Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Urria »  Kuartel Zaharretik Telefonicara

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

jakiteko

Kuartel Zaharretik Telefonicara

Ihintza Agirretxe

Urte bukaerarako hutsik egongo da kuartel zaharra, eta bertako taldeak lekuz aldatuko dira; gehienak Telefonica zeneko eraikinera

Telefonica zeneko eraikina. Udalak erosi zuen duela urte batzuk.   (Ihintza Agirretxe)

Kuartel zaharra behin betiko husten hastera doa. Hainbat urtean taldeen beharrei aurre egiteko erabili izan da, baina laster, urte bukaera aldera, bota egingo dute, 16 etxebizitza egingo dituztelako bertan. Bertan diren taldeak leku aldatuko dira, beraz (ikus aldameneko zerrenda).

Lehen ere hustu zuten kuartela, Guardia Zibila bertatik joan zenean, eta orduz geroztik hainbat talde izan dira. Lehenik, Arte eta Diseinuko tailerrak hartu zuen leku gehien, baina gero, gelak hutsik gelditzen joan ziren heinean, beste taldeentzat izan da tokirik. Herriko elkarte askok izan dute bertan egoitza. Antxieta Antzerki Taldea, Zine Forum, Argazki Elkartea... izan ziren aurrenetakoak eraikinean sartzen.

Udala leku bila aritu da azkenaldian, eta taldeekin bilerak izan ditu. Gehienak Telefonica zeneko eraikinera joango dira. Etxe hori Udalak erosi zuen orain dela urte batzuk. Uztarriak 2002ko azaroko aldizkarian aurreratu zuen salgai zegoela, eta Udalak erosteko asmoa zuela. Eraikin historikoa da. Telefonicak 1965etik izan zuen zentrala han, eta urteetan Gipuzkoako garrantzitsuenetakoa izan zen. Ehun langiletik gora aritu ziren bolada batez. Eraikin haren aurretik, beste etxe garrantzitsu bat egon zen han: Bikuña Etxea; 1925ean bota zuten.

BEHIN-BEHINEKOAK. Urritik urte bukaera bitartean, kuartel zaharrean dauden taldeak pixkanaka euren lokal berrira mugitzen hasiko dira. Baina bada oraindik leku finkorik ez duenik: Itsasi. “Lekua bilatzeko orduan, Itsasi Dantza Taldearekin ari gara izaten lan gehien. Izan ere, talde horrek leku asko behar du eta behar horiei aurre egiteko lokal aproposa topatzea ez da ezarra”, dio Aitor Gorrotxategi Udal Kultura eta Gazteria batzordeburuak.

Orain emandako gelak Soreasuko kulturgunea egin artekoak izango dira. 2007 aldera, Soreasuko obrak bukatzean, talde guztiak bertan bilduko dira. Kulturgune horri begira, dinamikoa eta praktikoa izatearren, Uztarria Kultur Koordinadorako talde denek proposamen bat dute. Uztarria hasi da hizketan Udalarekin.

Leku berriak

ELKARTEAK

Jose Artexe (lehengo Ogasun Zerbitzura).
- Arte eta Diseinua.
- Aitonena I.
- Txistulari taldea.

Lanbide Hastapena (‘Loiola 91’ deitzen den eraikina).
- DYA.

Perez Arregi plaza (Telefonicako eraikinera).
- Argazki Elkartea.
- Antxieta Arkeologia Elkartea.
- Erniarraitz Bertsozale Elkartea.
- ‘Urola Kostako Hitza’.
- Uztarria Kultur Koordinadora.

Beste lekuak. - Zine Klubekoak trasteak gordetzeko almazenarekin nahikoa dute, eta ez dute biltzeko lokalik izango.
- Itsasi Dantza Taldearen egoitza berriaren lekua zehaztu gabe dago oraindik.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak