Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Urria »  Iritzia »  Bestaldetik

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Bestaldetik

Xabi Borda

Zazpietan esnatu naiz. Arratsaldeko zazpietan. Siesta ederra bota izanagatik, nekea sumatzen dut. Sorbaldak minberatuak, hanketan indar falta. Dutxa hartu eta zerbait prestatu dut gosaltzeko: entsalada eta haragi zati bat. Sabela bete ahala, hobeto sentitu naiz. Zortzietan sartu naiz barran. Txikiteoan dabil jendea. “Bost gorri eta bi beltz!”, lehenengoak. Mugimendu automatikoz, zazpi edalontzi jaso ditut mostradorera. Bost elkarren ondo-ondoan ipini ditut, beste biak apur bat aparte. Ardo botilei plastikozko tapoia kendu eta edaria basoetara. “Sei beltz, gorri bat eta bi sagar!”, aldamenetik. Erritmoan dago gakoa.

“Zazpi zurito!”, gazteago batek oihu. Goiz irten dira kalera; apustu egingo nuke afariren bat daukatela. “Ateraitzak beste bi!”. Pixkanaka koadrila osatzen doa. Egun batzuk badira festak hasi zirela; begietan nabari zaie. Nekatuta egongo dira asko, baina lagunarteko afari batek edozein berpizten du.

Bederatzi eta erdiak. Taberna hustu egin da. Zerbait jatera joan da jendea. Goseak, ate guztiak batera jo dituela dirudi. Taberna atontzeko denbora hartuko dugu; trintxera indartzeko. Gerra handia espero dugu.

Hamar eta erdietan kafeak ateratzen hasi gara; bueltan da jendea. “Bost kortau eta hiru huts!”. Gaur ez du inork deskafeinaturik nahi. Ez da inor insomnioaren beldur. Ohetik jaiki berriren bat ere bada tartean; ona da kafea nagiak kentzeko.

GERRA. Halako batean: “Zortzi zurito, lau lejia eta bi kalimotxo!”. Norbaitek eman behar zion hasiera parrandari. Plastikozko basoak hartu eta garagardoaren iturria zabaldu dut. Hirugarren zuritorako beste batek ondotik: “Hiru ginkas eta kubarroi bat!”. Ez nau lanean ikusi, nonbait. Ez diot kasurik egin. Bi kalimotxoak atera eta orduan hurbildu natzaio. Ez gogoratuarena egin dut; ez dakit ulertu nauen. “Hiru ginkas eta kubarroi bat!”, berriro. Hasi da giroa berotzen.

Pinguinoak Antartidan bezala dago jendea tabernan: denak elkarren gainean. Barran dozena bat aurpegi, guztiak zain. Hiru lagunek batera egin didate oihu. Ez dakit zeini atera lehendabizi; auskalo nor sartu den lehenengo! Txandak zenbakien bidez zaintzea ez litzatekeela gaizki egongo, pentsatu dut. Badakizue, Eroskiko arraindegian bezala.

Musika ipintzen ari naizela, gazte bat hurbildu zait. “Jar al dezakek Enrique Iglesiasen abesti berria?”. Bozgorailuetan klasiko bat: Su Ta Gar-en Etsi gabe. K.O. utzi nauela antzeman du: “Nire lagunari gustatzen zaiok”. Konpondu nahi, eta ezin. “Ea topatzen dudan”, irten dit, gezur txiki bat. Ez naiz saiatu topatzen, noski.

Gaua aurrera doa, eta honezkero alkoholak burmuin guztiak hartu ditu. Gero eta zailagoa da bezeroei ulertzea. Begi gorri-gorriak, dantza aldrebesak, edalontziak lurrean, oihuak... Balantzan dabil herria. Ez ditugu alferrik atera zuritoak, kalimotxoak, txupitoak, ginkasak eta kubamartiniak.

Iglesiasen ordez, kantu zahar bat berreskuratu dut. Jotakie: **“Euskadi, taberna bat dirudi / Euskadi, edan gabe ezin bizi / Euskadi, puzker handi bat beti...”**. Mendekua, neure erara.

GOIZEKO SEIAK. Azkenean, ixteko ordua. Musika kendu dugu. Atera joan naiz eta giltzaz itxi dut. Hemendik aurrera, atea barrua arintzeko bakarrik irekiko da. Irten nahi duenari atea zabaltzen diot, eta gero berriro itxi. Zintzoak aspaldi joan dira etxera; ez da erraza izango taberna hustea.

Gazte bat ateari bultzaka hasi da; ia-ia barrura sartu da. “Itxita zagok”, lehor bat atera zait. Ederragoa haren erantzuna: “Hi ez haiz Azkoitikoa. Hik ezin didak Azkoitiko taberna batean sartzea galarazi”. To, goi mailako arrazoia. Sei eta erdiak, Descartesekin eztabaidan hasteko nekatuegi nago. Indarrez itxi dugu atea, bi lagunen artean. Txikia zen mutila. Nerbio hutsa.

Azkeneko lanak egin eta etxera. Goizeko bederatziak. Ohera sartu eta ordubetera telefonoak jo du. Ahaztu egin zitzaidan itzaltzea. Deia mozteko botoiari sakatu beharrean hartzekoari eman diot, nahi gabe. Mikel da, Bilbokoa: “Aupa, Xabi! Zer moduz haiz? Badakik bihar Bilboko festak hasiko direla... Etorriko haiz, ezta? Parranda bota beharko diagu!”. No comment.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak