|
|
|
Eta beste
Diseinuzko kikara
Ainhoa Odriozola
Kurtso berrian sartuta gaude bete-betean. Trantsiziozko iraila iragan da dagoeneko. Kioskoetako hormetan mila bilduma zelebre agertzen diren garaiotan, agertzen dira gure barnean ere kurtso berrirako asmo tinkoak: ingelesari heldu, edo gimnasioari, edo hainbat aldiz utzitako liburu hari... Herriarentzat ere asmoz beteta dator kurtso hau, dirudienez: kale adokinatuak, etxe koloreztatuak, zahar egoitzan lanak, rotonda edo biribilgune gehiago (nola ez) eta Soreasu kultur areto polibalente berria.
Ez dakit, ez dakit... Proiektuaren itxura ikusita eta Azpeitiak duen Donostia-txiki bokazioarekin, iruditzen zait gure kubue izaten bukatuko duela Soreasu berri horrek. Badakizue, gaur egun ez dago kultura maiuskulaz idazteaz preziatzen den hiririk eraikin moderno eta puskatzaile gabekorik. Ez da gehiegi axola zaidan gaia, azken batean kalamatrika guztiak aparte, eraikin horrek eta bere gisakoek edukiontzi funtzioa besterik ez dute izaten. Garrantzizkoena edukia da, barnean egin eta emango den kultur dinamika , eta ni, zine zale bezala, aretoan botako dituzten pelikulen zain nago. 18 zinema areto daude Gipuzkoan (Donostiakoak aparte), eta hilabete baten buruan lauzpabost filma soilik dabiltza guztietan bueltaka, ikuslegoaren aukerak zeharo murriztuz. Asteburu batean Azpeitian dena, hurrengoan Azkoitian da, eta hurrengoan Zumaian. Nekagarria. Banatzaile berri bat bilatzea izango litzateke kontua. Niregatik behintzat, zine zirkuitu bereko filma beretsuak ekarri behar badituzte, utz dezatela Soreasu dagoen bezala. Itxuraren berrikuntzak, kultur planteamenduen berrikuntzekin bat etorri beharko luke, bestela diseinuzko kikara liluragarrian kafe txepela hartzen topatuko dugu geure burua.
|