Hantxe bertan
Kontxita Etxeberria: "Euro laurden baten truk 300 laguni jaten ematen diegu"
Kepa Urbieta
Kontxita Etxeberria lekaime azpeitiarrak 76 urte ditu. Azken urteetan, Bolivian bizi da; badaramatza 38 urte. Lehenego aldiz deitu genionean: “*¿Está Kontxita Etxeberria?*”. Eta erantzuna: “*La Madre Alejandra está de viaje*”. Bigarrengoan harrapatu genuen, 14:15ean, bazkaltzeko garaian (Azpeitian 20:15 zirenean).
Zergatik ‘Madre Alejandra’?
Lehen lekaime izendatzerakoan izena aldatu ohi zen, ez dakit oraindik ohitura horrek jarraitzen duen. Nire aitak Alejandro izena zuen; hargatik aukeratu nuen izen hori.
Noiztik zaude Bolivian?
.1968tik. 38 urte daramatzat hemen.
Nolatan bukatu duzu zure herritik hain urrun?
Lekaime sartu nintzenean (orain dela 51 urte) Jaungoikoari bere eskuetan nengoela eta nirekin nahi zuena egiteko hitza eman nion, Ama Nagusiaren aurrean. Behin esandakoa bete egin behar da; Boliviara etortzeko esan zidaten, eta nik egin.
Nolakoak dira Boliviako zure egunak?
Goiz jaikitzen naiz, 05:30ean. Ordubetez errezatu, eta gero mezetara joaten naiz. Ondoren eskolak ematen ditut; mila ume ditugu eskolak hartzen. Erdiak goizetan etortzen dira eta beste erdiak arratsaldetan. Ohera ere goiz joaten naiz, 22:00etarako. Bazkariak ere ematen ditugu. Sei ‘alegria’ (XX) gaude hemen lanean. Egunero 300 bat lagun etortzen dira jatera, asteko euro laurden baten ordainetan. Primerako jakiak prestatzen ditugu (barrez).
Eta azkena: Azpeitira etortzen al zara?
Bai. Lehengo urtean hor izan nintzen, bi hilabetez. Hiru edo lau urtean behin joaten naiz horra.
Hango jendea
Kontxita Etxeberriari bertako jendeaz galdetzean, ahotsa aldatu zitzaion eta konbentzimentu osoz esan zuen bertako jendea oso ona izateaz gain, sufritzen dakien jendea dela: “Oso onak dira. Asko sufritu duen jendea da, eta sufritzera ohitua dagoena. Nekazariak dira gehienak”.
|