|
|
|
hutsuneak
Festetako lanak
Miren Garate
34 urte pasatu ditu festetarako udaletxean balkoia apaindu eta txupinazoa prestatzen. Aurten ez, erretiroa hartu berri duelako
|
|
Rafael Amezua, udaletxeko sarreran izan duen bulegoan.
|
|
Barru-barrutik bizi ditu saninazioak Rafael Amezuak, bizitzako urterik gehienetan festen inguruan lan egitea tokatu izan baitzaio. Orain dela 34 urte, 1971n, hasi zen udaletxean lanean, oposizioak gainditu ostean, eta orduz geroztik udaletxeko balkoia apaindu izan du, San Inazio festei behar bezalako ongietorria egiteko. Orain gutxi, jubilatu egin zen eta aurtengo saninazioak desberdinak eta bereziak izango omen dira beretzat. Eta halaxe aitortu du berak ere. “Aurten beste ikuspuntu batetik ikusiko ditut bai txupinazoa eta baita festak ere”. Hala ere, nostalgia eta penak alde batera utzi eta gogoz dagoela adierazi du. Izan ere, jende asko etortzen da festetan, agintariak tartean, eta neketsua egiten zitzaion batarekin eta bestearekin egon behar hori.
Amezuaren lana, txupinazoa prestatu eta balkoia apaintzea izan da. Santio bezperan ikurrina jartzen zuen eta San Inazio bezperan herriko bandera. Alde horretatik historiaren bilakaeraren lekuko izan da Amezua. Izan ere, udaletxean egin zituen lehen urteetan ikurrina legeztatu gabe zegoen artean eta ez zuten jartzerik izaten (1977ko San Sebastian bezperan zintzilikatu zuten lehen aldiz ikurrina udaletxeko balkoitik). San Inazio bezperan, 11:00ak inguruan joaten zen udaletxera. Guztia bere lekuan jarri, txupinazoa jaurtitzeko behar den burdin zatia kolokatu eta suziria prestatzea izaten ziren haren zereginak. Ondoren, eguerdia baino zeozer lehenago, herriko bandera jartzen zuen balkoian; “horretarako, ordea, ez da zeremoni berezirik egiten”.
Baina aurreko egunetan hasten zen gauzak prestatzen, guztia lotuta edukitzeko. Txupinazoa, esaterako, enkargatu egiten da, normalean Pirotecnia Zaragozanak ekartzen du. “Udaletxetik botatzen dena berezia izaten da, bonba handia”, azaldu du. Bakarra botatzen da balkoitik; gainerakoak, Zelai Luze ingurutik. Horiek, ordea, ez ditu Amezuak prestatzen, teknikoak behar direlako horretarako. Eguerdi aurreko momentuak tentsio handikoak bezala gogoratzen ditu. Berriketan-eta aritzen ziren normalean. Hala ere, areto nagusira inguratzen ziren agintariak “aztoratu samar” egoten direla adierazi du. “Poza eta urduritasuna nahasten dira momentu horietan”.
Behin Amezuak berak bota zuen txupinazoa; udaletxean lanean hasi zen lehen urtean izan zen, hain zuzen ere. “Gogoratzen dut urte batean nik neuk bota nuela txupinazoko suziria, Juanito Astigarraga alkateak hala aginduta. Orduan ez zen inor joaten herriko plazara, txupinazoak festei hasiera emateko balio zuen baina ez zen aparteko ekitaldirik egiten horren inguruan”, kontatu du. Handik aurrera, alkatea arduratu izan da festei hasiera emateaz, orain urte batzuk herritarrak hasi ziren arte. Erabaki hori “oso ona” iruditzen zaio, gainera: “Herritarrek festan parte hartzeko beste modu bat da eta horrek festak ederrago egiten ditu”, dio Amezuak. Hark udaletxean lan egin duen bitartean, zazpi alkate pasatu dira agintetik: Juanito Astigarraga, Silbestre Otamendi, Agustin Prat, Luziano Lazkano, Imanol Elias, Jose Mari Bastida eta Julian Eizmendi.
Protokoloa.Balkoia apaindu eta txupinazoa prestatzeaz gain, beste egiteko batzuk ere izaten zituen Amezuak, protokolo kontuez arduratzen baitzen. Hala, prozesioan, parrokian eta Loiolako Santutegiaren aurrean, nork joan behar duen aurrean, nola jarri behar duten agintariek eta abar azaltzeaz arduratzen zen.
Urte askoan gertu-gertutik bizi ditu festak baina ez du uste jaietan aldaketa handirik egon denik: “Ordu eta lekuak aldatu dira, baina oinarrian festetan ez da aldaketa handirik izan. Gogoratzen dut lehen pilota partidak bazkalostean jokatzen zirela, gero zezenketetara joateko. Gainontzean, prozesioa, pilota partidak, eta zezenketak; beti ikuskizun berak egiten dira” , esan du. “Festa alternatiboak sortu ziren eta hori izan da nire ustez aldaketarik handiena”. Hori bai, azken urteotan parte zaharrean askoz jende gutxiago ibiltzen dela adierazi du. “Eta, horren arrazoia, gauza guztiak sakabanatu izana da. Lehen, tiobiboak herri erdian jartzen ziren, suzko erroberak Zelai Luzetik botatzen ziren eta ia ekitaldi guztiak erdigunean egiten zirenez”.
Festa garrantzitsuak dira saninazioak Amezuarentzat. Ez, ordea, gehien gustatzen zaizkionak. “Niri sansebastianak gehiago gustatzen zaizkit, baina saninazioak garrantzitsuagoak dira”. Sansebastianetan ere lan asko izaten zuen, ordea: balkoia prestatu, banderadunei bidea erakutsi, bakoitzari non kokatu behar zuen esan eta abar. “Festa guztietan izaten nuen zerbait egiteko”, dio. Horregatik akaso, ez da bereziki festazalea Amezua. “Orain erretiratu egin naiz eta hemendik aurrera igual...”.
|