Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 4,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Abuztua »  Saninazioak »  Txartelik gabeko jaiak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Txartelik gabeko jaiak

Ainitze Oruesagasti

50 urte inguruko ibilbidearen ostean, saninazioetan ez da Karitasen tonbolarik izango; lehen etena du aurten

1997an izan zen azken aldiz Karitaseko tonbola plazan. Urte horretan erre egin zen, uztailaren 26an. 

Urteak joan urteak etorri, uztaileko azken egunak iristerako prest izaten zen Karitaseko tonbola Azpeitian. Bost hamarkadaz, urte baten gorabeheran, ibili dira berau antolatzen hainbat herritar. Azken urteetan tonbolan izan diren salmenta urriak eta ondorengoen faltak, ordea, antolatzaileak erabaki bat hartzera behartu ditu: aurtengoan ez da Karitaseko tonbolarik izango saninazioetan.

Kepa Susperregik, Alberto Bereziartuak eta Maria Dolores Udabek oso ondo ezagutzen dute tonbolaren funtzionamendua, hirurek ere urte askoan lan ugari egin dutelako tonbola aurrera ateratzeko. Susperregi orain hogei urte etorri zen Azpeitira. “Hona etorri eta urtebetera hasi nintzen Karitaseko lanetan. Garai hartan, taldetxo bat zebilen Karitasen, eta urte dezente zeramaten tonbola antolatzen festetan”, dio apaizak.

Alberto Bereziartuak 81 urte ditu eta urte askoan Karitaseko tonbola antolatzen ibili da. Gaztea zela, aita Gaztelumendik-eta antolatzen zuten tonbolarekin gogoratzen da. “Ni orduan gaztea nintzen, dendetatik materiala jasotzen zuten eta horrela pezeta batzuk lortzen zituzten. Tonbolako txarterlak eskuz prestatutakoak izaten ziren. Beti izaten zen sari bat, beste guztiengandik nabarmentzen zena: azken saria. Eta sari hori lehenengoan ez tokatzeko txartela beranduago sartzen zen. Tonbolako produktuak gastatzen ari ziren heinean sartzen zen azken sari horren papeleta. Urte batean, errifa saltzen jarri aurretik, azken sariko irabazle bat azaldu zen, ‘irten dela, irten dela...’ esanez eta orduko arduradunak, ‘ezin daiteke, sartzeko dago eta!’”, gogoratzen du Bereziartuak.

Urteak aurrera joan ahala, tonbolako antolatzaileek ere ondorengoei pasatu diete lekukoa. Maria Dolores Udabe usurbildarra duela hemezortzi urte hasi zen Karitaseko tonbolan laguntzen. “Albertok aipatu duenaren kontra, azken urteetan bizikleta eta sari handien txartelak hasieratik jarri izan dira salgai. Bizikleta izaten da zuzenean atera daitekeen saririk handienetakoa. Behin andre batek, ‘bizikleta hori ez da tokatuko oraindik’, eta guk, ‘papeleta denak daude salgai’ erantzun genion. Eta orduan berak, ‘ez dakizue ba ondo asko zuek non dagoen!’. Eta guk ez jakin non zen bizikletaren billetea. Emakume hark eman zigun matraka eta gero, nik nire artean esaten nuen, ‘ez ote da bera hemen dela tokatutako?’. Eta hala izan zen; orduerdia pasatu baino lehenago bizikleta tokatu zen”, gogoratzen du Maria Doloresek.

Txartelak erosi eta saria jasotzea suertatzen bada, lan erraza da, baina tonbolak badu aurretik egiteko lanik. “Lehen, sariak, tonboletarako materiala saltzen zuten Lasarteko biltegi batetik ekartzen genituen”, dio Bereziartuak; “premio txiki ugari izaten zen bertan, eta handik ekartzen genituen guztiak”. Azken urteetan, ordea, gauzak ez dituzte horrela egin. “Herriko dendariak kexaka hasi ziren, herri barruan tonbola bat jarri behar eta kanpotik ekarritako materialarekin hornitzen genuelako; beraientzat kaltea zela... Hori ikusita, azken urteetan ekarri den materiala herrian erositakoa izan da”, dio Maria Dolores Udabek.

Tonbola erre zenekoa. Talde bat sarien eta billeteen eskariak egiteko, beste talde bat diru kontuak eramateko, tonbolaren muntaiarako beste talde bat. Azken horretarako, ordea, ez da lanik izan azken zortzi urteetan. Izan ere, 1997ko uztailaren 26an erre egin zen tonbola. “Uztailaren 26an goizeko laurak aldera-edo deitu zuten etxera, tonbola sutan zegoela esateko”, dio Susperregik. “Azkenean ez zen argitu erreketa zerk eragin zuen. Baina kontua da erre egin zela. Tonbola bera eta barruan zegoen materiala ere erretzeko errazak ziren; koloniak, plastikoak, kartoi ugari... ez zuen asko behar su hartzeko”. Hala ere, urte hauetan guztietan, tonbola ezberdinak izan ditu Karitasek. “Lehenengo tonbola egurrezkoa zen, Beasaindik erosi genuen. Uste dut, 60.000 pezeta ordaindu genituela. Lasarteko biltegiko arduradunak beste tonbola batzuk ere hornitzen zituen. Antza denez, Irurtzungo tonbola zale batek zorra zuen biltegiarekin, eta zorra enpazteko tonbola biltegiak hartu zuen. Guk tonbola berria nahi genuenez, Irurtzundik ekarri genuen”, dio Alberto Bereziartuak.

“Orain zortzi urte erre zen azken tonbola. Erre eta ondorengo bi urteetan Olazko amaren plazako lokal batean antolatu genuen. Azken bost urteetan, berriz, Iturri Txikiko lokalean egon gara. Eta azken leku horretan, igarri dugu urtetik urtera zailtasun handiagoa dagoela tonbolarekin aurrera egiteko”, esan du Maria Dolores Udabek.

Zein dira, ordea, tonbolak behera egiteko arrazoiak? Kepa Susperregik bi arrazoi nagusi daudela uste du: “Batetik, festa Parte Zaharretik kanpora eraman da. Tiobiboak Betharramdarretan daude. Lehen plazan postu dezente zeuden, baita beste tonbola batzuk ere, horrek giroa sortzen zuen. Bigarren faktorea, berriz, festak San Inazio egunetatik aurreratu zaizkigula da, Santio egunera hurbildu direlako. Eta tonbolatako egunak jendearentzako San Inazio egunak dira, eta ez Santio egunak”, uste du Susperregik. “Hor joan da poliki-poliki festa aurreratzen, eta San Inazio inguruko egunetan jendeak alde egiten du”, gaineratzen du.

Azken urteotan tonbolako arduradunei sortu zaien beste arazo bat, lan baldintza eskasetan egindako sarien inguruan izan da. “Karitasen, instituzio bezala, injustizia eta esplotazioa salatzen ari gara. Hori horrela izanik, ez da oso koherentea tonbolan esplotazio bidez egindako produktuak edukitzea sari gisa”, dio Maria Doloresek.

Etorkizun iluna. Aurrera begira zer pasatuko den galdetzean, Bereziartua eta Udabe bat datoz: tonbolak jarraipena izatea nahiko zaila da. “Azkeneko urteetan festetako egunetan tonbolako txandak egiteko jende beharrean ibili gara, jende gutxi gara taldean, eta horrela zaila da tonbola aurrera ateratzea”, uste du Udabek.

“Tonbolarekin segituko duenik ez dago momentuan. Guk aurten saiakera bat egin dugu tonbolak funtziona dezan, baina ez da aurrera atera. Nik uste arazo handiena hori dela. Batetik, festa egunetako zailtasunak, eta bestetik, erreleboaren kontua, jende gaztea falta delako”, dio Kepa Susperregik. “Gipuzkoan, Azkoitian eta Azpeitian baino ez genuen mantentzen festetan Karitaseko tonbola”, eta, beraz, aurten behintzat, Gipuzkoa osoan Azkoitian soilik izango da Karitaseko tonbola.

“Nahiz eta aurten tonbolarik ez izan eta etorkizunean zer gertatuko den ez jakin oraindik, eskerrak emateko moduan gara urte hauetan tonbolan parte hartu eta lagundu duten herritar guztiei”, esan du Maria Doloresek.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak