|
|
|
Eta beste
Festen zaporea
Ainhoa Odriozola
Saninazioak urrun dabiltza oraindik baina sargoriak eta zurrumurru batek festetan pentsatzen jarri naute: Karitaseko tonbolarik ba ote den aurtengoan. Festazale arrunta naiz, baina zalea. Saninazioak ez dira nire festa faboritoak; kanpora begira pentsatutako festa batzuk direla dioen lehena ez naizelakoan nago. Pena emango lidake tonbolarik ez egoteak. Korridarik gabeko saninazioak bale, baita Alcatrazik gabekoak ere, aitortzen hasita baita San Inaziorik gabeko saninazioak ere, eta estutzen banauzue, etxafuegorik gabekoak ere bai. Baina melokotoi poterik gabekoa ezin dezaket imajinatu, saiatuta ere.
Herriko festa nagusiei kolore bat atxikitzekotan, ez nuke lepo zapietako zuria aukeratuko, tonbolako boletotxoena baizik. Haiek urdin, plaza urdin; haiek arrosa, plaza ere arrosa. Txikitako irudi bat da plaza koloreztatuarena. Zerbait herrikoirik bada festa aseptiko hauetan, tonbola da; non elkartu bestela, zahar gazte eta ume, bertako eta kanpotar, denak boletotxoen sukarrak hartuta? Helburu laudagarria, sari potoloak, sari xumeak, baina protagonista, sari izarra, melokotoi potea. Tokatu arteko bakerik ez. Gure etxean tradizioa: ea nork ekarri lehenengoa, ea aurten zenbat... Tira eta tira papertxoei (eta poltsikoari) tokatu arte, eta irtendakoan sentitzen den poza, urruneko familiarteko bat ikustearen parekoa. Aparteko kontua da melokotoiak irten arte tokatzen diren beste sariena. Hor joaten gara etxera melokotoi potea bai, baina hiru xanpu pote, gaileta eta ilobentzako jostailurekin. Harrigarriena da ez garela poteko melokotoi zaleak, supermerkatuko baldan begiratu ere ez diogu egiten. Tonbolako melokotoiak beste gustu bat du, sinetsidazue, partikularra, diferentea, giro euritsu eta zakarrenean irekita ere ustekabean festetako ilusioz jarriko gaituen zaporea. Dastatzen jarraituko al dugu?
|