Hau
Irabazi(ko) dugu!
Jokin Uranga
Hamar urte baino gehiago igaro dira Azpeitiko Gaztetxea itxi zutenetik. Hamarkada baino gehiago, gazteok ekimenak gauzatzeko ezinbesteko zaigun tresna baten defentsan borrokan ari gabiltzanetik.
Hainbeste denbora ez da luze joaten espetxean dagoenarentzat bakarrik. Gu ere atzera, oso atzera begiratu beharrean aurkitzen gara borroka honen hastapenen lehen urratsekin gogoratzekotan, gehienbat umemoko batzuk ginelako, askorentzat asko aldatu ez bagara ere.
Urte hauetan, hainbat gorabehera ezagutu ditu Gaztetxearen aldarrikapenak, bizi izan dira une intentsoak (manifak, fantasmen amesgaizto bihurtu ziren mamuak, gure gabezia honen erantzuleen etxeetara bisitak...) baita momentu hotzak ere, aurretik egindako lan guztiak ezertarako balio ez digunaren sentsazioa emateko bezain hotzak. Hala ere, gero ikusi dugu hori ez dela horrela eta egindako lana hor dela, gero, atsedenaldi eta indar metatze baten ondoren berriro heldu nahi bazaio ere. Asko dira inplikatuak: gazteak, Udala, zipaioak, munipak, epaileak, abokatuak... eta ahaztuko zaizkidan beste asko. Gogoratzen naiz, Udalarekin (Bastidarekin) negoziatzen saiatzea alferrik zen garaiez ere.
Ez gintuen mahaiaren bueltan hartzen, eta hartu gintuen gutxietan, jarrera autoritarioa erakusteko bakarrik izan zen. Garbi utzi nahi zigun bera han zen bitartean ez genuela Gaztetxerik izango. Orduan atera zen mamuen ideia (ona, portzierto) eta papelak galduarazi genizkion alkateari; horregatik kondenatu gintuzten bederatzi gazte.
Irabazi dugu, edo nahi bada, pauso erraldoi bat eman dugu, irabazteko dauzkagun gauzak modu duinean lantzen hasteko. Gaztetxea, ditugun kezkak eztabaidatu eta irtenbideak aurkitzen saiatzeko leku bat da. Ez dugu helbururik lortu, helburuak lortu eta irabazteko gune bat baizik.
|