Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Uztaila »  Argia ematen

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Komunikabideak

Argia ematen

Oihana Elduaien

‘Argia’ aldizkariak 2.000. alea bidean du. Hainbat azpeitiar aritu dira ‘pospolu’ lanetan, ‘Argia’ egiten; batzuek esandakoak bildu ditugu

*Argia*-ren Donostiako erredakzio zaharrean langileak. 80. hamarkada bukaeran ateratakoa da.  (Argia)

Bi milagarren aldiz argitaratuko dute Argia. 1919an inprimatu zuten lehen Zeruko Argia Bilboko Kaputxinoek. 1963an berriro argitaratzen hasi ziren, eta uztailaren 10ean 2.000. zenbakia aterako dute. Denbora horretan, azpeitiar ugari aritu da Argia-rako lanean. Hiruren esanak bildu ditugu, baina, haien eta beste batzuren artean Gurutz Ansolak, Leopoldo Etxeberriak, eta Ana Unanuek ere idatzi izan dute.

Donato Unanue

Taldeetatik independente ginen, buruz aske ginelako

.1970etik 76ra bitartean-edo aritu zen Donato Unanue Zeruko Argia-n. Hiru lagunek osatzen zuten orduan eguneroko lantaldea: Miren Jone Azurza zuzendariak, Mikel Atxagak eta Donato Unanuek berak. Horiez gain, hamabostean behin edo astero idazten zuten 15 bat kolaboratzaile zituzten, eta baita herrietako kronikak egiten zituzten 60ren bat ere. Horien guztien “enpresarioa” zen Unanue, berak dioen bezala. “Publizitatea lortu, inprentarekin hitz egin eta diru kontu denak nik egiten nituen”, dio. Idatzi ere idazten zuen, astean pare bat artikulu.

Gurutz Ansolak bultzatuta hasi zen lan aldizkarian Unanue. Gero, herrikide gehiago ere izan zituen lankide; Jose Artetxe esaterako. Artetxe ‘h’-aren kontuagatik joan zen Zeruko Argia-tik, Unanuek dioenez. ‘H’-aren eztabaida puri-purian zela, Xalbador Garmendiak aldizkariko testuak zuzentzen zituen. Artetxeri ez zitzaion gustatzen, nonbait, eta “alde egin zuen azkenean”. Kontu horre-gatik aldegindakoak 7-8 lagun ziren”.

“Euskara nekazari kulturatik hiri kulturara eramatea” zuten helburu. “Folkloristak ez” zutela izan nahi esaten zuten, eta EAJkoak haserretu egiten zirela gogoratzen da. Ez zitzaien, ordea, gehiegi axola besteak haserretzea. Izan ere, “taldeekiko independente” izan nahi zuten, eta halaxe zirela dio Unanuek, “geu buruz aske ginelako”. Helburua bete zutela dio: “Euskaldun sentitzen zenak Zeruko Argia irakurtzeko beharra izatea lortu genuen, batik bat Gipuzkoan”. Harro sentitzen da egindako lanarekin, “herriari zerbait eman genion”. Hura utzitakoan “Egin sortzera” joan zen Donato Unanue.

Joxe Luis Aizpuru

Ostegunero gau-pasa egiten genuen testuak bukatzen

Joxe Luis Aizpuruk urtebeteren bat egin zuen, Argia-n. 1989 inguruan hasi zen. Leioan EHUn Kazetaritzako Fakultatean Akerlanda izeneko euskara talde bat zegoen, eta Aizpuru handik bueltan hasi zen Argia-rako lanak egiten, Karmelo Landa irakasle eta HBko kidearen bidez.

Astelehenetan bilerak egiten zituztela akordatzen da, “Bilboko zentroan zegoen atiko batean”. Argia-ren lokala zen hura. Donostian zeudenekin “telefonozko bilerak” egiten zituzten; lan banaketa egiteko. Berak egindako artikuluen artean, Urolako trena gelditu zutenean egindakoa du gogoan Aizpuruk. Orriak entregatzeko larri ibiltzen zirela gogoratzen da. “Gau-pasak edo erdi gau-pasak egiten genituen ostegunetan”. Haien testuak jasotzeko zain Donostian egoten zen taldea ere gau-pasa egitera behartzen zutela esan daiteke. Haiek lan handia izaten zuten testuak jasotakoan egiteko: zuzendu, maketak egin... Ondo ikasiak zeuden Donostian lan egiten zutenak, “ohea eta guzti zuten”, dio Aizpuruk.

.1990ean, Euskaldunon Egunkaria sortu zutenean hara joateko aukera eman zieten Argia-n aritzen zirenei, eta Aizpuruk horixe egitea erabaki zuen.

Amagoia Iban

Nire artikulurik salbajeenaArgia’-n idatzi nuen

.1991. urtean-edo hasi zen Amagoia Iban Argia-n, EHUko unibertsitatean zegoela.

Orduan Lasarte-Oriako industrialde bateko pabilioi batean zeuden Egunkaria —beheko solairuan—, Susa —gela batean— eta Argia. “Barruko leihoak zeuden, eta irekita egoten zirenez, dena entzuten zen. Joxe Luis Aizpuru Pepe, Egunkaria-n aritzen zen orduan, zierrean, eta egunero-egunero entzuten genuen ‘Pepe! Plantxa!’ buila. Pepe plantxa deitzen genion guk Aizpururi. Orrien plantxak ikusten azkena zelako zen”.

Gehienak gazteak ziren eta Amagoia Iban behintzat, “indiziplinatua”. Horregatik, “kristoren gau-pasa piloa” egiten zuen idazten. Ez zion “neurria hartzen”, eta azken egunean lanak izaten zituen, erreportaiak garaiz entregatzeko. Kuluxka egiteko, kamaturka bat zeukaten Susa-ko gelan.

Behin, EHUri buruzko erreportai bat egin zuen, “bizian egin dudan salbajeena”, dio. Ertzaintza lehen aldiz EHUra sartu eta “egurra” eman zuen garai zen. Pablo Sastre “saiatzen zen” Amagoia Ibanen testuak zuzentzen. “Ertzaintza egurrean azaltzen zen argazki baten oinean ‘Ertzaintza beti bezala bere lana egiten’ edo antzekoren bat jarri nuen. Sastre ez zen ausartzen hori ezin nuela jarri esaten —zentsuraren kontra zegoelako—, baina... Azkenean, halaxe atera zela uste dut!”.

Argia-n lanean ari zela ezagutu zuen Joxemi Zumalabe zena. “Gutxi ezagutu nuen, berehalaxe hil zelako”. Hil zenean ezagutu zuela dio. Erreportaia egitea tokatu zitzaion. Bere lagun eta senideak bildu, eta mahai baten inguruan hizketan jardun zuten. “Askorentzat terapia izan zela uste dut. Ni harrituta geratu nintzen. Barre eta negar asko egin zuen jendeak arratsalde hartan”.

.1994 inguruan aldaketa egon zen Argia-n; Amagoiak utzi egin zuen. Egunkaria-ra joan zen.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak