Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Uztaila »  Iritzia »  'Cypaetus barbatus': indartsuenen legea edo

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bat hirutara

'Cypaetus barbatus': indartsuenen legea edo

Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin

Txirrindularitzan dagoen balizko dopajeaz aritu dira oraingoan hiru gazteak, Mikel Sabiñanigoko proba gogorra prestatzen ari zela eta. Azpeitian hainbat lagun ibiltzen da bizikletan, eta seguru asko antzeko komentarioak egiten dituztela...

Xabier. Hi Mikel, jo eta su ikusten haut azkenaldi honetan bizikletan. Tourrean parte hartzekotan al haiz ala?

Mikel. Tourrean ez baina Sabiñanigoko lasterketan bai. Iaz ere parte hartu nian, baina gorriak ikusi nitian helmugara iristeko. Aurten, ordea, askoz gehiago entrenatu nauk eta, bide batez, mediku baten aholkuak jarraitzen ari nauk duintasunez bukatzeko behintzat lasterketa.

Haizkurgi. Aholkuak besterik ez?

Mikel. Pello Zabalak bero handia iragarri duenez, medikuak gatz mineral eta bitaminadun pilula batzuk errezetatu zizkidak. Badakik, errazago indarberritzeko...

Haizkurgi. Orduan bitaminak besterik ez ditik eman medikuak. Ulertzekoa duk, duela egun batzuk Europako produktu dopagarrien laborategirik handiena antzeman zutelako Madrilen, eta orain zuok, gaixook, esku hutsik.

Xabier. Ez hadi aho beroa izan, moteil! Hobe hukek hik ere Habanako purutxo horiek erretzeari utzi eta ariketa gehiago egitea, hauek bezala.

Haizkurgi. Arazoa hor zagok! Kirola, guztiz gizarte lehiakor honen isla bilakatzean, ondo pasatzea eta osasuna bigarren mailako helburu izatera pasatzen dituk eta norgehiagoka basatiak hartzen dik lekua. Kirolean, norgehiagoka egotea, izatez ez duk kaltegarria; askotan ona dela ere esango nikek, lagunartean gatza eta piperra jartzen duelako, baina garbi izanda beti non dagoen muga. Izan ere, azkenean, lagunarteko lehia jator eta osasuntsu batetik, medikuak errezetatutako produktuak hartzera jauzi txikia zagok.

Mikel. Hi adarra jotzen ari al haiz? Sabiñanigoko probak 200 kilometrotik gora ditik, larunbat honetan, gainera, bero izugarria espero diagu eta zer nahi duk, Albergako ura soilik edanda betetzea proba osoa? Nik gatz mineralak eta bitaminak hartzea besterik ez diat pentsatzen; beraz, ez fikziodun pelikula arrarorik asmatu.

Haizkurgi. Erantzuidak: eskua sutan jartzeko gai izango al hintzen, Sabiñanigoko lasterketan aurreneko ehun postuetan gelditzen diren txirrindulariek ‘positibo’ ez dutela emango odol kontrolik eginez gero? [Isilunea...]

Xabier. Jakina duk zenbait kirolari profesional dopatzen dela; izan ere, kirolean ere iruzurtiak egon bazaudek, baina dopina kirolean ez duk ohikoa, are gutxiago sasi-txirrindulari hauen artean.

Haizkurgi. Nolatan eror hinteke komunikabideek eta kirolaren botere eragileek dopinaren inguruan sortu duten isiltasunaren sare faltsuan? Ez al haiz jabetzen kirol talde guztietan edozein kirolariren gainetik mediku ‘jakintsu’ baten fitxaketa dagoela? Zergatik ote?

Xabier. Nik ez diat ukatuko, medikuek kirolean aspalditxoan bereganatu duten rola gutxienik susmagarritzat jo ez daitekeenik, baina pasatzen dituzten kontrol guztiak pasatuta ere, positibo kasuak oso urriak dituk.

Haizkurgi. Hi betiko moduan, platerean ipinitako guztia irensten. Nola argudiatuko hukek orduan, Euskaltelek iazko Tourrean jasandako gainbehera sineskaitza, euren medikua atxilotu ostean? Non kokatuko hituzke Jimenez, Pantani, Galletti edo beste hainbat kirolariren heriotza ilunak? Non zaudek komunikabideak kasu horiek salatzeko eta gizartea jakinaren gainean ipintzeko?

Mikel. Hik aipatutako kasuak kezkagarriak dituk, baina zer proposatzen da orduan, aipatutako kasuoi argi izpi bat emateko?

Haizkurgi. Nik, tenisean eta NBAn egiten den bezala, beste kirol guztietan ere kirolarien errendimendua hobetuko luketen produktuen gaineko kontrol guztiak ezabatzea proposatzen diat. Horrela, kirolariek uneoro jakingo lukete zer hartzen ari diren eta zer ondorio izan ditzakeen, eta, halaber, zeintzuk diren beraien gorputzaren mugak. Era berean, legez kontrako produktuen ‘merkatu beltza’ bukatuko litzateke eta kirolariak ez hituzkek ezkutuan, gaizkileen moduan ibiliko zer hartzen ari diren jakin gabe. Kirolean, norgehiagokarik balego, garbia izan behar dik, kirolarien osasuna izanik garrantzitsuena.

Mikel. Zoratu egin al haiz? Kirolariei ‘barra librea’ ematea ez duk inongo soluziorik. Hori kirola galbidera bultzatzea izango hukek.

Xabier. Pentsatzen jarrita, Haizkurgik arrazoi izan zezakek, kirolean dopina nik hasieran uste baino errotuago dagoela. Bestela, nork esango zidak zer ziren Aimar Olaizolak buruz buruko finalean erdi ezkutuka irentsitako pilula haiek?...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak