Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Urria »  Zazpigarren artearen familia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Kultura

Zazpigarren artearen familia

Miren Garate

Soreasu antzokia botatzera doaz laster; antzoki zaharra bota eta kultur gune berria egitekotan dira. Unanuetarrek 30 urte daramatzate han

Langileak
Langileak.  Bego Unanuek, Joxin Unanuek, Jabier Belokik, Pilar Unanuek eta Aitor Unanuek osatzen dute Soreasuko familia.  (Ainitze Oruesagasti)
Gazteek esaten duten moduan, 'mitikoa' bihurtu zen Prudenzio Larrańaga 'Prontxio'-ren linterna. Soreasun, Aretozain egiten zuen lan, behin filma hasita zegoenean sartutako jendeari aretoan egokitzen laguntzen zion. Isilik ez zenari ere han azaltzen zitzaion argiarekin, atentzioa deituz. 1988ko maiatzaren 24an hil zen, 71 urte zituela.   (Ihintza Agirretxe)
Soreasuko altxorra
Soreasuko altxorra.  Soreasu, mende erdian zinemak eman duen aldaketaren lekuko izan da, eta horren seinale dira gordeta dauden harribitxiak; makinak, kartelak (ehunka)... Erakusketa egiteko modukoa.  (Ihintza Agirretxe)

Zaharra da Soreasuko aretoa. Besaulki gorriek ez dute Coca-Cola uzteko propio egindako zulorik. Hankak estu samar eduki behar izaten dira, akaso. Soinuaren kalitatea ez da apartekoa, agian. Baina, ororen gainetik, geure zinema da Soreasu. Mende erditik gorako historian, istorio harrigarrien bidez alaitu, tristetu eta izutu ditu azpeitiarrak. Errealitatea alde batera utzi eta bi orduan, behinik behin, amets egitea ahalbidetu du asteburuz asteburu. Maiteminduen bilgune eta haurren denbora-pasa leku bilakatu da. Nolanahi ere, Soreasurekin lotura izan duen norbait egon bada, hori Unanue sendia izan da. 1951n ireki zen Soreasuko aretoa. Hasieran “parrokiala” bezala ezagutzen zen, parrokiaren ardurapean baitzegoen. Unanuetarrek, aldiz, 30 urte daramatzate bertan lanean. Hasieran gurasoak hasi ziren lanean eta ondoren seme-alabek hartu dute lekukoa.

1- Zinemaren bilakaeraren lekuko. Zinema asko aldatu da 1895etik, Lumiere anaiek, Parisen, lehen pelikula proiektatu zutenetik. Eta Soreasuk aldaketa horietako batzuk gertu-gertutik bizi izan ditu. Teknologiari dagokionez, esaterako, berrikuntza ugari izan da eta horrek abantaila ugari ekarri die. “Lehengo makinekin ohikoa izaten zen zatiak moztea. Horrek sekulako iskanbila eragiten zuen ikusleen artean. Orain, aldiz, tresna modernoagoak ditugu eta askoz erosoagoa da, dena berak egiten duelako. Gu ondoan egoten gara badaezpada ere, baina normalean ez da arazorik izaten”. Gaiak ere asko aldatu dira. “Lehen parrokiaren ardurapean zegoen zinema eta horrek eragin handia zuen gaietan. Film berde samarrak eskaintzen genituela-eta kritika ugari jasotzen zuen erretoreak, baina hark ez zigun inoiz ezer esan”. Hizkuntzari dagokionez ere, euskarazko filmeen etorreraren lekuko izan dira, nahiz eta mota horretako pelikula gutxi eskaini duten. “Euskaraz eman genuen lehen pelikula Amalur izan zen. Segoviako Ihesa, Tasio eta Mikelen heriotza izan dira arrakasta izan duten beste batzuk. Hala ere, gutxi landu da euskal zinema eta haurrei zuzendutakoak izaten dira euskarazko gehienak”, azaldu dute Pilarrek eta Begok.

2- Pasadizo eta sustoak. Hainbat urtean pasadizo eta zelebrekeria ugariren lekuko izan da Soreasu. “Horma hauek hitz egingo balute...”, diote. Suarekin, esaterako, pare bat ezusteko izan dituzte. “Behin, zine forum bat amaitzear zela, konturatu nintzen makina izugarri berotzen ari zela. Bukaerako letrak agertu bezain laster, makinak su hartu zuen. Su-itzalgailua gertu zegoen eta zorionez segituan itzali nuen. Gainera, letrak hasten direnean, jendeak alde egiten du eta orduan ere halaxe izan zen. Inor ez zen konturatu gertatutakoaz”. Beste behin ere suak estuasunean jarri zituzten: “Igandea zen eta hiru neskatila azken aurreko ilaran zebiltzan jolasean, geu ere han inguruan genbiltzan. Halako batean besaulkietako bat sutan ikusi genuen. Antza, bengalaren bat zuten eta piztu egin zuten. Korrika batean joan ginen gora su-itzalgailuaren bila eta itzuli ginenerako hiru besaulki kiskalita zeuden. Ez bagina konturatu izan, bost-hamar minutuan guztia erreko zen”. Espero gabeko gonbidatuak ere sarri izan dituzte; esaterako, leihoa ixtea ahaztu eta behin baino gehiagotan sartu da sagusatorren bat.

3- Bakean dagoena ezin bakean utzi. Ostegunak egun seinalatuak izaten ziren bikote gazteentzat. Azken ilaran, aretoko iluntasunaren xarmaz baliatuz, goxo-goxo egoten ziren, filma ikusten nahiz elkarri xirriak egiten. Baina halakoetan adi egoten zen Prudenzio Larrańaga Prontxio. Soreasuko aretozaina zen eta jendeari non eseri esateaz arduratzen zen. Gainerakoan, plazako iragarpen kartela jartzea izaten zen haren egitekoetako bat. “Jendeak, plazarako bidean, adarra jotzen zion, eta noiz edo noiz labana ere atera zion norbaiti”. Ohikoa ez zen zerbait ikusi bezain laster ateratzen zuen bere linterna Prontxiok, iluntasunaren xarma zapuztuz. Bikote askok madarikatuko zuen linterna hura seguru asko. Ohitura hori ere aldatuta omen dago gaur, eta bikoteak zinemaz gozatzera soilik joaten omen dira. “Orain emakumezkoak etortzen dira gehienbat, batez ere larunbat gauean. Antza, gizonek nahiago izaten dute futbol edo pilota partidak ikusten geratzea etxean”, diote. Umeak ere askotan joaten dira, nahiz eta orain ez den egoten eurentzat propio ekarritako filmerik. “Lehen, haurren sesioa izaten zen igandero baina kendu egin genuen”. Eguraldiak ere eragin handia du zinemara joaten diren ikusleengan. “Guraso askok komentatu izan digute zinemari esker haurrek non entretenitua izaten dutela eguraldi txarra denean, eta, bestela, ez dagoela ezer umeentzat”.

4- Zinema atsegin duen herria. Unanuetarren esanetan zinemazalea da Azpeitia. Sasoi batean, astelehen, astearte, ostegun, larunbat eta igandetan ematen zituzten filmak. “Haiek bai haiek garaiak”, gogoratzen dute. Gainera, ostiraletan, bestelako ekitaldiak antolatzen zituzten; bertso saioak, musika kontzertuak... “Zer ez ote dugu ikusi guk hemen?”, galdetzen dute. Saninazioetan ere zinemak ez zuen hutsik egiten. “Egun bereziak izaten ziren festetakoak; behin ere baino jende gehiago etortzen zen eta sekulako ilarak osatzen ziren”. Eta jendearen emanari, gisa bereko erantzuna ematen saiatzen ziren. “Saninazioetan, arrakasta handiena zuten filmak ekartzen genituen”. Orain, asteburuetan ere oso zaila izaten da aretoa betetzea, eta jaietan are jende gutxiago joaten da. Hala ere, oraindik ere mugimendua sortzen du zinemak, eta Zine Kluba da horren lekuko. Talde horretan sei lagun ibiltzen dira antolaketa lanetan eta bi astean behin botatzen dute film bat. Soreasuko aretoan izaten da hori eta Soreasukoek oso harreman ona dute haiekin. “Ni —dio Jabier Belokik— Zine Klubaren sortzaileetako bat izan nintzen. Igandeetako pelikula komertzialekin zerikusik ez zuten filmak botatzeko helburuarekin ekin genion lanari”. 1976an izan zen hori eta Ya no Basta con rezar-en aurkezpenarekin hasi zuten ibilbidea. Zine Kluba zela-eta Guardia Zibilaren kuartelera ere joan behar izan zuen Beobidek. “Gai politikoak ere lantzen genituen eta Guardia Zibilak kuartelera joateko agindu zidan. Galtzetara kaka egin beharrean joan nintzen baina galdera batzuk erantzun eta bakean utzi ninduten”. Guardia zibilak ikusle finkoak izaten ziren sasoi batean. “Kuartela gertu zenez, maiz etortzen ziren; gainera, sarrera doan izaten zuten”, gogoratzen dute.

5- 'Titanic'-ekin batera hondoratuz. “Gaztetan bi aldiz joaten ginen zinemara igandetan; lehenengo Soreasura eta gero Zelaitxora. Ondoren, txorizo mutur bat jan eta etxera. Horrelakoak ziren igande arratsaldeak”, oroitzen du Joxinek; “zinemak sekulako arrakasta zuen eta aretoak erabat betetzen ziren”. Lanean hasi ostean ere, behin baino gehiagotan ikusi izan dute Soreasu leporaino beteta. “Zer izaten zen hura!”, gogoratzen du Begok; Superman, E.T., Sacco y Vanzetti... Eta, azkena Titanic. 1998an, 11 Oscar irabazi zituen film horrek 1.800 ikusle bildu zituen. Bi asteburutan eskaini behar izan zuten eta bietan bete zen aretoa. Haiexek izan ziren Soreasuren azken egun handiak. Izan ere, Titanic-ekin batera Soreasuko ikusleen zinema zaletasuna hondoratuz joan da. Hala ere, oraindik ez du hondoa jo, eta ezta joko ere. “300-350 laguneko ikusle finkoa dugu; horiek asteburuero etortzen dira”. La pelota vasca eta Mar adentro pelikulek jende asko erakarri zuten baina ez zuten aurrekoen arrakastarik lortu.

6- Merkatal gune handiak, bideoa eta Reala. Baina zer dela-eta egin du behera Soreasuko ikusle kopuruak? Unanuetarren ustez, bideoa etxeetara sartu zenean beherakada handia nabaritu zuten. “Etxe guztietan dago bideoa eta jendeak nahi duen pelikula ikus dezake, gogoa duenean. Askok nahiago izaten dute lasai-lasai etxean geratu eta bideoa ikusi”. Orain urte gutxi, beste asmakuntza batek hartu zuen indarra: telebista digitalak. “Orain Realak jokatzen dituen partida guztiak ikus daitezke telebistaz, eta horrek eragin handia izan du gugan. Igande arratsaldeko bostetan jokatzen badu, lehenengo sesiora oso jende gutxi etortzen da; aldiz, zazpiak inguruan badu partida, bi sesioetan izaten dugu jende gutxi”. Gainera, zinemara joan nahi duenak, hiriburu edota merkatal gune handietara joatea hautatzen du. Zinemak erosoagoak dira eta, gainera, arratsaldea pasatzen laguntzen dute. “Azpeitian ez da ezer egoten, eta zerbait egitearren, kanpora jotzen du jendeak”, dio Pilarrek. Zinemara joatea garestia dela-eta kexa ugari egoten da. Hala ere, Unanuetarrek ez dute uste Soreasuren kasua hori denik. “Kanpora joanez gero, autopista eta zinema sarrerak ordaindu eta jateko zerbait erosiz gero, diru asko gastatzen da. Ia-ia gutizia da zinemara joatea. Guk lau euro kobratzen dugu sarrera, eta tabernan pasatuz gero, arratsaldean hainbeste edo gehiago ere gastatzen da”.

7- Kultura, herrian behar beste lantzen ez den gaia. Unanue sendia ez dago konforme Udalak kulturaren eta, batez ere, zinemaren aurrean izan duen jarrerarekin. “Igerileku berria, futbol zelaia eta beste hainbat gauza segituan egin dituzte baina Soreasu eraberritzeak ez du lehentasunik izan”. Udalak Soreasun kultur gunea egiteko proiektua du, auditorio eta guzti, baina Unanuetarrek diote ez dakitela zer gertatuko den eurekin. “Orain urriaren 7an irekiko dugu, La Gerra de Los Mundos eskainiz; ondorengo hiru asteburuetan ere pelikularen bat eskainiko dugu, tartean Aupa Etxebeste! Azaroan Antzerki Topaketak direnez, ez da zinemarik izango. Abendutik aurrera ez dakigu zer gertatuko den” Udalak esan du urte bukaeran edo 2006 hasieran hasiko direla Soreasu botatzen, eraberritzeko.

8- Etorkizunari begira itxaropentsu. Unanue sendia etorkizunari begira itxaropentsu dago. “Areto berrira 500-600 lagun etorriko direla uste dugu. Hala ere, lehengo kopuruetara ez gara iritsiko”. Eraikina botatzeak pena ematen badie ere, beharrezkoa dela uste dute, eta ahal den azkarren egin beharrekoa. “Hau botatzean pena sentituko dut, baina berria egiteko amorratzen gaude”.

9- Agur Malkortxo. Filmak Bilbotik ekartzen dituzte. “Euskal Herriko eta Espainia iparraldeko zinema Bilbotik kudeatzen da. Fidex film etxetik ekartzen ditugu pelikulak eta kartelak”. Lan horretaz, Jesus Odriozola Malkortxo arduratzen zen. “Furgoneta hartu eta astero egiten zuen Bilbotik buelta; hamar urte inguru pasatu ditu horretan”. Urritik aurrera ere hura zen ardura hori hartzekoa, baina irailean hil zen.

DENETIK EGIN BEHAR

Zazpigarren artea bezala ezagutzen da zinema. Kasualitatez-edo Unanuetarrak ere zazpi anaia-arreba dira. Eta euren kemen eta gogoari esker biziraun du Soreasuk. Izan ere, lan lotua da zinemakoa, asteburu guztiak okupatuta izaten dituztelako; gainera, lan guztiak eurek egin behar izaten dituzte: garbiketak, konponketak eta abar. Baina borondatea eta zaletasuna bidelagun hartu eta aurrera egin dute. Herri txikietako aretoak itxi egin diren bitartean, Soreasuk aurrera jarraitu du. 1990ean euren izenean egotera pasatu zen aretoa eta halaxe iraun du 2000. urtea bitarte. Orduan Udalak erosi zuen. Hala ere, bertan segitzen du Unanue sendiak. Pilar Unanue egoten da leihatilan, Bego Unanue tabernan eta txartelak zulatzen, eta Joxin Unanue arduratzen da filma proiektatzeaz. Etorkizunean ere hala izatea gustatuko litzaieke, nahiz eta “justu” ez dakiten zer gertatuko den Soreasurekin; Udalak bertan kultur gunea egiteko proiektua du. Bego, Joxin eta Pilar anaia-arrebez gain, Jabier Beloki ere egon da Uztarriarekin. Belokik, egun, ez du Soreasun lan egiten, baina 30 urtez egon da han.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak