euskera
Nagore Iriarte: "Enpresa handien hizkuntza irizpideak aldarazteko talde indarra behar da"
Jone Urkizu
Urke argazki dendak 2004. urtean eskuratu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria, eta Guk Zerbitzua euskaraz maila dauka. Nagore Iriarte da Urke dendako nagusia, eta berak erantzun die Uztarriak egindako galderei.
Zergatik ekin zenion Bai Euskarari Ziurtagiri prozesuari?
Euskara bultzatzeko, nahiz eta lehen ere egunero erabiltzen nuen.
Zein dira hartu dituzun konpromisoak?
Bezeroekiko harremana euskaraz izan da beti, baina banituen aldatzeko zenbait gauza: erantzungailua, adibidez.
Zailtasunik bai?
Jakina, argazkilaritza enpresa handiekin egiten dut lan eta horiek ez dira saiatzen publizitatea euskaraz bidaltzen. Enpresa txikiek laguntzen dute, baina besteekin bakarka alferrik gabiltza; talde indarra behar da enpresa horiei aurre egiteko eta haien hizkuntza irizpideak aldarazteko.
Bezeroek zure ahalegin hau aintzat hartzen al dute?
Ez dakit, lehen ere euskarazko zerbitzua eskaintzen nielako.
Beharrezkoa al da Bai Euskarari Ziurtagiria euskararen normalizazio bidean?
Baietz iruditzen zait. Beharrezkoa da egunerokotasunean euskarari eta bere erabilerari indarra emango dion zerbait egotea; bestela, ahaztu egiten zaigu eta ez dugu aurrerapausorik ematen.
Azpeitian euskararen egoera nola ikusten duzu?
Beste herri batzuekin alderatuta, asko hitz egiten da eta aspaldian indartsu dagoela iruditzen zait, gazteen aldetik batez ere.
|