Bat hirutara
Zezen haragirik gabe
Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin
Dira, dira zezenak dira nik harrapatzen bazaitut jo ta bertan hilko zaituk...’, horrela dio kanta batek. Saninazioak bertan direla eta, zezenketez ariko dira oraingoan Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin.
Mikel. Gogorik ba al daukazue aurtengo saninazioetan Meseta Torilera joateko zezenak ikustera? Izan ere, Club Taurino-ko kide batek sarrera batzuk oparitu zizkidak eta, egia esan, ez zakiat zer egin sarrera horiekin.
Xabier. Nork eman dizkik sarrera horiek? Aspalditxoan, Kaito Telebistaren bitartez tortura eta Espainiako kultura sustatzen ari den klub horretako kideren batek, akaso?
Haizkurgi. ˇNo coja nervio, quillo! Zezenketa ez duk tortura, kultura baizik. Egia duk Espainiako kutsuko kultura dela, baina gizarte aurrerakoi baten moduan, kultura ezberdin guztietatik onena hartzen ikasi behar diagu, guk geurearen dohainak munduan zabaltzen ditugun bitartean.
Mikel. Zuek biok bezala, euskalduna edo espainiarra baino lehenago, azpeitiarra nauk ni. Horrek esan nahi dik, txiki-txikitatik barruan daramadala festa zaletasuna, eta zuek ondotxo dakizue Azpeitian festarik ez dagoela zezenik gabe. Gora Azpeitiko festak eta zezenak!
Xabier. Nola egon zaitezkete harro gure herriko festez, bertan gupidarik gabe zezenak torturatzen direnean! Txarrena duk, ordea, zuek bezalako basapiztiek, tortura egoerak salatu beharrean gozatu egiten duzuela torturatzen. Batzutan lotsatu egiten nauk azpeitiarra naizela esanda.
Haizkurgi. Jo dezagun, oikiarra haizela. Kasu horretan ere, lotsatu egingo al hintzatake Oikian jaiotako gizaseme leiala haizela aitortzen? Badakik, ahoan tutua sartuta, pentsuz puzten dituzten oilaskoez ari nauk, larunbatero Iraetako merenderoan heure biziko grinaz irensten dituanak.
Xabier. Aitortu beharra daukak, ez dela gauza bera animalia bat jendaurrean nola torturatzen den ikusita gozatzea eta gizakiak elikatzeko animaliak hil beharra izatea.
Haizkurgi. Gizarte industrializatu honetan, ahora eramaten ditugun produktu gehienen atzean, animaliek sufritutako tortura ezkutatzen duk. Belarjale osoa ez haizen heinean, zezenketenganako hire kritikak guztiz funtsik gabeak dituk.
Hipokresi kiratsa ere dariela esango nikek.
Mikel. Nahi duana esango duk Xabi, baina saninazioak noiz iritsiko nagok, zezen-plazara joateko. Lepoa tente dudala eta dotore jantzita, han izango nauk ikuskizunaz gozatzeko prest, azpetiar jatorra izaki. Zezen-plaza atarian, pankarta inozo baten atzean jarri ohi diren hi bezalako sasi-azpeitiarrek ere, ez zidatek urteko egun handienean festa izorratuko.
Xabier. Lotsagarriena duk, zeuon burua abertzale euskalduntzat duzuen bitartean, Azpeitia bezalako herri euskaltzale bateko festak, Espainiako ‘festa nazionalarekin’ uztartu nahi dituzuela. Zuek bai zaretela sasi-euskaldu-nak!
Haizkurgi. Ez nahastu norberaren zaletasunak eta aberri sentimenduak, txo! Ni ez nauk hi baino euskaldun kaskarragoa sentitzen zezenen ikuskizuna gustatzen zaidalako. Gauza bat ikuskizuna duk eta bestea, oso desberdina, aberria. Zer proposatzen duk orduan, lehen mailako euskaldun horrek, egun guztian telebistaz pilota partidak ikustea trikitia entzunez, gure auzolagunak diren azkoitiarrek egiten duten bezala? Nik dakidala, futbola bezalako kirol batek ere, ez zeukak inongo euskal jatorririk, baina ondotxo dakik Euskal Herrian jarraitzaile gehien dituen ikuskizuna dela.
Xabier. Nahi duana esango duk, eta horretarako nahi dituan hitzak erabili, baina ni ez nauk hire joko zikinean eroriko. Orain arte gauza bat bakarrik gelditu duk garbi: zezenketetan tortura bortitza ematen dela, eta zenbait azpeitiarrek horrekin gozatu egiten duela. Hori gutxi izango ez balitz, zezenketak Espaniako kultura zapaltzaileren ikur bat besterik ez dituk. Nola nahi duk, beraz, nire herriko festak goraipatzea? Aurten ere, azkeneko urteotan bezala, Azpeitiko zezen-plazara hurbilduko nauk saninazioetan pankarta bat hartuta, zezenketen inguruan ematen diren egoera lotsagarri horiek salatzeko asmoz.
Mikel. Hire pankartak eta txatxukeriak bost axola zaizkidak niri. Azpeitiarra nauk eta harro nagok. Aurtengo saninazioetan hire omenez topa egingo diat zezen-plazan, zahatotik edandako ardoarekin. Saninazioak, alaitasun iturri baldin badira ere, aurtengo honetan pena pixkat bat ere badiat. Izan ere, Bitortxo harakin eta zezenzale porrokatuak bere harategia itxi egin berri dik, erretiroa hartu duelako, eta, beraz, zezen haragia dastatzeko
aukerarik gabe geldituko gaituk...
|