Hau
Puntuen arteko distantzia
Aitor Aranguren
Prentsan irakurritakoak kezkatu egin nau: Iraurgi Lantzen —Azpeitia eta Azkoitiko udalak, beraz—, Azpeitia eta Goierri (Beasain-Ezkio Itsaso) lotuko dituen errepide berri bat (Azkaratekoaren antzekoa) egitea bultzatzen ari da Nuarbe, Matxinbenta eta Mandubitik pasatuz.
Ez da Etxenike fisikari ospetsuaren adimena eduki behar bi punturen arteko distantzia txikiena lerro zuzen bat dela jakiteko, baina Gipuzkoako erliebea nolakoa den jakinda herritik herrira eta, zer esanik ez, bailara batetik bestera, errepide zuzen bat egitea ezinezkoa da. Guztioi gertatzen zaigu, eguneroko eta epe motzeko tiraniak ito eta itsutu egiten gaitu eta bazter guztietara ahal den hurbilen eta azkarren heldu nahi dugu. Zertarako errepide gehiago? Azkarrago heltzeko? A-8 autobidea ez zaigula Erdi kaletik pasatzen? Ba bai, pena da, zer egingo diogu ba! Baina, hobetu badaitezke ere, A-8arekin lotura azkarrak dauzkagu, bai iparraldera eta bai hegoaldera, eta gaur Goierrira heltzeko bi errepide. Zuzenak ez, ados. Baina gaur ere, lehen ez bezala, Bergarara bat-batean heltzeko aukera daukagu Elosu igaro beharrean, eta Beasain-Durango errepideko Bergara-Zumarraga tartea bukatzen denean ere hirugarren aukera izango dugu Zumarragara heltzeko bihurgunerik gabe eta umeak mareatu gabe. Zein da aldea? Zenbat minutu? Denbora irabazteak errepide bat justifikatzen al du?
Gainera, errepide hori bultzatzen gabiltza, jakinda Gipuzkoako Foru Aldundiak hurrengo hamar-hamabost urteetarako ez duela aurreikusten errepide hori; horma bati burukadak ematea bezalaxe, beraz. Eredu izan gaitezen hurrengo belaunaldientzat. Errepide berriak, rallyak, kart-en karrerak herri barruan, azken batean abiadura eta zarata promozionatuz, ez goaz bide (edo errepide?) onetik.
|