|
|
|
Politika
Hirukia geurean
Laxaro Azkune eta Ihintza Agirretxe
Maiatzak 11. Raxoi eta Zapatero arratsalde osoan aritu dira politikaz, eta Uztarriak Urrestillan du hitzordua Etxezarreta, Garmendia eta Errazkinekin
|
|
Ramon Etxezarreta, Pako Garmenda eta Iñaki Errazkin, maiatzaren 11n, Urrestillan, mahainguruko une batean.
|
|
|
|
|
|
|
|
Uztarriren jaioterrian, Pako Garmendia, aitaren aldetiko jatorriz urrestildarra; Ramon Etxezarreta, urrestildar petoa; eta Iñaki Errazkin elkartu zituen Uztarriak. Espainiako estatuan Zapatero eta Raxoi bero-bero eztabaidan ari ziren bitartean (maiatzaren 11n), patxadan eta giro oneko solasaldia izan zen Urrestillakoa, Etxezarretaren etxean. Azken hauteskundeen ondoren indar hartu du “hirukiaren” kontuak: EAJ-EAk, PSOEk eta ezker abertzaleak osatutakoak. Gonbidatuak ere asmo horrekin deitu genituen: Garmendia euskalgintzan nabarmendu da abertzale historikoen ildotik —“Ibarretxe Planari bozkatu diot nik”—, Etxezarreta PSE-EEkoa kidea da, alderik euskaldunenetakoa, eta Errazkin ezker abertzaleko kidea da (Batasunaren
ordezkaria mahainguruan).
1- Historia
Pako Garmendia. “Hirukiaren kontu horretan bada gauza bat iraunkorra dena, eta trantsizioan irauten duena, ez da koiuntura kontua. Trantsizioa hasi zenean proiektu asko aurkeztu ziren, baina hiru joera nagusitu ziren. Alde batetik, joera konstituzionalista zegoen, talde asko zeuden joera horren barruan: UCD, PSOE, AP... Joerak gaur arte iraun du, baina ordezkari ezberdinak izan ditu: Suarez, González, Aznar eta orain Zapatero.
Beste posizioa, Euskal Herriko arazoak haustura iraultzaile erradikal bat ezean irtenbiderik ez duela dioena da, ETAren jarraipenetik datorrena, bitan zatitu zena, baina gaur ENAMek osatzen duena, borroka mota denak erabiltzen dituena —militarra barne—.
Hirugarren joera, euskal herritarron arazoak, barrukoak eta beste herriekikoak, itun bidez erabakitzearen aldekoa da, Euskal Herritarron borondatearen kontrako konponbiderik onartzen ez duena. Garaikoetxea, Ardanza eta Ibarretxe lirateke joera horren lekuko.
Joera horiek beren oinarrizkoetan ez dira aldatu. Hirukiarena ez da, beraz, oraingo kontua. Baina hirukiaren hiru puntetako bakoitza ere hiruki bat da, aurpegi ezberdinak erakusten ditu bakoitzak eta bueltaka dabiltza. Orain aurpegiak berritu nahian-edo ikusten dira: konstituzionalisten frontean, PSE-PSOE saiatu da Aznarren plantak talante berrian bihurtzeko, eta gidaritza berria eskaintzeko; Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak Lizarratik ikasi du ezin daitekeela hausturaren motorra bera bakarrik izan eta “denen eskubideez” ari da; EAJ-EAan, Lizarran engainatuak sentitu ondoren, estatutu berri baten proposamena oratu da, Eusko Legebiltzarrean onartu zena.
Baina berrikuntzak berrikuntza, sustraiko baterapenik ez da oraindik ikusten, beren arteko antagonismoak hor dirautelako”.
Ramon Etxezarreta. “Azken 25 urteotan beti izan da bitariko kontua. Beti izan da bat bestearen kontrakoa, eta hori areagotu egin da azken urteotan. Frankismo bukaeran horma bat zegoen, eta, batik bat, demokrazia falta. Testuinguru horretan autonomia batzuk eskubide historikoak aldarrikatzen hasi ziren, eta hortik dator estatutuaren kontua. Dinamika nazionalistek elkarren kontra egotera eraman gaituzte. Oso dinamika politiko manikeoa izan da. Lizarran euskal abertzaletasunak herri honetako edozein prozesu lideratzeko zuen grina piztu zuen, baita ezker abertzalean zegoen lidergo eztabaida ere. Orduan ezker abertzalea, edo nazionalismo demokratikoa edo nazionalismo moderatua zegoen jokoan. Orain baldintzak aldatu dira, norbaitek egin du gogoeta eta ETA bera ere aukera guztien zilegitasuna hasi da aldarrikatzen, aldaketa kualitatiboa da politikan. Hasi gara prozesu berri bateko baldintzak zehazten”.
Iñaki Errazkin. “1998an, Lizarra-Garazi inguruko inflexio puntuan, Espainiako estatua ezker abertzalea suntsitzeko erabakiarekin, arazoari nolabaiteko irtenbidea ematen saiatu zen. Aldaketa politiko bat aurreikusten zen. Gobernuak Aznarren gidaritzapean aldaketa hori ematea erabakitzen du, baina aldaketa horren koordenadak (Euskal Herriaren subiranotasuna eta eskubideak) suntsitu edo ahuldu nahi zituzten. Hor abiatu zen ilegalizazioaren kontua, Egunkaria-ren itxiera, inoiz baino preso gehiago daude... Estrategia horrek hutsegin du, eta horren arrazoia ezker abertzalearen oinarri soziala hor dagoela eta eraso guztien gainetik hor egongo dela erakutsi izana da. Herri honetan beste fase bat hasi da, non estatuek ere alde horretatik euren estrategia berregituratu behar izan duten. Konturatu dira ezker abertzalea bukatzea ezinezkoa dela. Hemen bilatu behar dena sentsibilitate ezberdinen arteko adostasuna da. Orain eman dira hainbat faktore, Aznarren porrota eta Zapateroren talante berri hori... zentzu horretan osagai berri batzuk daude. Aldaketa ematen den bitartean, arazoari konponbidea emateko pauso berri batzuk ere planteatzen dira. Ezker abertzalea alde batera utzita, beste 25 urteko irtenbidea emango zitzaiola uste zen, baina beste egoera batera iritsi gara”.
2- Oraingo egoera
Garmendia. “Hirukiaren hiru muturretako buruzagiek elkarren antagonista ikusten dituzte euren buruak. Herri eta gizarte asmo ezberdinak ditugu; ez dira nahasi behar, baina ezta eten ere. Hori aitortzetik hasi beharra dago. Gure gaur hemengoan, euskaltzaleago dira batzuk eta besteak erdaltzaleagoak, era ezberdinetako proportzioan nahastuta gehienak; gizarte eredu liberala, komunista, sozialdemokrata edo besteren bat dugunok nahasian bizi gara; eta badira batzuk, euren asmotako gizarte iraultzaren alde, ETAren borroka armatua onartzen dutenak. Hirukiaren baitako arazoak, beraz, hiru baino gehiago dira. Horiek denak biren arteko mutur jokora murrizteko tentazioa handia da, baina horrela gertatzen zaiguna ezkutatzen dugu.
Konponbidea oso zaila da, herri eztabaida garden bat bultzatzen ez badugu, ditugun antagonismoak bere gordinean azaltzeko. Besteek ni ezinbestean onartu behar nautela ohartzean, lor daiteke akordio sakonetarako giroa. Hortik genuke bide berri bat sortzeko aukera, baina ez dakit benetan hori bultzatzeko prest gauden”.
Etxezarreta. “Horrelako egoera baten aurrean gaudenean, denoi kostatzen zaigu gure iraganari uko egitea. Historikoki hirukoa baino bikoa gehiago izan da demokrazia. Ezker abertzaleak ez zuen prozesu politiko hau onartu, eta prozesu politiko honi eraso zion. Era batean, prozesu politiko honen baliogabetasuna onartzea eta aitortzea, eta prozesu hau eraberritzen hastea ezker abertzalearen garaipena da. Lizarraz gero EAJri egotzi zaiona hori izan da. Hasieran baliozkoa zela zioen, eta gero ezetz, ez zuela balio. Nazionalismoak gero bere estatutua izango du”.
Errazkin. “Oraingoan ere ondo islatzen da proiektu ezberdinak daudela, proiektu horiek gizarteko sektore sozial ezberdinek babesten dituztela, eta zentzu horretan proiektu horiek bai antagonikoak direla, baina bakoitzak legitimitate osoa du bere proiektu ideologikoa garatzeko eta aurrera eramateko. Orain jakin behar dena, bakoitzak gatazka politikoa non kokatzen duen da. Datozen urteetarako behar dugun akordio minimo hori planteatu behar da, non herri honetako sentsibilitate guztiak joko-araudi horretan txertatuta izango garen. Guk garbi esaten jarraitzen dugu Euskal Herriaren aitortza hori ez dela egin oraindik, eta orain dela 30 urte ere berdin geundela, eta urte horietan izan dugun gatazka egoera guztia aukera historiko horren ondorioa izan da. Guk aitortza bat behar dela uste dugu; Euskal Herria nazioa dela eta Euskal Herriari dagokiola zer etorkizun mota nahi duen aurrera eramatea, erabakitzen utzi behar zaio. Hori aurrera eramateko, sentsibilitate guztiek akordio bat egin behar dute euren proiektu propioak aurrera eraman ahal izateko baldintzak zehazteko. Hemen batzuen aldetik Espainia eta Frantziaren eraikuntza aurrera eraman nahi bada, hori posible izan dadin era demokratiko eta bare batean, Euskal Herriaren eraikuntza, independentzia, autonomia... bultzatu nahi duenak ere posible izan dezala aurrera eramatea.
Independentzia edo autonomiaren aldeko proiektu bat ea posible den aurrera eramatea ere ikusi beharko da. Proiektu guztiek posibilitate praktiko bat izan beharko dute, inor baztertu gabe. Berriro sektore bat kanpoan gelditzea planteatzen bada, berriro akats historiko bera egingo da”.
3- Herritartasuna eta eztabaidagunea.
Garmendia. “Hemen oinarrizko puntua Euskal Herriari bere aitortza nazionala egitea dela dio ezker abertzaleak, eta ikuspegi horretatik Euskal Herriak dituen herrialde guztiak batera hartu behar direla kontuan. Baina nik baldintza hori onartzeko ezin diot eskatu inori. Nafarroa berez dela Euskal Herria esaten da, baina hori ez da horrela nafarrek ez badute onartzen euren herri izatea Euskal Herria dela. Nafarroako herria bada beraiek onartzen dutena, guk ez dugu zereginik. Nafar asko lehendabizi nafar sentitzen dira, baita asko abertzale ere. Orduan nik ezin ditut behartu nafarrak nire gogoko aitortza nazionala egitera. Gure nazio izaera aurrera ateratzeko erabaki esparrutzat Euskal Herria bere osoan hartzen dugunok ere, errespetatu beharra dugu nafar gehienentzat Nafarroa dela, oraingoz, beraien erabaki esparru nagusia”.
Etxezarreta. “Niri berdin-berdin zait nondarra naizen, gustura bizitzeko osagaiak baditut. Urrestillan jaioa naiz, hizkuntza eta kultura batean hezia izan naiz, kultura hori landu dut, giro horretan bizi izan naiz... nik marko hori ziurtatzen didan zerbait nahi dut. Ni abertzale ez izanagatik ez naiz Espainiaren eraikuntzaren aldekoa; Espainiak ziurtatzen badizkit nire eskubideak, nik ez dut batere arazorik espainiar izateko, nik euskaldun izaten berdin-berdin jarraituko baitut.
Historiaren interpretazioak inposatu egin daitezke, baina ez sinestarazi bestea konforme ez badago behintzat. Historiaren mila interpretazio ezberdin daude, eta historia ikasi egin behar da; ez dakit zein baldintzatan, ordea. Euskal Herriaren herri kontzientzia osatu gabea da, nahiz eta mila urte dituen herri bat izan eta mundu guztiko herri guztien herri kontzientzia modernoa izan. Aurrekari batzuk izango ditugu, Oihenart, Garibai, Larramendi... baina historiaz hitz egiten hasiko bagina, ziur haserretu egingo ginatekeela. Denok izango dugu arrazoiaren zati bat, baina inork ez arrazoi osoa. Erabakitzeko eskubidea herritarrena da, eta hori ezinbestekoa da, eta hori baieztatzea demokraziaren baieztapena egitea bezainbestekoa da. Niri Euskal Herria nazio bat izateak, independentzia eskubidea izateak... ez nau batere arduratzen. Niri naizen bezalakoa izaten uzten badidate, gainontzekoak bost axola dit. Askotan politikan ez dugu pentsatzen arazo publiko eta politikoek, konponbiderako mekanismoak norbanakoen elkar bizitzako arazoen antzeko konponbidea dutela. Niri autodeterminazioa, autonomia, independentzia... ez zaizkit axola”.
4- Elkarrizketa.
Garmendia. “Gizartea berez da korapilotsua, auzi-mauzi asko sortzen dituena etengabe. Korapiloak askatu eta auziak konpontzeko gizabidea, elkarri hitza eman, arazoak argitu, erabakiak hartu eta aurrera egitea da. Baina bide horrek ez du amaierarik, behin eta berriz burutu beharrekoa da. Korapilo eta arazo horien artean, badira oinarri-oinarrikoak, adibidez: zertatik bizi?, zertarako bizi?, eta nola bizi elkarrekin? Galdera horien inguruan ditugun antagonismoak mahai gainean jarri behar ditugu aurrena. Batzuk esatera, horiez eztabaidatzen hasi aurretik subjektu politikoaren auzia erabaki behar da. Baina gizartean elkarrekin nahastuta gertatzen dira subjektuen, edukien eta bitartekoen arazoak, gizartea, azken batean, subjektu ezberdinen arteko harremanetan adierazten diren edukiek eta harremanetarako dituzten bitartekoek osatzen bai dute. Horregatik uste dut, gizalegezko elkarrizketa bultzatzeko gure artean denetaz hitz egin behar dugula hasiera-hasieratik. Elkarrizketak elkarbizitza hobetzeko balio dezan, elkarbizitza baldintzatzen duten oinarriko arazo denetaz hitz egin behar da. Eta era demokratikoan konpondu nahi baditugu gure arteko gatazkak, oso herri borondate zabalean oinarritzen ez den koakzio bidegabeari aurre egin behar zaio, bestela ezin bada, bidezko indarra erabiliz. Demokrazian ezinezkoa baita kontsensua lortzea, herrikideen parte-hartze librea indarrez eragozten dutenekin”.
Etxezarreta. “Hemen alde batetik azken urteotan areagotu den egoera dago. Ezker abertzalearen mundu horri begira, batzuentzat bekatu larriagoa izan da Espainiaren zatiketa, giza eskubideen urraketa baino. Eta ezker abertzaletik, garrantzi handiagoa eman zaio Euskal Herriaren batasunari eta Espainia sakralizatzeari, herritarrei baino. Edozein adostasunera iristeko eman behar den pausoa, denok denon ideiak errespetatzean datza. Nik aberriaren kontua kontzeptualizatu egiten dut, nik izan dezaket aberrikide bat Montevideon edo Buenos Airesen. Nire kontzientzia nazionala indartzen joateko gaur egun lurraldea baino tresna egokiagoak badaudela uste dut. Nik independentista bati ezin diot esan ez izateko independentista, baina, aldi berean, niri espainol izaten utzi behar didate. Horrela dinamika bat sortu behar dugu, non herritarrak garrantzitsuagoak izango garen gure herri hipotetiko hori baino. Ni nire herria baino garrantzitsuagoa sentitzen naiz. Nire herria nire eskubideak bermatzen dituen komunitate hori da. Euskal Herriak hori izateko inork baino aukera gehiago ditu. Ni herri honetan eroso sentitzen naiz, eta jendearekin tratatzeko arazorik ez dut, gero horrek figura politiko bat hartu behar badu, niri zer izango den berdin dit”.
Errazkin. “Historian ezagutu dudana da, garai hartan onartutako marko politikoak ez duela balio izan gure artean egoera demokratiko baketsu batean bizitzeko. Nire galdera, bake egoera batean denon proiektuak (onar dezagun herri honetan proiektu ezberdinak daudela), aurrera eraman ahal izateko aukerak izango al diren da. Jar gaitezen mahai batean eta hitz egin dezagun onartzen al dugun proiektu guztiak aurrera eramateko posibilitatea ba ote dagoen. Hori baldin bada gaur egungo erreferentzia nagusia, gure ustez akordio edo konponbide batera iristeko aukerak badaude. 30 urte hauetan ezagutu ez dugun bake egoera horrek, bakoitzak interpretatzen duen moduan interpretatzen duela ere, onartu behar dugu ez duela balio izan gure artean konponbide normalizatua emateko. Hori onartzen badugu, eta konponbide batera joan nahi dugula onartzen badugu, jar dezagun lehenik eta behin konponbidera iristeko marko bat. Denoi balio digun marko horren lehen irizpidea, herritarrek erabakitzeko ahalmena izatea da”.
5- Aurrera begira.
Errazkin. “Gaur Ramon bizkartzainekin dago eta hori errealitate objektibo bat da. Beste alde batetik, ni hemen nago 2.027 bozka lortu ondoren zinegotzi postua ukatuta. Baina egia da hemen gaudela eserita eta etorkizuneko konponbidearen giltzak zein izango diren sinetsi nahian. Zentzu horretan, gizartean nagusitu dena elkarrizketa da, eta elkarrizketa horretan sentsibilitate guztietako jendeak hartuko du parte eta hortik denoi balioko digun marko bat aterako da. Marko minimo horrek bakoitzaren proiektu politikoa inori inposatu gabe aurrera eramateko bidea izan behar du. Ibarretxeren planak hori izan du akats nagusia. Une honetan ez da garrantzitsua noren proiektu politikoa nabarmentzen den, denok onartuko dugun marko hori zein den finkatzea garrantzitsuagoa izango da. Askotan interpretatzen da Espainiako Konstituzioa, Europako Konstituzioa, Gernikako Estatutua..., baina une honetan gai al gara mahaitik jaiki gabe kontsensu hori lortzen saiatzeko? Nik uste gakoa hor dagoela. Gero hitz egingo dugu proiektu politiko ezberdinetan gaudenontzako zein diren baliozko izango diren gutxienekoak. Badaude osagai batzuk kontsensu minimoak lortzeko behin eta berriz errepikatzen direnak eta denon artean akordioa posible da. Gutxieneko akordioak eragileen artean izan behar du, eta nik uste Euskal Herriko eragileoi tokatzen zaigula lehenik eta behin kontsensua lortzea, eta horren ondorioz dauden borroka armatua eta era guztietako indarkeriak baztertuta utziko duen gutxieneko akordioa lortzea. Ondoren etorriko da estatuekin hitz egitea eta bakoitzak bere proiektua aurrera eramatea. Lortzen bada, nik uste korapilo nagusia askatuta dagoela. Gero beste korapilo asko egongo dira: Nafarroa, lurraldetasuna...”.
Garmendia. “Zer dago berria? Nire ustez, gauza berri bakarra zera da: elkarrizketa bat egon dela pertsona batzuen artean, nahiz eta bilera horien edukia ez jakin. Beste aldetik, itxaropena dago. Demokrazia parte hartzeko prozesua da eta horrek izugarrizko garrantzia du”.
6- Kanpora begira.
Etxezarreta. “Prozesuak norberak hasi eta bukatzen ditu. Kanpoan izango dira Irlanda, Quebec...; zer ikasia izango da proiektu horietatik ere, baina, azken batean, axola dena arazoa konpontzeko borondate izatea eta konpromisoak hartzea da”.
Garmendia. “Horrelako erabakiak hartzen direnean gutxieneko arbitro batzuek egon behar izaten dute, geure artean erabakitakoak betiere. Bestela, orain hemen gertatzen den moduko zerbait gertatuko da. Gernikako Estatutua medio eskumen batzuk ditugu, baina horiek betetzen diren edo ez erabakitzeko alde baten agindura dagoen auzitegi konstituzionala dago. Ez dut demokrazia perfektuan sinesten, baina gure sistema demokratiko honetan judikaturak Espainia mailan duen egitura ez da onena, hain zuzen gauza politikoetan ordezkapen partidista dagoelako”.
7- Boterea eta hizkuntza
Garmendia: Gaur egun herri txikien arazoa ekonomia ere bada. Badaude aldeko kontu batzuk, herri arazoak gatazka subjektiboan planteatzen diren lekuetan erabiltzen diren estrategiak, adibidez. Momentu honetan atxikimendu subjektiboetan oinarritutako gatazka horiek ez dira erabili behar borroka politikorako tresna bezala, konpontzen saiatu behar gara, bestela inork kontrola ezin dezakeen prozesuetan bilaka daiteke. Hori gure alde etor liteke ordea, gure artean aprobetxatzen asmatzen badugu. Botere politikoak nazio baten edo hizkuntza baten adierazpena izan behar duen obsesioa dago, baina botereak pertsonen eta herriaren atxikimendu. Jarrera subjektiboen adierazpide izan behar du; adierazten duen horri zerbitzu egiten dio botereak.
Ni beti izan naiz herri zaleago abertzalea baino. Nire ustez, aberria, herria aurrera ateratzen laguntzen duen tresna da, eta ez badu balio ez dut nahi. Herri baten nazio formulazioa gauza kontingente nahiko larria da Europako historian. Ni herri zalea naizen bezala euskal herrien zalea naiz, euskal herriek herri bat osatzen dute baina ez batzuk nahi duten bezala. Nik gehiago errespetatuko dut, nafarrek bere burua herri bezala sentitzen badute. Gainera horietako batzuk gu beren herrikide bezala onartuko gaituztela diote baldin eta ongi portatzen bagara; hori puntako nafar abertzaleek esaten dutena da. Nafarrek bere borondatez bere herri izanean, ez diezaiotela uko egin baskoien tradizioari, bertan sortua baita.
Etxezarreta: Dinamika horrek ekarri behar duena, nafarrek bere euskalduntasuna ez ukatzea da. Gero nahi dutena egingo dute, baina Nafarroan nafar batzuen euskalduntasuna ez ukatzean datza gakoa. Errazkinek esan du, historian orain arteko prozesuek ez dutela balio izan. Baina prozesuek ez dute balio izaten ez ez dutelako balio benetan, balio ez dutela erabakitzen delako baizik. Baino beste erreflexio bat badago, eta ezker abertzaleak erreflexio hori egin beharra izan du: euskal gizarteak azken urteetan bide horretatik ez joateko esan dio. Biolentzia ez dut aipatu nahi diskurtso oso klasikoa hasten delako. Lizarra garaian ezker abertzaleak gora egin zuen emaitza elektoraletan tregua hausten denean behera egiten du. Eta bere jendeak esaten dio bide horretatik ez joateko. Orain nolabaiteko usainen bat dago biolentziaren kontua esplizituki esan gabe badago ere kuestionatuta dagoela. Eta orain gorako martxa hori hasten da, herritarrek badute horrelako intuizio bat, eta hor ere balio gabeko bideak ziurrenik asko dira.
8- Elkarbizitza
Etxezarreta: Hemen alde batetik azken urteotan areagotu den egoera bat dago, batetik, ezker abertzalearen mundu horri begira, batzuentzat bekatu larriagoa izan da Espainiaren zatiketa giza eskubideen urraketa baino. Eta alderantziz, ezker abertzaletik, inportantzi gehiago eman zaio Euskal Herriaren batasunari eta Espainiaren sakralizatzeari herritarrei baino. Edozein adostasunetara iristeko eman behar den pausua, zu independentista zara, eta badakit, baina aguantatu egingo zara herri honen gehiengoa independentista ez den bitartean. Beste bat Espainiar nazionalista banaiz, nik aguantatu egin beharko dut herritarren gehiengoak hori nahi ez badu. Nik aberriaren kontua kontzeptualizatu egiten dut, nik izan dezaket aberri kide bat Montevideon edo Buenos Airesen, edo Grenovlen. Nire kontzientzia nazional hori indartzen joateko gaur egun lurraldea baino instrumentu egokiagoak badaude. Nik independentista bati ezin diot esan ez izateko independentista, aldi berean, niri Espainol izaten utzi behar didate, eta ez da ezer pasatzen. Horrela dinamika bat sortu behar dugu, non herritarrak garrantzitsuagoak izango garen gure herri hipotetiko horiek baino. Ni nire herria baino garrantzitsuagoa sentitzen naiz, bestela suizida bat izango nintzateke. Nire herria nire eskubideak garantizatzen dituen komunitate hori da; giza eskubideak, oinarrizko eskubideak… Euskal Herriak hori izateko inork baino aukera gehiago ditu, ni herri honetan eroso eta komodo sentitzen naiz, eta jendearekin tratatzeko arazorik ez dut, gero horrek figura politiko bat hartu behar duela, bai komunitate nazionala, bai estatu independentea… berdin zait, baina derrigor independente izan behar dugula esan gabe.
Garmendia: Hemen planteatu diren puntu batzuk trantsizio aurreko eztabaidetako puntu berdinak dira. Ikastolak sortzeko ekinaldi horietan ETAko fronte kulturalak ez zuen hori nahi. Garai hartan Ikastolen sorrera jende integrazio prozesu batean sartzea pentsatu zuten. Batzuk apunteak –eta euskaraz ateratzen hasi ginen, eta multikopistarik ez ziguten uzten eta beste bat erosi behar izan genuen. Horrelako eztabaida asko izan ditut, eta inoiz ez diot inori eskatu gure gaur egungo sistema politikoa demokratikoa denik esateko, baina ez dut onartzen norbaitek sistema hau demokratikoa ez dela onartzeko esatea. Nik ezin diot inori eskatu demokratiko bezala onartzea sistema hau, batez ere gizarteko subjektuetan sinesten ez badu. Eta oinarriko galdera konpontzen ez den bitartean ez dago ezer egiterik esaten du Errazkinek. Eta…
Etxezarreta
Jaiotze data. 1954-07-12.
Bizilekua. Donostian bizi da.
Lanbidea. Donostiako Kultura zinegotzia da azkeneko hamar urteetan, PSE-EEtik.
Politika. Azpeitian zortzi urtez Hezkuntza zinegotzia (EEtik), EITBn administrazio kontseiluko kide ere izana.
Garmendia
Jaiotze data. 1946-01-16.
Bizilekua. Zumaia eta Bilbo artean bizi da.
Lanbidea. Deustuko Unibertsitateko Soziologia Fakultateko irakaslea da.
Politika. 18 urte zituenetik euskalgintzan serio lanean. Garaikoetxea lehendakariaren aholkularietakoa izana.
Errazkin
Jaiotze data. 1975-09-08.
Bizilekua. Azpeitian bizi da.
Lanbidea. Iturgintzako hornikuntzan egiten du lan.
Politika. 2003ko ekainetik Habea plataformako zinegotzia da. Batasuneko kidea ere bada.
|