaritzan; Euskaldunako taberna batean, hain zuzen ere. Gaur egun eraikuntzan dihardu.
(Ihintza Agirretxe)
|
|
Urtebete da Oscar Vallejo Azpeitian bizi dela. Baina denbora hori baino askoz gutxiago behar izan du konturatzeko herrian ezin dela bizi euskararik gabe.
Iraurgi SBren tabernan jardun du lanean eta askok mostradorearen bestaldean ezagutuko zuten, eta ez ziren ohartu ere egingo hura gorra denik. Oscar Vallejo ez da erabat gorra, ordea; erdi-entzulea da, eta ezpainak irakurriz ere jasotzen du informazioa. Gainera, hitz egiterakoan ere oso ahots garbia du. Belarrietako audifonoak ikusi ezean (entzuteko erabiltzen dituen aparatuak), ez zaio erraz antzematen entzumen urritasuna duenik.
Barakaldon jaio zen, orain dela 45 urte. 15 hilabete zituela meningitis pasatu zuen, eta gaixotasuna gainditzeko hartutako antibiotikoak medio, gorra gelditu zen. Ordutik aurrera ez da erraza izan Vallejoren bizitza.
Asko borrokatu da bizitzan; asko borrokatu da “hiztunen gizartean” integratzeko; eta orain euskara ikasten hasteko borrokan ari da.
“Nik betidanik izan dut euskaraz ikasteko gogoa. Baditut lehengusu euskaldunak, eta beti ikasi nahi izan dut euskaraz hitz egiten”, dio Vallejok. Bilbon bizi zen bitartean, inguruak ez omen zion “gehiegi laguntzen”.
Orain dela urtebete Azpeitira etorri zen bizitzera, eta konturatu zen euskara behar zuela bizimodurako. Orain euskara ikasteko gogoz dago: “Ni Azpeitira familia euskaldun batera etorri naiz, eta errespetuagatik bada ere, euskara ikasi behar dudala uste dut”, esaten du, ziur. Badu beste arrazoi bat ere: “Nire alaba bat ere gorra da, eta hari erakutsi nahi diot hemen euskara behar dugula eta ikasi beharra dagoela, eta nik ere ahal dudala euskaraz hitz egitea”. Bizitzan erronka asko jarri dizkio bere buruari Vallejok, eta oraingoa euskaraz ikastea da.
IRAKASLE FALTA. Hark ezin du beste pertsona batzuekin batera klase batean euskara ikasten hasi. “Niri hitzak ahoskatzen ikastea-eta kostatu egiten zait. Ezin dut entzuten duten beste pertsona batzuekin batera ikasten hasi”. Lehen ere ingeleraz ikasten saiatu zen era horretara, baina laster utzi zuen: “Ez nuen ezer ulertzen. Besteek aurrera egiten zuten eta nik berdin-berdin ezer ulertu gabe segitzen nuen. Eta, azkenean, utzi egin behar izan nion
ikasterari”.
Orain serio hartu du euskaraz ikastearen kontua, eta nola edo hala ikasteko asmoa du. “Euskaraz ikasi nahi dut, eta horretarako euskaraz irakatsiko didan norbait behar dut”, azaltzen du. Ez du asko eskatzen: “Pazientzia eta niri euskaraz erakusteko gogoa duen norbait behar dut. Oinarrizko gauzak erakutsiko dizkidan norbaiten bila nabil”, dio. “Oinarrizkoa ikasten dudanean, pixkanaka-pixkanaka eguneroko gauzekin gehiago ikasten joan beharko dut”.
|