Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Urria »  Hitz batean: Axkiola

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hitz batean: Axkiola

Enekoitz Esnaola

Unai Lazarobaster ‘Axkiola’. 34 urte. Urte hasieran oso-oso larri egon zen; meningitis zuen. Osatu da eta orain ‘trekking’ egitera doa. Berak hartu du hitza.

Prest
Prest.  Urte latza izan du Axkiolak, baina badoa orain Nepalera, 'trekking' egitera. Prest dago. Argazkian, Axkiola baserri ingurua, Mendi txakurrarekin, Izarraitz atzean duela 

Bai, orain, urriaren 5ean, Nepalera noak, trekking egitera, lagun koadrila batekin. Ondo bukatuko diat, beraz, urtea. Ez nuelako, ez, ederki hasi. Istorioa luzea duk. Iaz, urte bukaeran, katarroarekin ibili ninduan, eta horixe, bronkitis handia zelakoan. Hasieran kasu handirik ez, baina gero pastillak-eta hartu nitian, eta zeozer errekuperatu ninduan, baina arazoekin segitzen nian. Igual, eta hau neure ustea duk, gaizki sendatzearen ondorioz egin nian txarrera. Hotzikarak askotan; lanera joan eta hotzikarak. Hotza sentitzen nian. Ohera sartzen ninduan.

Iruñean gintuan orduan lanean, eta pisu bat alokatuta geneukaan. Eta goiz batean esan niean pisukoei: ‘Aizue, ba ni hotzikerekin nagok eta jaikiko nauk afaltzera’. Halaxe, dardaraz sartu ninduan ohera eta berogailua tope jarri nian. Afaltzerako etorri ninduan neure onera, normal jan eta ondo. Ohera sartu eta atzera berogailua tope jarri nian; berotu egin behar, hotza pasatzen ari nintzelako egun haietan. Baina gauez gaizki jaiki ninduan, musualde dena kargatuta. Lehen ere pasatuta nengoan sinusitis, eta antzeman nioan zer nuen. Ostirala zuan eta lankideei esan niean ez nintzela goizez lanera joango; ‘gaizki nagok’. Lagunek goizean lana egin eta etxean bazkaldu genuenean, herrira, Azpeitira. Urtarrilaren 14a zuan.

Holaxe, iritsi arratsaldean etxera eta amari komentatu nioan: ‘Berriz ere ez nago ba ondo’. Eta amak: “Aste honetan Bilbon hil da bat meningitisarekin. Zumarragara joango gara segituan”. Nik gogorik ez hara joateko; badakik, berriro hartu behar kotxea... Baina joan egin behar. Neguan sukar bolada handia zebilean, eta horregatik-edo ez zidatean askorik begiratu medikuek, batere sakon ez. Antibiotikoak eman zizkidatean, hartu batzuk orduan, baina iritsi zapatu goiza eta igual, eta bazkaltzetik aurrera gero eta okerrago. Arratsalde aldera ja hitza galtzen, ‘bai’ esatera soilik iritsi ninduan; buruak esaten zidaan igual ‘ez’ esatea, baina nik ezin nian ‘ez’ esan, ‘bai’ besterik ez. Eta mugikortasuna ere galtzen pixkanaka-pixkanaka, ibiltzen baldar, eta etxeko eskailerak ere justu-justu jaisten nitian. Berriro Zumarragara. Esan genioan medikuari nola nengoan, hark ‘*¿pero qué quereis? ¡Si no han pasado ni 24 horas!*’. Baina ni ja nengoan...; kotxetik ospitalera neu oinez ezin joan, gurpildun aulkian jarri behar. Sakonago begiratu, medulatik likidoa atera, benetan ikusteko zer nuen, eta han ikusi zidatean gauza serioa nuela, eta zuzenean Donostiara, erresidentzira. Urtarrilaren 15a zuan.

Donostian, meningitis nuela bai, baina gaixotasun hori ere mundu bat duk eta klase asko zaudek. Hiru bat egun-edo pasatu zituan, ni han, eta ez zidatean asmatzen zer meningitis klase zen. Antibiotiko batzuk ematen zizkidatean, meningitisaren kontrako antibiotiko generalak, baina ez zitean lanik egiten nik nuen gaitz harentzako, eta nire gaixotasunak hor segitzen zian. Ni, gero eta okerrago. Mamorro edo bakteri hori bere lana egiten ari zuan buruan; jaten, jaten ari zuan. Hiru egunean oso txarrera joan ninduan, gorputzaren eskubialdea dena geratu zitzaidalako, behetik gora: hasieran hanka, gero eskua eta besoa, aurpegi aldea ere bai, pixka bat erortzen bezala.

Gauzak horrela, zirt edo zart egin behar zela ziotean medikuek; edo ireki egin behar zela burua eta garbitu, edo ez, eta ezezko kasuan, medikamendua aldatu. Ni ez ninduan larritasunaren jakitun. Zentzua banian nolabait, baina zer pasatzen ari zen-eta aztarrenik ez. Halaxe, bilera batzuk egin eta erabaki zitean medikamendua aldatzea, burua irekitzea oso-oso delikatua zelako. Urtarrilaren 18a zuan. Eta horrela azaldu eta sinplegia ematen dik, baina aldatu tratamendua eta harrezkero dena onera joan zuan, gero eta hobeto sentitzen hasi ninduan pixkanaka. Horrelaxe, bai. Egundoko aldaketa. Egia esan, medikamenduak fuerteak zituan eta hirugarren egunera buruko min handiak izan nitian; izan ere, ordurako gorputzeko gatz dena galdua nian, gatza txizatan botata neukalako, baina tira, horri ere eman ziotean konponbidea, eta aurrera.

ZIUn (UVI) denera hamabi egunez egon ninduan. Kasualitatea: neure urtebetze egunean irten nian, urtarrilaren 27an. Gero, gora, plantara. Denera hilabete eta astebete inguru egon behar izan nian erresidentzian.

Birus hura sinusitisetik sortu zitzaidaan, eta zikina begialdean geratu zuan. Saiatu zituan antibiotikoekin kentzen, baina azkenean ebakuntza txikia egin behar izan nian, arazorik gabekoa, ekain erdialdera.

Ordurako lanean hasita nengoan, maiatzean hain zuzen, gero beste hiru astez bajan egon arren. Ospitala utzi eta gero segitu nian tratamenduarekin, aldi batez, sueroa sartuz egunean bi egunez, Azpeitian, anbulatorioan, baina ondo. Pastilla klase bat ere hartu izan diat ia sei hilabetean, orduan eman zidaan tronbosi haregatik. Baina gaixotasuna,pasatuta zegoan.

Jakina, ondo sentitu eta geldirik ere ezin egon, eta pasierak, Oñatz aldera bueltak, aldapa pixka bat, mendi bueltak pixkanaka... egiten hasi ninduan, baina lanera hasi arte ez ninduan hasi bizikletan, mendian gogorrago... Gainera, gaixo egondakoan ia hamar kilo bota nitian, eta nik hamar kilo galtzea ba asko duk, normal 70 kilo naizelako.

Eta istorio luze honen ondoren, orain, urriaren 5ean, Bilbotik irten hegazkinez, Frankfurtera iritsi eta handik Katmandura, bai. Egun eta erdi pasatu han, gero egun oso bat autobusean, Giri herrira heldu eta 22 egun oinez, trekking; egunean sei ordu ibiltzen. Namche Bazar, Lobuche, Tame, Periche... herrixkak pasatuko ditiagu. Everest ere ikusiko diagu, beheko kanpamendura ailegatuko garelako. Bost mila metrotik gorako hiru tontor ere igoko ditiagu (Kala Patar, 5.545 metro; Renjo Pass, 5.340; Chola Pass, 5.330); hori bai, ez baldin badago buruko min arrarorik eta. Ez diat uste, medikuak esan didalako ondo nagoela. Azaroaren 2an iritsiko gaituk herrira. Badiat gogoa joateko, eta probatzeko”.

Hitz batean: Axkiola.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak