Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 8,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Abuztua »  Saninazioak »  Gau txoriak hegorik gabe

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

hutsuneak

Gau txoriak hegorik gabe

Ihintza Agirretxe

Bertan dira saninazioak, horrekin batera festa eta parranda, baina parrandazaleek, tabernak ixtean, diskoteken hutsunea izango dute

Ezkerretegi diskoteka hutsik, jenderik gabe. Hemendik aurrera horrela izango da. 

Uztailaren 4an bete ziren zortzi urte Ezkerretegi diskoteka ireki zutenetik. Baina urteurrenerako bi egun falta zirela ateak itxi zituen. Inox diskoteka iaz ireki zuten, baina hilabete gutxiren buruan itxi zuten. Bi diskoteka daude herrian, baina biek ateak itxita dituzte, behin-behinean behintzat. Festetan tabernak itxi ondoren, zer egin beharko du parrandan jarraitu nahi duenak? Gauza asko izan dira Mari Karmen Alkorta, Ezkerretegiko nagusia, diskoteka ixtera eraman dutenak. “Ezkerretegik beti izan du itxieraren mamua atzetik. Ireki genuenetik esan izan da bota egin behar dugula, etxeak egin behar dituztela... baina inoiz ez da egia izan. Orain erabakia hartu dut; itxi egin dut, eta aldaketarik ezean, ez dut irekiko gainera”, dio.

Nahiz eta erabaki zaila izan, egun batetik besterako kontua izan da. “Orain hilabete batzuk ertzainak etorri ziren eta akta bat bete zuten. Ondoren, hilabete eta erdira, 1.300 euroko isuna iritsi zitzaidan, eta udaltzainen buruarena joan ondoren erabaki nuen ez duela merezi horrela ibiltzeak. Azken batean, beti nahi izan dutena lortu dute: Ezkerretegi ixtea”, esan du Mari Karmen Alkortak.

Jabier Altuna, Giza Baliabideak eta Antolaketako udal batzordeburuak dioenez, “Udalaren helburua, Ezkerretegik ordutegia betetzea eta inguruko bizilagunen kexak gutxitzea izan da. “Legegintzaldi hasieran egundoko kexa piloa genituen Loiolabide eta Iñaki Azpiazu kaleetatik. Hori pixkanaka-pixkanaka konpontzen saiatu gara, eta ordutegiaren kontua ere bete beharrekoa izan da, eta guk hori betearazi besterik ez dugu egin”, dio.

Diskotekarik eza parrandazaleen kalterako izateaz gain, tabernarien kalterako ere bada. Aspalditik entzuten da zapatuetako giroa gainbehera doala, eta Ezkerretegi ixteak “mesederik ez” duela egingo diote Azpeitiko Tabernarien Elkarteko Iñaki Zubizarreta eta Iñaki Areizaga kideek. “Hori gure kalterako ere bada. Tabernak itxitakoan ezer ez bada herrian, kanpotarrak ez dira etorriko, eta bertakoak kanpora joaten hasiko dira”, dio Iñaki Zubizarretak.

Festetara begira, tabernariek Udalera beraien proposamen bat eraman dute: “Guk tabernak goizeko zazpi eta erdiak arte irekita izatea eskatu dugu. Azken hamar urteetan Udalak festak hasi baino egun batzuk lehenago bete beharreko ordutegia pasatu izan digu, eta hura bete behar izan dugu. Aurten geuk proposatu dugu goizeko zazpi eta erdiak arte irekita izatea. Orain ikusi egin behar”, diote biek.

Inox diskoteka irekitzea zer iruditzen zaien galdetuz gero, erantzun ezberdina dute. “Nire ustez, irekitzen badute gure mesederako izango da. Irekitzeak kalte baino mesede handiagoa egingo digu. Horrek, parranda jarraitzeko bidea egingo du, eta jendeak, azken batean, hori nahi du. Hala ere, nik nahiago dut Ezkerretegi berriro irekitzen badute”, esan du Zubizarretak. Baina Areizagak ez du uste mesede handiegirik egingo dietenik: “Inox Landetan dago, eta hara joaten dena ez da kalean ibiliko. Nik uste guri onurarik ez digula ekarriko irekiera horrek”. Beraz, tabernarien artean ere ez datoz bat Inox irekiz gero zer pasatuko litzatekeen erantzu-tean.

Inox. Orain urtebete inguru ireki zuten Landeta auzoan Inox diskoteka. Hilabete batzuk irekita pasatu ondoren, itxi egin zuten. “Udan jendea kostara eta beste herrietako festetara joaten da, eta festetan hamar egun irekita izan ondoren, itxi egin genuen”, dio diskotekako bi bazkideetako batek. Ondoren, irailaren bukaeran ireki egin zuten, baina denbora gutxira berriro itxi. “Besteek [Ezkerretegikoek] ordutegirik ez zuten betetzen eta guri ez zigun merezi diskoteka irekita izatea”. Baina laster berriro zabalduko ditu ateak Inoxek. “Urri bukaeran edo azaro hasieran diskoteka berriro irekitzeko asmoa dugu. Orduan D.J.ak eta musika taldeak-eta jartzen hasteko asmoa dugu”.

Baina festetan ez dute zabalduko: “Ez dugu saninazioetan irekiko. Esan bezala, herrietako festa guztiak bukatzen direnean irekiko dugu, baina saninazioetan-eta itxita izango dugu”, dio. Ordutegia dela-eta Eusko Jaurlaritzari baimen berezia eskatu diote. “Baldintza batzuk betetzen dituzten diskotekek ordubete gehiago irekitzeko eska dezakete, eta guk eskatu egin genuen, eta orain gutxi jakin dugu eman egin digutela. Beraz, diskoteka irekitzen dugunean goizeko zazpiak arte izan dezakegu irekita. Orain artean goizeko seietan itxi beharra genuen”, esan dio Inoxeko bazkideak Uztarriari.

Uztarria.com-eko eztabaidako erantzunak

Uztarria.com-ek eztabaidako Ezkerretegiri buruzko honako galdera hau jarri du: ‘Ezkerretegik ateak itxi ditu. Ondoriorik ekarriko al dio Azpeitiari? Herritarrek asteburuetan kanpora irtengo al dute?’. Hemen jasotako erantzun batzuk:

Zer pentsatu. “Nik uste dut zer pentsatua ematen duela. Garai batean joera handia zegoen goizeko ordubiak inguruan Jazzberri edo Txitxarro aldera joateko, eta istripuak izaten ziren. Gero jendea herrian gehiago gelditzen hasi zen. Nik uste dut hobe dela herritik ez mugitzea ordu horietan. Gau Txori itxi zuten, eta orain Ezkerretegi. Nire ustez, horrelako zerbait beharrrezkoa da herrian”.

Azpeitiar bat. “Nik uste dut faltan botako dugula; horrelako leku bat behar dugu gazteok. Ni behintzat, tabernak ixten dituztenean egoten naiz ‘puntuan’ eta etxera joateko gogorik batere ez dut izaten. Orain beste alternatibaren bat bilatu beharko dugu, eta Inox-enak ez dit batere grazirik egiten; ni iaz izan nintzen inaugurazio egunean eta ez zitzaidan betere gustatu (seguratak, sarrera ordaindu behar, musika hori...)”.

Konklusiyuek. “Parranda egitea asko gustatzen zait, baina nazkatuta nago kotxea hartzeaz. Gero eta atzerakada handiagoa ematen dit kotxea hartu, parrandara joan eta gero bueltan etorri beharrak. Kotxea hartu gabe parranda egitea alde ederra da. Azkenean ondo pasatzea nahi duenak modua bilatzen du kotxea hartu gabe ere. Urrutira kotxean joaten ibiltzen diren asko azkenean gau-mamu bihurtzen dira parrandazale bihurtu beharrean. Bestalde, beti Azpeitian parranda egitea nazkatzekoa da. Gau giroak, nik ez dakit zergatik baina ordubietatik aurrera egundoko beherakada jasaten du. Jende arraroa agertzen da eta laurak ingurutik aurrera jende txarrena gelditzen da, eta hori leku guztietan gertatzen da. Dena den, aukera bat gutxiago izatea ez da ona. Uste dut Azpeitia bezalako herri batek horrelako zerbait behar lukeela tabernak ixten dituztenerako. Kotxea noizbehinka hartzea ondo dago, baina zapaturo-zapaturo goizeko lauretan trago bat hartzeko kotxea hartu beharrak asko izorratzen du”.

Beste aukera bat. “Nire ustez, beste aukera bat izan daiteke pare bat taberna txandaka zapaturo irekita izatea Ezkerretegik zeukan itxiera ordura arte”.

Beste erremeyoik ez. “Akordatzen Gau Txori irekita zegoen garai haiez? Haren parekorik ez zen! Ezkerretegi ireki zen eta inor ez zen joaten; bakarren batzuk oilasko errea jatea. Baina Gau Txori irekita izanda jendeak segurura egiten zuen. Itxi zen hura eta Ezkerretegira joan beste erremediorik ez zegoen parrandan segitu nahi zuenarentzat. Eta orain haren parekorik ez da! Inox irekitzen badute, bi-hiru zapatu nahikoak izango dira hara ohitzeko; gainera, jende bera ibiliko ez da ba? Ni Ezkerretegira joaten naizenean behintzat, betikoak egoten ziren han”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak