Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Abuztua »  Saninazioak »  Musikaz egan

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Musikaz egan

Kepa Urbieta eta Amaia Mendizabal

Egan.ekoak 70. hamarkadan. 
Taldekoak sagardotegi batean afaltzen. 

Aurten 35 urte bete dira Egan taldea sortu zenetik. Askori, ‘Egan’ entzutean, erromeriak etorriko zaio burura, mutil edo neska batekin dantza egin zuen lehen aldia, gaur egungotik hain desberdinak ziren orduko parrandak... Azpeitiarrei ez ezik, euskaldun askori gertatuko zaio gauza bera, 80ko hamarkadan egundoko arrakasta lortu baitzuen Eganek.

Xabier Saldiasek azaltzen duenez, “duela 35 urte erdal taldeen poronponpero edo trikitixa, beste musikarik ez zen festetan”. Hori dela eta, 1970ean herriko lau gaztek musika taldea sortzea erabaki zuten, euskarazko musikan zegoen hutsunea bete asmoz. Saldiasek dioenez, “gu izan ginen festetan euskal giroa jarri zuen lehenengotako taldea”. Jose Luis Frantzesena Schubert, Alberto Frantzesena, Iñaki Arenas eta Xabier Saldias bera izan ziren sortzaileak. Urtebeteren buruan, ordea, Schubertek talde utzi behar izan zuen, eta Iñaki Kortak hartu zuen haren lekukoa. Arenasek soldadutzara alde egin zuen. Handik gutxira, emanaldi bat zutela-eta norbait bilatu behar izan zuten eta Gontzalo Pelaes sartu zen.

Zenbait urtetan laukotean ibili eta gero, Eganek gitarrista baten beharra zuela pentsatu zuen. Izan ere, Saldiasek “punteo” batzuk besterik ez zituen jotzen, eta berak dioen bezala, “gitarrarekin norbait egonez gero, ni lasaiago egongo nintzen abesten”. Hala, Joxe Mari Pelaes Peke, Gontzaloren anaia sartu zen taldean.

Taldeak hamalau urtez iraun zuen horrela, eta garai horretan hasi ziren arrakastak. 1984ean Kortak taldea utzi eta Imanol Aranburu sartu zen. Horiek izan ziren taldeko kideak 1994 bitartean, taldea banandu artean.

Zoragarria. Kontzertuak Euskal Herri osoan eskaintzen zituzten. Batetik bestera, eta beti “ilusio handiarekin” aritzen zirela dio Pekek. Zoragarriak ziren garaiak: plazak jendez gainezka eta denak dantza egiteko prest. Bost mila lagun inguru bildu izan zituzten, baita herri txiki-txiki batean izanda ere. “Bi baserri eta ermita bat zen lekuan, karpa bat jarri zuten eta han jo genuen jendetza baten aurrean”.

Oroitzapenak dira ordutik gaur arte gorde direnak. Garai haietan txarrak zirenak ere gaur egun umorez kontatzekoak.

Eganek arrakasta handia izan zuen. Baliteke ahotsak landu izan zituztelako izatea. Baliteke kantu ezagunak itzuli izanagatik izatea. Baliteke zerbait berria asmatu izana izatea... Kontua da arrakasta izan zutela, baina lan askoren ordaina besterik ez zen izan

“Kantuetako ahotsak asko lantzen genituen” (Gontzalo Pelaes* Eganeko kide ohia)

Oroitzapen eta pasarte asko gordetzen ditu oraindik ere Gontzalo Pelaesek. Garai zoragarriak izan zirela dio.

Egan pasatu dira 35 urte. Nola gogoratzen duzu hasiera?

Pixka bat beranduago sartu nintzen ni, 1974ean, Iñaki Arenas soldadu joan zenean, hain zuzen. Berbenetarako euskal talderik ez zegoela-eta sortu zen, kantu ingelesak euskaratuz.

Azpeitiko plaza, herriko festak, Eganen emanaldia. Zer oroitzapen datozkizu?

Denetik. Giro zoragarriak bizi izan ditugu; kontrakoak ere bai, guardia zibilen kontu batzuengatik eta. Kantu bat bazen, Hemen gaude gu Egan esaten zuena, eta han etorri zitzaizkigun “ETA” esaten genuelakoan. Baina zoragarria izan zen garai hura, oso gustura jotzen genuen.

Zein izan zen arrakastaren giltza?

Egia esanda, ez ginen musiko apartak, baina nik uste batetik errepertorioak, Beathles-en, Queens-en... kantu ezagunak euskaraz kantatzeak (inork egiten ez zuena) bazuela zerikusirik. Bestetik, ahotsak. Bostok kantatzen genuen eta asko lantzen genituen kantuetako ahotsak. Lan asko egiten genuen horretarako, entsegu asko.

Ba al da bereziki gogoan duzun emanaldiren bat?

Bat bereziki ez, baina asko bai. Donostiako Aste Nagusietan emandako kontzertuak, Nafarroan Azpirozen Malluak dantzalekuan jendetza handi baten aurrean emandakoak, Azpeitiko Azoka plazan jendea kabitu ezinda kanpoan zain egon zenekoa... Baita edozein herri txikitan emandakoak ere.

Eta gertakari bitxiren bat?

Behin, Bakion gertatu zitzaiguna: guardia zibilekin-eta iskanbilaren bat izan zen herrian, eta ez jotzeko esan ziguten antolatzaileek. Guardia zibilek, berriz, jotzeko. Antolatzaileek, orduan: “Beno, jo ezazue baina abestu gabe”, esan ziguten. Halaxe hasi ginen, sargentoa taulara igo eta pistolarekin apuntatuz kantatzeko esan zigun arte. Festa izorratu zutela eta, antolatzaileetako bat negarrez aritu zen.

“Euskaraz zerbait berria kanta zitekeela erakutsi genuen” (Xabier Saldias, Egan taldeko sortzaileetakoa)

Badira 35 urte ikasketak alde batera utzi, eta herriko beste hiru gazterekin batera, Xabier Saldiasek Egan musika taldea sortu zuenetik. Hasieratik helburua garbi izan zuten: festetara euskaraz abestutako musika estilo berriak ekartzea.

Egan pasatu dira 35 urte. Nola gogoratzen duzu hasiera?

Niretzat izugarria izan zen. Orduan Enpresa Zientziak ikasten ari zen hemeretzi urtekoa nintzen, eta dena utzi eta musikan sartu nintzen buru-belarri. Ez nuen besterik buruan! Ikustean arrakasta izaten ari ginela, orduantxe joan ziren nire ikasketak pikutara! 54 urte ditut eta musika munduan jarraitzen dut.

Azpeitiko plaza, herriko festak, Eganen emanaldia. Zer oroitzapen datozkizu?

Azpeitia oso herri zaila da. Izan ere, azpeitiarrak asko nabarmentzen gara herritik kanpo gaudenean, baina herrian bertan zintzo-zintzo ibiltzen gara kalean gora eta behera, gurasoek-edo ikusten bagaituzte ere. Eta herria zaila bada, herriko plaza zailagoa! Urteren batean Olazko Amaren plazan jo izan genuen, eta askoz hobeto! Han tabernak daudenez, jendeak badauka bertan egoteko aitzakia, eta ez da hainbeste lotsatzen. Plaza nagusira sartzea, ordea, asko kostatzen zaio jendeari, lotsatu egiten da; aurretik pasatu bai, baina...

Zein izan zen arrakastaren giltza?

Ordu arte, erromeriak txistu edo trikitixarekin egiten ziren, eta ez zegoen euskaraz egindako beste musika estilorik. Gure asmoa euskaraz beste zerbait egitea bazegoela erakustea zen. Hala ere, guk ez genuen geure musikarik sortu, ezagunak ziren abesti arrakastatsuak euskaratzen genituen, Beathles-enak adibidez. Sua bezala zabaldu ziren; jendeak horrelako zerbaiten beharra zuela erakutsi genuen.

Ba al da bereziki gogoan duzun emanaldiren bat?

Berbenak beheraka doazela esaten dugu, eta gazteak ez direla joaten. Baina badago urtero eskema guztiak apurtzen dizkigun emanaldia bat: Iurretakoa. Txosnak jartzen dituzte, eta inguruko gazte guztiak hurbiltzen dira bertara.

Eta gertakari bitxiren bat?

Bizimodu horretan gauza zelebre asko gertatzen zaizkizu, eta azkenerako guztia normaltzat hartzen duzu. Baina bat aipatzekotan, gogoan dut Cadreitan, Tutera alboko herri txiki batean egin genuen saioa, 1979 inguruan. Atera kontuak, herria erabat erdalduna zen, eta gu, berriz, euskarazko gabon kantak abesten! Dena dela, ondo hartu gintuztela esango nuke.

Beti ilusio handiarekin jotzen genuen” (Joxe Mari Pelaes, Eganeko kide ohia)

Joxe Mari Pelaes zerbait beranduago hasi zen Eganen jotzen, anaiaren bitartez. Garai haietako giroa oso bestelakoa zela dio, jatorra, denak dantza egiteko prest egoten zirela eta gaur egun horrelako gutxi aurki daitezkeela.

Egan pasatu dira 35 urte. Nola gogoratzen duzu hasiera?

Oroitzapen onak ditut. Garai hartan Iruñeko talde batean jotzen nuen. Behin anaiak kitarrista bat behar zutela esan zidan eta halaxe sartu nintzen taldean. Oso garai politak ziren, beti ilusio handiarekin ibiltzen ginelako. Jendeak ere dantza asko egiten zuen, beti zegoen dantza egiteko gogoz; eta asko ziren.

Azpeitiko plaza, herriko festak, Eganen emanaldia. Zer oroitzapen datozkizu?

Azoka plazan egiten ziren kontzertuak oroitzen ditut, batik bat. Han dauden mahaiak-eta mugitzen genituen lekua egiteko, eta dena betetzen zen. Baita Azpeitiko plaza ere, baina Azoka plazakoa politagoa zen. Dena betetzen zen, kanpoko etorritako jende eta guzti.

Zein izan zen arrakastaren giltza?

Ez dago seguru jakiterik, baina nik bi arrazoi emango nituzke. Batetik, agian, euskaraz dantzaldietarako melodiak eskaintzen zituen talde bakarra izango ginen. Abesti atseginak ziren, bertsioak, kanta ezagunak ingelesetik itzuliak. Lan asko egindakoak. Bestetik, armonia bokala esango nuke. Guk bostok kantatzen genuen eta hori gaur egun ere ez da ikusten. Baina kontzertuez gain, jendearekin izandako harremanek ere izango zuten eraginik; kontzertuak bukatu eta jendearekin saltsan jarduteak, alegia.

Ba al da bereziki gogoan duzun emanaldiren bat?

Asko dira, baina Nafarroan bada Malloak izeneko dantzaleku bat. Ia bost mila lagun bildu ziren han. Barrara joateko ordubete bat behar zen han zegoen jendetzarekin. Baina garai haietan halako kasu asko gertatzen ziren. Bizkaian, Markinatik gora joanda, bada ermita bat eta bi baserri dituen leku bat. Han karpa batean jo genuen eta beste hainbeste jende bildu zen. Ikaragarria zen garai hartan zenbat jende joaten zen kontzertuetara. Oso giro jatorra egoten zen, gaur egun galdu den giroa.

Eta gertakari bitxiren bat?

Zarauzko mutil bat ezagutu nuen bizikleta hartu eta lehen aipatutako Malloako kontzertura bizikletan joan zena. Baita Donostikoak ere; trenean bizikleta eta guzti sartu, Bilbon jaitsi eta Arrigorriaga aldera bizikletan joan zena, hurrengo egunean nola bueltatuko ziren arrastorik jakin gabe.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak