Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 4,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Abuztua »  Iritzia »  Karitaseko tonbola

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Eta beste

Karitaseko tonbola

Kepa Susperregi

Ez dakit zein urtetan zen, baina urte batzuk pasatu dira dagoeneko. Saninazioak zirela eta, festa egunak baino lehenago idatzitako artikulu batean irakurri nuen Karitaseko tonbola plazan ikusteak gertu zeuden jai-egunen iragarpen gertatzen zitzaiola artikuluaren idazleari. Gertu zeuden festa egunen usaina somatzen zuela.

Festekin batera antolatu izan da azken 50 bat urtean Karitaseko tonbola. Gipuzkoako beste hainbat herritan bezala txanpon batzuk bildu eta beharrean zeudenei laguntza emateko asmotan. Belaunaldi ezberdinetako pertsonek hartu dute parte, orain arte, tonbola aurrera ateratzeko lanetan: tonbola antolatuz, plazan eraikiz, boletoak salduz, sariak banatzen... Kontatzen hasiz gero, ordu mordoska eskainitako jendea izan da, eta nola ez, gure esker ona merezi dute.

Antolakuntza aldetik, garai eta egoera ezberdinei aurre egin behar izan diegu. Kotxearen zozketa baztertu genuen; saltzen zen boletoen kopurua murriztu; herriko plazatik alde egin genuen; eta azken urteotan, jai-giroa parte zaharretik kanpora zabaldu da.

Era batera edo bestera aurre egin izan diegu zailtasun guztiei. Orain, aurrez aurre dugun zailtasuna ez da, seguru aski, txikiena, larrienetakoa baizik: erreleboa dugu arazo. Tonbolaren antolakuntzaz arduratuko litzatekeen talde berri baten falta.

Enpresen, erakundeen ‘markak’ daude orain modan. Bakoitzak berea behar omen du. Bere egitekoaren ezaugarri izango dena. Ez dut uste tonbola gure herriko Karitasen edo Parrokiaren ‘marka’ bakarra denik. Horietako bat bai, ordea. Azken urteotan jai egunetan herriko bizitzan ‘beste era batera’ agertzeko bidea eskaini diguna. Aurten, zoritxarrez, urratuko ez duguna.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak