Libre
Ezkontzak
Koldo Aldalur
Begira. Ez dakit zuei gertatzen zaizuen edo inoiz gertatu zaizuen baina ni amorratua naiz kontatuko dizuedan hau egiteko. Norbait ezagutzen dudanean pentsatu ohi dut bere inguruko guztiak bere antzekoak direla. Frantziara joan eta janzkerari dagokionez lagun zabar samar batzuk ditudanez, pentsatzen dut frantziar oro hortera dela. Oporretan Conilen (Espainia) aste bat bakarrik pasatzea aski dut andaluziarrei buruz iritzi zehatz bat izateko; andaluziar denei buruz, jakina. Bi lekaime ezagutu nituen behin eta orain, bat-batean, badakit nolakoak diren lekaime guztiak, eta espainiarrak, eta dantzariak, eta irakasleak, eta... Eta homosexualak eta lesbianak.
Sinplismoaren eredurik garbiena ote den pentsatzen dut eta orduan, abrakadabra, pentsatzeari uzten diot eta kito.
Horrela dozena erdi bat homosexual eta lesbiana ezagutzea nahikoa dut eurei buruz ia dena jakiteko. Gizagaixoa ni. Nire lagun horiek ez dira inoiz nabarmendu alderdi baten barruan, baina galga berarekin eginak bailiren, kontzientzia sozial eta politiko garatua dute. Saninazioetan, ezkutuan, Erdi kaleko kantoira etortzen den mailua eta iltzearen jokoarekin gizona etorri dela ikustean, burura etortzen zaizkit lagunak. Jakina, urteetan iltzea izan dira, hiru kolpetan egurraren barruraino sartu behar izan dena. Bizi garen herri honen parte direnez, politikoki zapalduak; euskaldunak direnez hizkuntza aldetik zartatuak; eta izate sexualari dagokionez, diren bezalakoak direlako, puteatuak. Gizartearen mailuak hiru kolpetan ondoratuak eta, logikoa denez, horren aurka, lehen isilik eta aspaldian ohiuka eta harro.
Eta nik uste nuen homosexual eta lesbianak horrelakoak zirela izatez, nire lagunak bezalakoak. Beti oker ibiltzea ere ez da normala baina niri behintzat, tokatzen zait!
Ezkontzenko eskubidea. Puntu honetan azken asteotako albistea: ezkontzeko baimena eman omen diete homosexual eta lesbianei. Zeinek eta Espainiako Kongresuan biltzen direnek. Nire lagunei? Ezin dut sinetsi.
Beraz, ukaezinak diren eskubideez gain leloarena egiteko baimena aitortu diete: berrehun lagunetik gorako ezkontza; ¡viva los novios!; loreak eta larrosa; ¡que se besen!; Langostinoak, bostehun euro ordaindutako trajearen poltsikoetan gordeta. Unblenble! Paquito txokolatero! Amapuntakoak negar batean eta aitapuntakoak gonbidatuen sobreak kontrolatzen. Hirurehun euro bikoteko, eta erdi prezioan oraindik parekorik topatu ez dutenek.
Beraz, eman diete gainontzeko guztiak bezain leloak izateko baimena –ez da justu erabili nahi nuen adjetiboa–. Zorionak tranpa horretan eroriko diren guztiei. Maitasuna aldarrikatu eta azaleko festa egiteaz gain, oparia jasotzeko baimena eman diete.
Beno, hori guztia elizatik pasatzeko berezko afiziorik ez dutenak buruan dabilzkidala. Bestei, errespetu handiagoa.
Normalizazioaren bidean. Azkenean, agintean dagoenak badaki zer eman behar duen eta zer ukatu. Homosexual eta lesbianen eskubideei buruz hitz egin behar genuke beste edonoren eskubideei buruz bezalaxe. Iritsiko da egunen bat gai horri buruz ez da mahaingururik egingo komunikabideetan, eta “hori homosexuala omen da” bezalako komentariorik ere ez da entzungo. Akaso, norbaiti axola al dio hark edo besteak nola bizi duen bere sexualitatea? Norbenarekin nahikoa ez eta albokoari arreta jartzeak ere tristea behar du izan. Medikuarengana larri joandakoan, edo abokatuarena, edo nik zer dakit, esnezalearengana hurbildutakoan, belarriko mina, jarritako isuna edo umearen biberoia dira garrantzitsuak, ez aurrean duzun hark sofan, ohean edo hozkailu gainean noiz eta norekin egiten duen jakitea. On egin dagiela!
Gaur gauean azalduko dira nire lagunak, gazteek irekiko duten festan pintxo batzuk jan eta trago mordoska bat gorroneatzera. Hurbil daitezela mikrofonora eta zabal dezatela denok gonbidatuta gaudela euren bodara! Parre ederrak egingo dituzte. Eta datorren astean erdiak Erdi kaleko denda dotoreetara trajeak erostera! Ez dugu erremediorik.
|