Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 12,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Abuztua »  Iritzia »  Jardutearen plazerraz

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Jardutearen plazerraz

Alaitz Olaizola

Kamiseta tirantedunak, galtza motz eta txankletak... Begi-bista hainbeste alaitzen didanik ba ote... Kolorea han eta hemen zabaldua, hondartzako toaila biziak, zaharkituena ere koloretsu, buruko kapela alaiak. Aterkiak ere bai, udan euria eginez gero erabiltzen ditugun aterkiak, horiek ere koloretsuagoak dirudite uztailean. Azal beltzaranak, kolore biziz kontrastatuak, zerbait ederragorik ba ote?

Izan ere, badirudi, hilabetero aritzen naizen tarte honetan, topo lana egiten aritu eta gero, kontakatilu moduan. Han edo hemen ikusitakoa kontatzen eta gehienetan, salagarria iruditzen zaidan hori salatzen. Gaur, ordea, beste gorputz batekin esnatu naiz, beste begi batzuekin, beste gogo batekin. Izate soilaren edertasunaz gozatzeko asmo biziz, taxuzko ezer esateko gogorik gabe. Baikor. Bitxiena zera da, ordea: gaurko eguna ez dela atzokoaren oso desberdina izango, ezta biharkoa baino hobeagoa ere, baina berdin da, gaur kiratsa ere usain bihur dezaket, hala nahi izango banu.

Ez dago horretarako arrazoi berezirik, batere ez. Edo bai? Gutxi iruditzen ote zait, udako goiz arrunt batean umore onez altxatzeko gaitasuna izatea?

Filmetan eta, badago eszena bat, askotan errepikatzen dena eta sekulako inbidia ematen didana. Protagonista, erdi ilunpean dagoen egongelako eserlekuan esertzen da lasai, udako arratsalde batean. Kamiseta bat baino ez darama soinean. Musika goxo bat jarri du, soul edo greziar erromantikoren bat. Egongelako pareta hutsari begira geratzen da, musikaz gozatzen duen bitartean, lasai-lasai. Burutaziorik gabe, uneaz gozatuz. Eta inbidia ematen dit. “Probatu behar diat ba!”. Eta sekula ez da bera. Seguruenera jota, filmeko egongela nirea baino politagoa izango delako, edo eserlekua erosoagoa. Edo besterik gabe, ni ez naizelako filmeko hura. Noski, fikzioa eta errealitatea ez baitira berak. Hori izango da. Desberdintasunak desberdintasun, badago zerbait iguala filmean eta errealitatean: protagonista izatea. Askotan gertatzen zaigu, tokia ezin topatuta ibiltzen garela zenbait egoera edo tokitan, deseroso sentituko bagina bezala. Ba aizue, agian filmaren pasarte hori imitatzea oso terapia ona izan liteke.

Intimitatean protagonista izaten jakitea, baikortasun eta auto estimu altuaren seinale badela esango nuke. Une horretan jaiotzen baita “No, ondo bizi nauk ba!”, edo “ai, zein zoritxarrekoa naizen!”. Esaten dute ba, gorputzari entzun egin behar zaiola? Ba horrelako zerbait. Arima ere bilatuko genioke gure buruari geure ezustekorako!

Protagonista. Uda, kolorea, filma, musika, egote hutsa, intimitatea, baikortasuna protagonista. Uda koloretsuko goiz batean, filma irudikatuz, musika ederraren konpainian, egote hutsaren plazera sentituz, intimitatearen bakean, baikor, protagonista sentituz. Horixe aurtengo udaren definizioa. Salaketarik gabe, dena ondo balego bezala, gezurrik handienak ere sinetsiz, minik handienak ere estaliz. Etorriko baitira urtaro ilunagoak, goiz iluntzen duen horietakoa, hotz nazkagarria egiten duenekoa, apenas kolorerik gabekoak, baikortasun txikiagoa sentiarazten dizkiguten horietakoak. Meloi zati erraldoi bat jango nuke oraintxe bertan gustura asko. Seguruenera jota, kafea hartuko dudala esatea, meloi zati erraldoi bat jango nukeela esatea baino askoz ere literarioagoa izango da —filmeko protagonistak tea hartuko luke–. Uda da, ordea, eta meloia kafea baino koloretsuagoa izateaz gain, freskoagoa ere bada. Meloirik ezean, kafea hartuko dut lasai asko, eta freskatzeko dutxa eder bat. Bihar meloia bada, meloia, eta kafea.

Kabitu ezineko baikortasun ‘honetaz’, besteok kutsatzeko ahaleginak pena balioko zuelakoan, ez nuke oporretara alde egin nahi lagun bat gogora ekarri gabe. Bera, emazte eta seme alabak ditut gogoan, tamalez, ni baino ere etsituagoak jaikiko direnak azken egun hauetan. Ba, beraiekin hartu nahiko nuke kafe hori, meloia janez, baikorragoa izango duten egun horretan. Azkar izango ote da! Animoak beraientzat, eta besteoi, opor on!

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak