Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Uztaila »  Iritzia »  Motoen zarata

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Motoen zarata

Alaitz Olaizola

Ospe oneko herrian bizi garela esanez hasi nahiko nuke. Mendiz inguratutako herri honek, kanpotar askoren bisitak jaso ditu urte luzez, eta horretan, zerikusi handia izan du Loiolako santutegiak. Itxura ona dauka gure herriak kanpora begira. Bizilagunok ere ez gaude gaizki ikusiak, handiki ospea badugu ere. Ondo irabazia inondik inora ere! Izan ere, itxurakeriak asko balio du gure herrian.

Itxurak itxura, herritarren artean, halako kezka puntu bat ikusten hasi naiz, gure herria eta bertako bizi kalitatea dela eta. Bat-batean, irudi azkar batzuk datozkit burura: kultur etxerik gabeko herria, etxe erosi ezinez betetako hiria... Eta orain, azkenaldian guztion ahotan dabilen motoen arazoa.

‘Arazoa’ diot, neronek ere arazo moduan ikusten dudalako. Lehen gutxi ez ditudala eta orain tik nerbioso berri bat dudala jabetu naiz. Okerrena hori da, tik nerbiosoa izan eta neroni konturatzea horretaz! Motoekin gurutzatzean, belarriak ixteko ohitura hartu ez dut ba! Automatikoa da. Motoa datorrela sumatzean, eskuak belarrietara jaso eta pasatu artean hantxe izaten ditut. Bitartean, ingurukoei begiratu bat bota, eta guztien aurpegian suma dezaket keinu desatsegin bat, motoen burrunba nazkagarriak eragindakoa duda izpirik gabe. Kontu berria al da? Ez, jakina ezetz. Baina oraingoan, desberdina dela esango nuke, herritarrak jarrera bat hartzen hasiak daudelako, eta hain pasiboa dela iruditzen zaidan herri honetan, berri pozgarria dela esango nuke, jendearen ahotan kontu hori entzutea eta salatzea. Pena bakarra daukat, hala ere: zarata egiten duen zerbaiten inguruan zarata atera beharra, isilean desegoki dauden hainbat kontu, gutxi batzuen kezkatzat hartuta. Baina etorriko zaio bakoitzari bere garaia, salaketa bakoitzari bere mobilizazio ordua, bizi kalitatea kutsadura akustikotik haratago doala jabetzen garenean.

Motoei helduz, herritarrak bi tokitan ikusi ditut salaketak egiten. Batetik, uztarria.com-en, eta bestetik, Euskadi Irratian. Irratira, emakume batek deitu zuen telefonoz: “Azpeitian bizi kalitatea oso txarra da”. Trafikoaren inguruan ere aritu zen.

Errudunak. Norena da errua? Nork dauka ardura? Nire ustez, herritar guztiok, horrelako egoera batera iristen uztea onartzeagatik. Orain, tamalez, toki guztietan egoera jasanezina salatu behar. Udalak, kontrol zorrotzagoak jar ditzake, eta badakigu udaltzainak kontrolak egiten hasi direla. Ondo, hori ere beharrezkoa da, baina lehengoan Artetxeneko parean zegoen kontrolean moto gutxi ikusi nituen, kontrolak saihestea oso erraza delako. Udalak ezin al die motoen konponketa eta salmentan aritzen direnei ardurarik eskatu? Galdera soil bat da, ez baitakit noren eskumenen barruan sartzen den afera hori. Motoristek, gurasoak ere izango dituzte ba toketxo bat emateko... Herritarrok ere zuzenean jo dezakegu haiengana, egoeraren jasanezina salatuz. Abiadurak eta zaratak, ez du inor handiagoa ez eta hobea egiten. Edo akaso bai?

Kutsadura akustikoari, abiadura gehituz gero, bonba batean bilakatzen dira motoristak eta motoak. Duela egun gutxi, ondotik pasatu zitzaidan moto gidari ero bat, eta belarriak estaltzeaz gain, begiradaz jarraitu nion. Abiada handian zihoan beste moto baten atzetik, eta zebrabide baten aurrean, bertatik igarotzen ari ziren aiton-amonak eta horien lau bilobek kolpera gelditu behar izan zuten. Aiton-amona haien aurpegi zurbila datorkit gogora, motorista bat ikusten dudan bakoitzean.

Tarteka, Landetako errotondan, auto gidari suizidak ikusten ditudanean, moto gidari gazte ero horiek etorkizuneko auto gidari arriskutsu bilakatuko ote diren galdetzen diot neure buruari. Abiadura ederrean bizi dira batzuk, eta ez nuke aurrean egon nahi hartuko duten zartadakoa ikusteko. Niregatik, errudunak kaltetu gabe beti ere, har ditzatela bakarren batzuk, herritarron salaketa aintzat har dezaten. Egoerak onera egin bitartean, bakoitzak zain dezala bere burua! (Azkenean, horixe baita normalean egiten duguna).

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak