Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Abuztua »  Loiolatxori agurra

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

jakiteko

Loiolatxori agurra

Ihintza Agirretxe

Bota egingo dute eta loiolatarren elkarte berria egiten hasiko dira abuztuan, tren geltokiaren ondoko txabolan

Loiolatxo elkartea. 2006. urte hasieran botako dute. 

Loiolatxoko eraikin zaharra bota egingo dute hurrengo urte hasieran, eta horrekin batera, beraz, loiolatarren historiaren zati bat ere bai.

Auzolaguntzarekin eraiki zen gaur egungo Loiolatxo orain 52 bat urte: “Loiolako familia edo baserri bakoitzak mila pezeta inguru jarri zituen, eta horrela, auzotarren eskulanarekin eraiki zen”, diote Santos Olaizola eta Juan Urbieta loiolatarrek. Hasieran, doktrina ematen zen goiko solairuetan, eta behean auzotarrentzako lekua zegoen. Ondoren, eskola ere izan zen han, gau-eskolak ere eman izan ziren, eta azkenik, ikastola egon zen. Hori lekuz aldatu zutenean, beheko solairua berriro auzotarrek hartu zuten, euren elkartea sortzeko.

Auzoko festetan izaten zuen guneak presentziarik: “Lehen, Loiolako festetan Loiolatxo aurrean karpa handia jartzen genuen, eta han izaten ziren aizkolariak, harrijasotzaileak, erromeriak...; han biltzen genuen guk dirua”, gogoratzen dute. “Ospe handikoak ziren Loiolako erromeriak, eta jende asko etortzen zen kanpotik ere. Gu, erromeria horiek medio, kexa ugari entzundakoak gara. Izan ere, apaizei eta lekaimeei ez zitzaizkien asko gustatzen; haiek esaten zuten zarata asko ateratzen genuela, baina guk uste erromeriak egitea ez zitzaiela asko gustatzen. Gainera, San Jose eguna garizuman izaten da, eta hori bekatu handia zen”, diote.

Gune berria. Elkarteko bazkideek Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin “asko hitz egin” dute, eta akordio batera iritsi dira. Hala, abuztuan hasiko dira elkarte berria egiteko lanak, Loiolako geltoki zaharraren ondoan dagoen txabolan, eta gabonak ingururako bertan izango dute txoko berria. Loiolatxo zaharra, berriz, 2006. urtearen hasiera aldera arte ez dute botako. Hura bota ondoren, aparkalekua egiteko asmoa dago zabaldegian. Datorren udarako txukunduta izango omen da guztia.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak