Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 8,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Uztaila »  Gurutz Ansola: "Helburua ez da euskara ez galtzea, hizkuntza normala euskara izatea baizik" »  Hiru Gurutz

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritzia

Hiru Gurutz

Pako Garmendia

Aspalditik ezagutzen du Pako Garmendiak (Azpeitia, 1946) Gurutz Ansola, biak garai batean elkarrekin aritu zirelako unibertsitatean irakasle, besteak beste

Gurutz Ansolaren sentitzeko, pentsatzeko eta jarduteko eran zer jotzen dut garrantzizkoen eta ohorezkoen oraindik ere eginkizun zaigun euskalgintzari begira?

1-. Gurutz euskaltzalea. Euskalgintzak, gaur ere, jende zaletua behar du. Alegia, bere aldeko apustua egiten duen jendea. Hori gaur horrela bada, are gehiago zen joan den mendeko 60. urteen erdialdean, Gurutz Ansola ezagutu nuenean. Urte haietako eztabaida gogorra zen, ea merezi ote zuen euskara ikasi eta erabiltzeak, euskaraz idatzi eta irakasteak... Ez ote genuen aurreko lanik, kontra genituen egiturak azpikoz gain jartzen. Batzuk esatera, aberrigintza jarri behar zen euskalgintzaren aurretik, euskarari berari ere behar bezala lagundu ahal izateko aberria askatu eta gero. Beste zenbait euskaltzale, zakurrari eta umeei bizpahiru esaldi euskaraz esanda asetzen zen. Baina bazen bestelako talde bat, Gurutzek eta beste hainbatek osatua, euskalgintza eta euskal herrigintza egunoro eta uneoro euskaltzale bezala jokatzean oinarritzen zena. Gure egiturak beti izango dira txikiak, auzo herrietakoekin alderatuta. Beraz, egiturarik onenak izanda ere, herritar bakoitzaren zaletasuna eta erabakimena ezinbesteko baldintza gertatuko zaizkigu euskalgintzan aurrera egiteko.

2-. Gurutz azterlaria. Bihotzik gabe ez dago ezer, baina bururik gabeko herri batean bihotzak ezingo ditu historiaren bide berriak ebaki. Eta herriak ez du bururik, herritarren buruetatik kanpo. Bere burulanean, gai esparru zabala erabili du Gurutzek. Ekonomia du bere bizitza osoko barrutirik landuena. Ikasle, irakasle, ikerlari eta idazle denez, ondo erakutsia. Baina ekonomiaren barnean, gizartea eta gizon-emakume jakinon zoria sentitzen duen pertsona da. Zertatik bizi galderaz ari denean, zertarako bizi galdera ahazten ez duena eta alderantziz. Bere buruaren jabe izan nahi duenak, bihotzaren erabakia ez ezik, buruaren argimena ere behar du. Argi bila etenik gabe saiatu izan da Gurutz eta 80 beteak dituenean ere horretan ari zaigu.

3-. Gurutz ekintzailea. Bere buru-bihotzen emana ekin-egin-eraginean erakutsi du Gurutz Ansola azpeitiarrak. Joan den mendeko 50. urteetan Egan aldizkarian idazle ezaguna eta 60. hamarkadan euskalgintza bultzatzeko ekimenik garrantzizkoenetan lanean ezagutu nuen. Euskaraz genituen aldizkari apurrak babesten, zaintzen eta indartzen. Jakin aldizkarian hainbat lan idatzia. Gogoan dut, gaur Argia dena, orduan Zeruko Argia zena, ixteko erabakia hartzear zeudela kaputxinoak, eta nola osatu ziren bi talde, bata ekonomiaz arduratuko zena, eta bestea idazlanak bultzatzera jarriko zena. Talde horietako kide bezala, kaputxinoen buruarekin negoziatzean hantxe zen Gurutz. Euskaltzaindiak 1968an Arantzazun egin zuen batzarrean ere hartu zuen parte. Ikastolak sortu eta bultzatzeko lanean buru-belarri saiatu zen. Unibertsitateko irakasle izaki, aurrena ekonomiaz klaseak euskaraz ematen Deustuko Unibertsitatean eta UEUn. Bi liburu, artikulu pila bat eta hamaika hitzaldi euskaraz. Herrigintzarako Alderdietan eta Herri Erakundetan ere lan nabarmena egin duena da; eusko legebiltzarkide eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria izan zen.

Bihotzez, buruz eta ekin-eginez euskalgintzan burutu duenak aitortzen du Gurutz Ansola ohorezko gure baitan eta bihurtzen du ikasbide ondorengo belaunaldientzat. Eskerrak, beraz, Gurutz Ansola euskaltzale azpeitiar jatorrari, eta eskerrak, orobat, bere emazte Miren Lasarte euskaltzale donostiar fin-finari.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak