Libre
Norbaitekoa
Xabi Borda
Ederra da uztaila ikasleontzat. Ikasturte gogorraren ondoren, hainbeste amestutako eta ustez merezitako oporrak dakartza uztailak. Azterketak bukatu eta giharrak erlaxatzeko bi hilabete izaten ditugu aurrez aurre. Bi hilabete, ikasturtean zehar, denbora faltagatik, egin gabe utzi ditugun gauzetarako: gela txukuntzeko, bizikleta konpontzeko, norabait bisitan joateko...
Gaur egun, ohikoa bihurtu da oporretan kanpora irtetea. Edozein helmuga ipini, dela Salou dela Birmania, eta hor goaz autoz, hegazkinez, trenez. Irtetea bera da garrantzia duena. Berdin du nora: Italiara pasta desberdinak probatzera edo Holandara tulipanak erretzera. Irtetea da kontua, alde egitea. Denok behar dugu, tarte batez bada ere, askeak garela sinetsaraziko digun zerbait. Geure herrira ez garela lotuta bizi sumatzea. Nahi dugulako gara azpeitiar; ez halabeharrez.
Horrela dio Jose Luis Otamendik Jendetasuna poeman: “Nik ere beste nonbaitekoa izatea nahi nuke boladatan / eta boladatan hemen bertakoa / eta batzuetan beste norbait izatea nahiko nuke”. Bada, nik ere bai.
Hiri usteko herri txiki bat da Azpeitia; herri itogarri bat. Zerbitzu eta prestakuntza aldetik, beharbada, badu hiri itxura. Baina jendarteari dagokionez, bestelakoa da kontua. Azpeitia gertuago dago Abaltzisketa bezalako herri batetik Donostiatik baino. Hala iruditzen zait niri, behinik behin. Hemen, begiak erne jarriz, erraz sumatuko dituzu azpeitiarrak kurtinen atzetik begira. Eta belarriak zorroztuz, mihi gaiztoak entzungo, direnak eta ez direnak esaka. Nik ere batzutan beste nonbait esnatzea nahiko nuke.
Hirian bizitzeaz. Hiriak beste neurri batzuk ditu. Neurririk baldin badu, batzutan infinitua dela ematen baitu. Ez duela hasierarik, ez duela amaierarik. Eta bertan dena dela posible. Edonor topa dezakezula edonon eta edozer egin dezakezula edonoiz. Hiriak, lilura berezi bat pizten du. Askatasun ilusio bat. Gezur bat.
Jendea da hiria, ez beste ezer. Kalean jendea eta jendea. Goizean, arratsaldean eta gauean jendea. Ikastetxera joateko, metroa hartzen nuen. Beti ordu eta toki berean. Ni eskaileretan behera eta jende multzo handi bat gora. Egunero saiatzen nintzen norbaiten aurpegia gogoan jasotzen. Baina, gezurra badirudi ere, hurrengo egunean ez nuen inor ezagutzen.
Hiriak ez dizu inoiz amore emango. Hiriak ez dakizki ‘egun on’, ‘gero arte’ eta horrelakoak. Goizeko metroan, inork ez dizu galdetuko, “zer, klasera?”. Inork ez du zure berri; ez duzu inoren berri. Eta horrela behar du, askatasun lilura hori galduko ez bada. Hiriaren handitasunak, ordea, norbanakoa ia huts bihurtzen du. Bat gehiago; deus ez. Handia bezain hotza, hiriak ez du inor maite.
Makokola. Oihana ez da orain Azpeitian bizi. Ezta hiri handi batean ere. Makokolan dago Oihana. Horrek herri txiki bat izan behar du, gure ustezko lehen mundu honetatik urruti dagoena. Bestelako etxeak dituen, bestelako bizimodua, bestelako jendea bizi den herritxo bat. Angolan dago Makokola.
Haren lagunak eta gure koadrila taberna berean biltzetik ezagutzen dut Oihana. Egia esan, gehiegi ere ez. Baina behin, elkarrekin topatu ginen batean, bere asmoen eta ilusioen berri eman zidan. Orduan esan zidan Mugarik Gabeko Medikuekin joatekoa zela norabait (artean ez zekien nora). Medikua da Oihana.
Afrikatik heltzen zaizkit orain e-mailak, hango bizitza kontatuz. Benetan liluraturik naukate haren istorioek. Zain-zain egoten naiz hurrengo eskutitza noiz jasoko. Ez dira kontu politak izaten beti: ume gutxi elikatuak, birus izugarriak... Baina baita bestelakoak ere, hango festatxoak edo bertako jendearen ateraldi zelebreak. Mezu horietan, egun hain eskasa den bizi-gogoa nabari da: beti aurrera egiteko kemen eta indar hori. Batzuek, irri batzuen truke, dena ematen dute. Batzuek adorea dute.
Horrela jarraitzen du, lerro batzuk aurrerago, Otamendiren poemak: “Askotan nonbaitekoa baino / norbaitekoa izan nahiko nuke / ... / zure kolorekoa izan edo beste norbaiten begietan bizi”. Bada, nik ere askotan norbaitekoa izan nahiko nuke. Oihana bezalakoen kolorekoa izan edo euren begietan bizi. Besarkada bat, Oihana.
|