Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Urria »  Joan Amenabar: "Askoz gogorragoa izan zen Ikastolaren hasiera, publifikazioa baino"

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Elkarrizketa

Joan Amenabar: "Askoz gogorragoa izan zen Ikastolaren hasiera, publifikazioa baino"

Ihintza Agirretxe

Azpeitiko ikastetxeetan garrantzitsuak izan diren pertsonak zuzendaritzako karguak uzten ari dira. 2003-2004ko ikasturte bukaeran Elias Mendinuetak Ikasberri Azpeitiko Ikastolako lehendakaritza utzi zuen (ikus Uztarriaren 54. zenbakia; “Ikastolaren auzian gogor jokatu nuen, baina eskubideen alde izan zen”). Orain, 2004-2005eko ikasturtearen bukaeran, Joan Amenabarrek Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIko zuzendari postua laga du. 18 urtean izan da kargu horretan.

Joan, Juanito... “Nire izena Juan Inazio da berez. Nire aitona zena Juanixio zen eta ni Joanito izan naiz bizitza osoan. Ikastolen mundura sartu nintzenean Jon izena ipini zidaten. Juan hori ez omen zen euskaraz jatorra eta orduan Jon deitzen zidaten. Niretzat jar zitekeen izenik aldrebesena zen hura, ez baitu euskal tradiziorik. Ingurukoentzat bizitza osoan Joanito izan naiz, eta ikastolan ere azkenaldian Joanito bezala ezagutu naute. Momentu honetan, berriz, Joan naiz, izena euskaratu dut eta. Nahiz eta Joanes edo Iban euskal tradizio handiagokoak izan, nik Joan jartzea erabaki dut”.  (Ihintza Agirretxe)
Joan Amenabar, Loiolan Ikastolak eskolak ematen zituen eraikinaren ate parean, josulagunei giltzak bueltan ematen. Handik esklabetara pasatu ziren.   (Ihintza Agirretxe)

Noiztik zabiltza ikastetxeen munduan?

Nire ibildidea beti ibili da irakaskuntzari lotuta. Ikasle garaian AEK eta unibertsitatean euskarako klaseak ematen ibili nintzen, jendea alfabetatzen eta euskalduntzen. Ikasketak bukatutakoan ere nire lehen lana euskara irakasle izan zen, Usurbilen (Gipuzkoa), eta ikastolan ere beti izan naiz euskara irakasle. Beti ibili naiz mundu horretan bueltaka.

Eta irakasle izatetik zuzendari izatera pasatu zinen.

Bizitzaren zirkustantziengatik. Ikastolako zuzendariak kargua utzi zuen eta epe motzean norbait behar zen lan horretarako. Ni garai hartan batzorde kide-edo izango nintzen eta norbaitek izan behar zuela eta, horrela suertatu zen. Garai hartan txanda sistema batez mugitzen joango ginela uste nuen, gero inguruak eta zirkustantziek segitzera bultzatzen ninduten, eta horrelaxe pasatu zaizkit 18 urteak.

Balorazioa?

Ba 18 urteak pasatu direla eta urte asko izan direla. Zahartzen ari zarela ere adierazten dute urte horiek. Zuzendaritzan horrenbeste urte pasatu baditut, ni postu horrekin identifikatu naizelako izan da. Lan askoko kargua da, eta, batik bat, ikastola erakunde handia da eta ardurak asko pisatzen du. Nik balorazio positiboa egiten dut eta ez nago damututa; garai honetan alferrikakoa ere izango litzateke damutzea.

Zuzendari lanak zer eman dizu?

Proiektu eta kargu batean sartzen zarenean, askotan ez duzu jakiten nola irten eta lanak berak eramaten zaitu. Izarraizpe, Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastolaren historian nahiko urte garrantzitsuak pasatu dira. Garai batean ikastola sendotzea eta hezkuntza etapak zabaltzea ziren erronka nagusiak, gero ikastolaren publifikazioaren inguruan sartu ginen, eta hor ere nahiko saltsa izan genuen. Azkenik, bailarako beste bi ikastetxerekin bateratzea izan da helburua. Zurrunbilo guztiak hartzen zaitu eta hor jarraitzen duzu.

Urte gogorrak pasatu al zenituen zuzendaritza postuan?

Denetik izan da. Nik uste euskal irakaskuntza munduan askoz ere gogorragoak izan zirela hasierako urteak. Alde batetik, baliabide gutxi zeudelako eta gero, ‘normalizatzen’ joan den heinean, beste gauza eta arazo batzuk sortu dira. Baina nahiz eta publifikazioaren kontuak oihartzun handiagoa atera gizartera begira, askoz ere arazo arinagoak izan ziren. Hasierako erronka, bizirautea izan zen, eta zailena.

Nola gogoratzen dituzu "publifikazio" une haiek?

Ez ginen gai izan gauzak ongi bideratzeko eta ez gara espabilatu oraindik; ez dugu ikasten. Elkartzen gintuzten gaiak eta helburuak askoz gehiago ziren, banantzen gintuztenak baino. Baina banatzen gintuzten puntu haiei heldu zitzaien eta bi proiekturen arteko enfrentamendua bilakatu zen. Gero proiektu horiek askotan pertsonalizatu egiten dira eta, karguari dagokionez, harrapatu egiten zaituzte. Alde horretatik, une haiek gogorrak baino gehiago, penagarriak edo tristeak izan ziren; behin ere gertatu behar ez zutenak eta aurrera begira gertatzea komeni ez direnak.

Herriko beste ikastetxeekin ba al duzue harremanik?

Gutxi. Iraurgi Lantzenen inguruan biltzen gara foro moduko batean eta Udalaren bitartez proiektu amankomun batzuetan biltzen gara. Zoritxarrez, ikastetxeen harremana elkarkidetzakoa baino gehiago, lehiakoa da. Urola bailaran ikastetxe gehiegi gaude dauden ikasle kopuruarentzat, eta energia gehiegi galtzen ditugu ikasleak geureganatzen.

Lehia hori onerako ere izan al daiteke?

Bai. Horrek berak gauzak ondo egitera behartzen zaitu, baina tamaina batera arte da ona lehiakortasun hori. Lehen esan bezala, duzun energia guztia lehia horretan xahutzen baduzu, onerako zein txarrerako izan daiteke.

Eta hemendik aurrera zer?

Ez dut guztiz utziko ikastolako zuzendaritza. Kalitate arduradun izango naiz urtebetean. Nire erronka pertsonala, lasaitzea da. Zuzendaritza lanak egun osoa hartzen dizu, eta orain denbora librea izan nahi dut; denbora izan aspertzeko. Gero, duela 18 urteko bizitzara bueltatu nahi dut. Orduan euskararen munduan nenbilen eta hor segituko dut. Kostatu egingo zait eta gauza asko ikasi beharko ditut, baina egin egin beharko dut, eta euskara irakasle izaten jarraituko dut.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak