Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Urria »  Iritzia »  Hamelingo flauta jotzailea

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bat hirutara

Hamelingo flauta jotzailea

Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin

Mikel. Udako oporretan Ibizan izan haizela entzun diat, Xabier. Hango parrandak ikustekoak izango dituk, ezta?

Xabier. Parrandaren bat edo beste bota genian, baina, egia esan behar badut, ‘zirko’ handiagoa espero nian.

Mikel. ‘Zirko’ handiagoa? Ez al da ba Ibiza sexu eta drogen paradisua?

Xabier. Nik ere hala uste nian, baina konturatu nauk etxean bertan daukagula benetako ‘paradisua’.

Haizkurgi. Zoratu egin al haiz, Azpeitia ‘paradisua’? Sexuarena behintzat, ez. Oraintxe, moteil, zakurrik ere ez zagok begiratuko nauenik.

Xabier. Drogei buruz ari nauk, moteil. Ez al haiz jabetu Azpeitian drogen kontsumoak egin duen gorakadaz? Gehiago esango nikek: Ibizan bertan drogen kontsumoaren kontrol polizial zorrotzagoa dagoela uste diat.

Haizkurgi. Hi beti bezain ahobero. Ondotxo zakiat inguruan ditugun diskoteka bakaladero horietan droga asko kontsumitzen dela, baina gure Azpeitian? Tira, tira... Gainera, ia milioi bat ertzain ditiagu eta zerbait egingo ditek horiek ere, ezta?

Mikel. Itsua al haiz ala? Ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik ez zagok. Inoiz ez al haiz ohartu nola erretzen duten, lotsa izpirik gabe, 14 edo 15 urteko gazte batzuek edozein kale bazterretan kalamua? Edo nola gaztetxo horiek beraiek larunbat gauetan kolore guztietako pilulak elkar trukatzen diztuzten, kromoak balira bezala, inork antzemateko beldurrik gabe?

Xabier. Gu, gaztetxo horien adinean, belar pixka bat erretzeko ezkutaketan aritzen ginduan, inork ez ikusteko modua egin arte. Orain, aldiz, edozein tokitan ere patxada ederrean aritzen dituk gazteok ke zuria lau haizeetara zabaltzen, lantegitako tximiniak balira bezala. Eta ez hori bakarrik. Jo dezagun, larunbat gau batean txizalarriarekin hagoela eta taberna bateko komunera abiatzen haizela presaka, larritasunak jota. Komunera iritsi aurretik, lehenik eta behin, ‘behe laino’ trinko batetik igaro beharra daukak, eta argia ikusteko moduan haizenean, mundua gainera erortzen zaik. Izan ere, komuna libratzeko zain, izugarrizko ilada dagoela konturatzen haiz. Herri osoak txizalarria batera izatea normala al da? Eskerrak, hala ere, komunera multzoka sartzen diren eta ilada azkarrago arintzen den, bestela...

Haizkurgi. Ez dauden lekuan mamuak ikusten dituzue zuek. Nola eskura ditzake ikasten ari den gazte batek kalamua edo pilulak, inolako diru iturririk izan gabe? Ezinezkoa iruditzen zaidak gurasoek ematen dieten eskupeko ziztrinarekin ezer erosteko gai izatea.

Mikel. Drogen kontsumoak gora egin duenaz batera, prezioek behera egin ditek. Merkatu beltzak ere eskaintza eskarien legeari men egiten ziok. Gaur egun, zinemara joatea garestiagoa duk pilula bat erostea baino. Kolokoia erraza bezain merke zagok gaur egun, moteil.

Xabier. Egia duk noizean behineko kontsumoa merkea dela, baina, zaletasuna areagotzen doan heinean, baita diru premia ere. Bestalde, drogaren munduan lehen pausoa emana baduk, bigarrena errazago emango duk, hautsi baituk harresia, eta harresiaren atzean era guztietako ‘goxoki’ erakargarri nahiz garestiagoak aurkitzen dituk. Haizkurgik esan bezala, normalean ikasleak diren gazteen patrikak hutsak egoten dituk. Egoera honen aurrean, gazte batzuek beraien zaletasuna autofinantzatzen bukatzen ditek: droga salduz, alegia. Horrek badakik zer esan nahi duen: zenbat eta saltzaile gehiago, orduan eta kontsumitzaile gehiago.

Haizkurgi. Hotzikara sartu zaidak hori guztia entzunda. Oraintxe hasi nauk flautaren lehen doinuak entzuten, eta ozenegiak dituk. Ez nian inola ere pentsatuko Azpeitiko gazte batzuen egoera hori denik. Horren gazterik bizipoza artifizialki lortzeko beharra badute, zerk poztuko ditu helduago direnean? Zein da hemen erruduna? Droga askatasun honen ondorioek ezin ditek onak izan. Zein da Hamelingo flauta jotzaileraren doinuaz liluratutakoek duten etorkizuna?...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak