Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 4,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Urria »  Iritzia »  Azken bidaia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Azken bidaia

Alaitz Olaizola

Sei urte beteko ditu aurki Uztarria herri aldizkariak. Sei urte pasatu dira, lehenengo aldiz Uztarriarako zerbait idatzi nuenetik. Ondo gogoan dut, hasiera hartan nuen inpresioa. Bolantea zertarako zen ere jakin gabe, txofertzen hastea bezalakoxea izan zen. Harrezkeroztik, kilometro batzuk egin ditut, autoarekin, sei urte hauetan. Denborarekin, beldurra galtzen joan nintzaion, baina ez errespetua. Inor, autoarekin harrapatuta ere, a zer tragedia!

Hasieran, aparkaleku txiki bat neukan, denborarekin handitzen joan zena. Autoak ere, hiru desberdin erabili ditut (politena, lehenengoa). Maiztasunari dagokionez, bi hilabetean behin txofertzetik, hilero txofertzera pasatu nintzen. Orduan kezka ere etorri zitzaidan, azkarrago gidatu beharko bainuen. Beti ez nekielako zein norabide hartu, eta bat pentsatuta ere, batzutan azken orduan aldatu beharra egoten zelako.

Uztarriaren aitzakiarekin, hainbat bazterretan ibili naiz. Pumorira egindako bidaia txiki eta triste hura, Atenastik ekarritako oroitzapenak, Vatikanoan hustutako amorrua, Londresko ulertu ezinak... eliza ugaritan ibili naiz, eta antzerki aretoetan ere bai. Alde ederra badago! Aspaldi ikusi gabeko jendea bisitatu dut, eta berriak ere ezagutu ditut. Azpeitiko txoko askora ere iritsi naiz nire autoari esker, zorionez. Eta, batez ere, primeran pasatu dut.

Bi gauza nabarmenduko nituzke, ordea, bidaia luze honetatik. Bata, askatasunean gidatzeko plazerra neure eginda ibili naizela. Berdin zelako nora joan, edo norekin, edo zertara. Eta bestea, jendearen harrera. Batzuek, azkarregi nindoala eta, errieta egiten zidaten. Beste batzuek, berriz, autoa ikusi eta hurbildu egiten zitzaizkidan, solas ederrean, bidaiaren zati horretako nondik norakoak komentatuz. Politikoki zuzena ez naiz izan bolantearen aurrean, hori ere egia da. Izan ere, ez dut ulertzen politika zuzentasunarekin, edo zuzentasuna politikarekin. Gauza bera da.

Arriskua zegoenean baino ez dut zapaldu frenua, eta hori, oso gutxitan gertatu da. Lasai ibil daiteke Azpeitian harat eta honat.

BIDAIAREN BUKAERA. Sei urteren ostean, stop jartzen duen seinale bat azaldu da bidegurutzearen aurrean, eta hori gutxi balitz, autoari erregairik ez zaiola geratzen konturatu naiz. Ondo. Bata bestearekin eskutik emanda datoz. Bidaia, hementxe bukatzen da. Hauxe, nire azken iritzi artikulua.

Pena merezi izan du, benetan diotsuet. Gaur egunean, buruari buelta batzuk ematea ez baitator batere gaizki. Eta nik, eman behar izan dizkiot makina bat, bidaiatxo horiek zirela eta! Batzuetan, asmatu dudala uste dut, beste askotan, ez. Asmatu edo ez, hasiera haietatik hona, ausartagoa bihurtu naizela esango nuke, eta litekeena da, ausardia horren erruz, alferrik pasatzen ez diren urteak izatea.

Esan gabeko hainbat kontu geratuko zirela seguru nago, baina seguru nago esandakoetan gezurrik ere ez dela egon. Erran zaharretan, gezur gutxi; nire lehenengo idatziaren izenburua horixe izan zen, 1999ko azaroan.

BIDAI LAGUNAK. Atsotitzak izan ditut bidelagun denbora honetan, eta horregatik, horiei ere eskerrak. Beraiek ez dakite zein baliagarri suertatu zaizkidan nire bidaia honetan!

Ez dut uste txofer ona izatera iritsi naizenik, baina auto bat gidatzen ikastea nahikoa izan da bidaia honetarako. Jardunez ikasten omen da eta... Bidaia berriak etorriko dira.

Azkenik, duela sei urte aukera hau eskaini zidatenei eskerrak eman nahi dizkiet. Haiei, animatzeagatik bakarrik bada ere. Eta besterik ez! Ez bainuen nahi nire azken idatzia eskertzak egiteko erabili nahi, eta idatzi ahala, itxura horixe hartzen ari denez, kito. Ondo esanak hartu, eta gaizki esanak aguantatu!

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak