Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Uztaila »  Apustuzalea (Azpeitia eta topikoak-5)

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Apustuzaletasuna

Apustuzalea (Azpeitia eta topikoak-5)

Miren Garate

Garai batean apustu asko egiten ziren herrian, orain ere horrela al da? Uztarria, apustu giroan ibiltzen diren edo ibili izan diren lau lagunekin izan da

1974. urtean Azpeitiko zezen-plazam jokatutako asto-proba.  (Jose Luis Iriarte)
Inaxio Aranguren. 
Inaxio Merketegi. 
Juanito Olaizola. 
Inaxio Arregi. 

Azpeitiarrei buruzko bosgarren eta azken topikoa argitzen saiatuko da oraingoan Uztarria. Apustuzaletasuna ezin da neurtu zenbakiekin, baina herrian giro horretan ibiltzen den jende asko dago, eta horietako batzuekin izan da Uztarria.

Herriarekin lotura handia duen ekintza izan da apustua betidanik. Hala ere, apustuak egiteko era, lekua, jokatutakoa eta beste hainbat gauza aldatuz joan dira urteetan. Adibide bat: Udalak apustuen aurrean izan duen jarrera ere ez da beti bera izan. 1732an, esaterako, idi demak jokatzeko, orduan zegoen harria baino txikiagoa inguratzeko agindu zitzaion alkateari. 1905-ean, ordea, alkateari herriarentzat mesedegarriak ez ziren apustuak ezerezean uzteko eta plazan jokatzen ziren apustuetan bitartekoei %25 kobratzeko eskubide osoa eman zitzaion. Izan ere, agintariek ez zuten begi onez ikusten apustuen inguruan sortzen zen giroa, nonbait herriko ordena asaldatzen baitzuen.

Apustuetan ateratako dirua ere ez da beti irabazleentzat izan. 1922an, adibidez, Marokon ziren herritar soldaduei, jokatutako apustuan lortutako irabazia bidaltzea erabaki zen.

Herriko apustuen berri izateko, desafio bitxiak onartu dituzte hainbat herritarrek. Batzutan hasierako helburuak lortu dituzte, besteetan ez da zorterik izan. Hona herriko apustuen inguruko balentria eta esperientzia batzuk.

Inaxio Aranguren: "Askotan erotuta nengoela entzun behar izan nuen"

Inaxio Arangurenek badu kontatzeko moduko marka bat, 1971ko apirilaren 11n egin zuen hura hain zuzen ere. Egun hartan Azpeitiko plaza nagusitik irten eta Erlo, Xoxote, Arauntza, Ernio eta Ońatzeko tontorrak ukitu zituen hurrenez hurren. 6 ordu, 42 minutu eta 30 segundo behar izan zituen buelta hori guztia egiteko.

Herriko elkarte batean hasitako eztabaida baten ostean bururatu zitzaion Arangureni marka hura egitea. “Eztabaidan ari ziren ea posible ote zen 12 orduan bost mendiak igotzea; nik, neure burua gai ikusten nuen eta 9 orduan egiteko konpromisoa hartu nuen”, kontatzen du Arangurenek. Marka ahalegin hura zela eta, herrian ere apustu ugari egin zen, Arangurenek berea hautsi bai edo ez. “Tabernetan-eta nik egingo ote nuen ala ez apustuak egiten hasi ziren, tabernariren bati papera kenduarazi ere egin nion, inork ez zezan dirurik gal”, azaltzen du. “Hi erotuta hago!” esaldia ere maiz entzun zuen. Baina Arangurenentzat ez zen hainbesteko sakrifizioa izan erronka hura. Ez zuen gaur egungo mendizale eta atleten prestakuntza fisikorik baina ohituta zegoen mendian ibiltzen. “Guk galtza motzik ere ez genuen, marka hura egin nuenean ere maonezko galtzekin joango nintzen seguru asko”. Errebalean bizi zen eta egunero-egunero egiten zuen Izarraitzetik buelta, goizean ez bazen eguerdian edo gauean berdin. “Mendira joatea beharra zen niretzat”, aitortu du Inaxio Arangurenek.

Goizeko lauretan irten zuen eta lehenengo bi mendiak —Erlo eta Xoxote— ilunetan egin behar izan zituen, linterna bat lagun hartuta. Mendi puntan lagunak izan zituen zain, janaria eta animoak emateko. Animo horiei esker-edo uste baino lehenago bukatu zuen lana; hasiera batean 9 orduan egin beharreko buelta 6 ordu eta 42 minutuan egin zuelako.

Ez du inoiz marka hura hausteko beste ahaleginik egin Arangurenek; bai, ordea, Joxe Apalantza errezildarrak. 5 ordu, 28 minutu eta 38 segundoko denbora behar izan zituen Arangurenen lan bera egiteko, 1993an. Beste norbaitek berak egindako marka hobetzeak penarik eman ote zion galdetzean, Arangurenek ezetz erantzun du; “guztiz kontrakoa, ea azkarragoren bat agertzen den orain”.

Inaxio Merketegi: "Aitak zioen apustua askotan mahaian irabazten zela"

Apustu asko jokatu da Azpeitian, bai mendian gora, bai frontoian edota zezen-plazan. Baina gaur egun apustuzale asko al dago herrian?

Azpeitiko eta gainerako herrietako apustuzaleen txoko izan da Pastorkua taberna urte askoan. Betidanik hala gogoratzen duela azaldu du Inaxio Merketegi Pastorkuako semeak. Aita zena oso apustuzalea zen, asko gustatzen zitzaion giro hori. “Ońatz auzoan jaio zen eta txikitatik ezagutu zuen harrijasotze eta aizkorako giroa; gainera, Antonio Sorazu harrijasotzaile ospetsua lehengusua zuen”. Horregatik izango da agian, Pastorkua herriko apustu eta herri-kirolzaleen erreferente. Hala ere, lehengo taberna lotzen du gehiago Inaxiok apustuzaletasunarekin (orain 13 urte eraberritu zuten), han askoz gehiago egiten omen ziren. “Mahaiak ere luzeak ziren, apustu girorako aproposagoak”. Irrati edo egunkarietan luzatzen zen desafioa eta ordu jakin bat jartzen zen onartu nahi zuenarentzat. Hura entzutean jende asko biltzen zen tabernara, kuriositateak bultzatuta gehienbat. Inaxioren arabera, “jendea batez ere jakin-minak erakartzen zuen, ea nork onartzen zuen apustua, zein harrirekin jokatuko zen, zenbat kanaerdiko eta abar. Aitak esaten zuen apustua askotan paperak egiterakoan, mahaian bertan, irabazten zela, plazara joan baino lehenago”, gogoratu du Inaxiok. Izan ere, berebiziko garrantzia izaten zuen Pastorkuako mahaiaren bueltan idatzitakoak, eta apustulari bakoitzak bere trikimailuak erabiltzen zituen. Batez ere, harrijasotze eta aizkoraren inguruko apustuak gogoratzen ditu Inaxiok; asto lasterketak eta idi-probak beranduagokoak direla dio.

Apustu guztien artean Izeta eta Landarregiren artekoa gogoratzen du. Aizkora apustua zen, eta milioi bat pezeta zeuden jokoan. 1981ean jokatu zen eta sekulako ikusmina piztu zuen, jangelan ehun lagun inguru bildu ziren. “Aiarrak ziren biak eta sekulako tirabira zegoen euren artean; azkenean, elkar joka bukatu zuten jangelan bertan”.

Gaur egungo giroaz galdetuta, ez dagoela batere girorik azaldu du, apusturik ere ez dagoelako. “Olasagasti eta Erasunek jokatuko dute hurrengo apustua, uztailaren 17an Andoainen, baina gainerakoan ez da egiten apusturik”.

Hala ere, Urrezko Aizkora eta Harrijasotzaileen Pastorkua Memoriala bezalako txapelketak jokatzen dira oraindik, eta txapelketa egunetan nabaritzen dute jende gehiago joaten dela tabernara afaltzera edo bazkaltzera.

Juanito Olaizola: "Oraingo lana zailago da, ezin baita jakin dirua nola dagoen"

Apustuzalea izan da Juanito Olaizola betidanik. “Harrijasotzea, aizkora, ahari jokoak eta horrelakoak asko gustatzen zitzaizkidan, aita bera ere artekaria zen, eta gero frontoian hasteko gonbidapena egin ziguten”. Hala hasi zen Olaizolaren artekari ibilbidea. Geroztik 30-31 urte egin zituen frontoietan lanean, orain hamar urte erretiratu zen arte.

.80 urteko gizon honek gauza asko ikusi ditu frontoietan; ordaindu gabe alde egiten zuen jendea, kasu. “Gu despistatu samar geundenean ordaindu gabe alde egiten zutenak-eta asko izaten ziren, orain kontrolatuago dago hori”. Gaur egun ez da asko joaten partidetara, “zahartu” egin omen da horretarako, baina oraindik ere jarraitzen du komunikabideen bidez. Pilota oso aldatuta ikusten du. “Garai ezberdinak dira eta pilotak ere aldatuta daude; orain sei koadroan botea egin eta bederatziraino joaten da, jokatzeko zailagoa da”.

Artekariek lan franko izaten zuten Olaizolaren garaietan, astelehena izaten zuten atseden egun bakarra. “Asteartetan Gasteizen izaten ziren partidak, asteazkenetan Bergaran, ostegunetan Eibarren, ostiraletan berriz ere Gasteizen, larunbatetan Bergaran eta igandeetan Eibarren”, dio. “Eibarrekoa eta Bergarakoa izaten ziren frontoirik onenak”. Frontoian ezagutzen duen apusturik handiena Luxie azkoitiarrak eta Latasa sunbilarrak Donostian jokatutako partidan izan zen, milioi pezeta erdikoa hain zuzen ere. Apustuetan bitartekari lanak egin ditu batez ere Olaizolak, baina berak ere jokatu du noiz edo noiz: “Batzuetan galdu egiten nuen eta besteetan irabazi, ez dago beti irabazterik”.

Pilotaren bilakaeraren lekuko izateaz gain, apustuak egiteko era nola aldatu den ere ikusi du. Egun, Internet eta telefono bidez ere egin daitezke apustuak. “Lana zailagoa da horrela, ezin baita jakin dirua nola dagoen; izan ere, ni telefonoz ari naizen bitartean, agian beste artekari batek igo egiten du”. Bestalde, gaur egungo apustuzaletasunari buruz galdetuta, lehen baino gutxiago jokatzen dela uste du. Hala ere, “boladak” izaten direla dio. “Aimar Olaizola eta Martinez Irujoren arteko finalean diru asko jokatu zela entzun dut”. Hori bai, lehen gehien zesta puntan jokatzen bazen, orain eskuzkoan jokatzen dela dio.

Inaxio Arregi: "Jendeak marka txarra egin nuela esaten zuen"

Apustuzalea da Inaxio Arregi; apustu bitxien zalea, gainera. Haren apustuen artean butano bonbonarekin egin zuena eta 104 kiloko burdin zatia sorbaldan hartu eta Urko mendira (Eibar) igo zenekoa daude.

Lagunarteko afari batean otu zitzaion Arregiri butano bonbona hartu eta Azpeititik Erniora arteko joan-etorria egitea. “Kaxero-k ordu eta bost minutuan egin zuela Azpeititik Erniorako buelta esan zidaten eta ez zela inor gai izango marka hura hausteko; nik, orduan, kirol asko egiten nuen eta neure burua hura hausteko gai ikusten nuen”. Pentsatu eta egin. Hiru ordu eta 38 minutu behar izan zituen ibilbide bera egiteko.

Bigarren apustu bat ere egin zuen Arregik, orain dela bi urte eta erdi. Antza, 65 urte lehenago Juanito Zuloaga Eibarren Urko mendira igo zen 104 kiloko burdin zatia soinean hartuta. Hiru ordu eta erdi behar izan omen zituen horretarako (Arregik zalantzak ditu denboraren inguruan). Hura entzunda, ingurukoak zirikatzen hasi zitzaizkion, berak hobetu beharko zuela, dirua egongo zela tartean eta horrelakoak esanez. Eta halaxe onartu zuen erronka. Astean bizpahiru egunez entrenatzen zen, bere erara. Zuloagak erabili zuen burdina aurkitzeko ere egin zituzten eginahalak, baina ez zuten topatu. Azkenean, 2002ko abenduaren 15ean egin zuen marka hobetzeko ahalegina Arregik. Ez zuen lortu, sei ordu eta 45 minutu behar izan baitzituen Urko mendia mendean hartzeko. Nolanahi ere, bera gustura geratu zen: “Jendeak marka txarra zela eta edonork hautsiko zuela esaten zuen, baina inor ez zen agertu hura hobetzeko asmoz”. Izan ere, handik hilabete ingurura desafioa bota zuen Arregik. “Nik esan nuen nire pisu bereko edonori jokatuko niola, baina ez zen inor agertu”.

Arregi ez da damutzen egindakoaz baina kezka puntu bat geratu zaio. “Ingurukoek asko sufritu zuten, eta neure buruari maiz galdetu izan diot ea zenbateraino merezi duen horrelako gauzak egiteak”. Etorkizunean ere apusturen bat egitea ez du baztertzen, baina etxekoek eta ingurukoek sortzen diote kezka.

Apustuazaletasuna galtzearen arrazoia dirurik eza da Arregiren ustez. “Gaur egun jendeak zor handiak ditu, etxea ordaindu, seme-alaben gastuak...”. Era berean, uste du jendeak gustuko duela apustuen inguruan sortzen den giroa, baina inor ez dagoela prest lanetik irten eta horrelako zerbait prestatzen hasteko. Hala ere, Arregik dio etorkizunean ere izango direla apustuak; hori bai, “ez dira ahalegin gogorrak eskatzen dituztenak izango”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak