Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 13,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Ekaina »  'Porru'-ren labelarekin

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Pertsonaia

'Porru'-ren labelarekin

Enekoitz Esnaola

Antton Altuna ‘Porru’-k ia 70 urte daramatza herri eta auzoetan erroskilak errifatzen eta saltzen. Teknika du, lapurretan egin diote, tranpa txikiak egin izan ditu... zer ez zaio gertatu?

Antton Porru, Errezilen. 
Azpeitiko zezen-plazan. 
Getarian, San Prudentzion. 

Erreportaia egitea erabaki genuela eta, haren etxeko telefono zenbakia lortu, hotsegin eta: “Hor al dago Antton?”. “Hi, niri Antton Porru hotsegin”, berak. “Izan ere, Azpeitian ehun Antton baino gehiago egongo dituk, eta Aiatik, Asteasutik, kanpotik datozenek Antton Porruz galdetu eta jendeak, da!, ‘bai, Porru; halako tokitan topatuko duk’-edo erantzuteko”. Ba daki zeinek jarri zion ezizen hori: berak. Hala dio, behintzat. “Horregatik ba, bereizteko beste Antton denez. Arratoiek eta denek topatzen naitek baten batek ‘Antton Porru’ esanda”. Beraz, Antton Porru, Antton Altuna Aramendiri.

Kontua da ia 70 urte daramatzala betikoa egiten: herriz herri, auzoz auzo erroskilak errifatzen. Buruz daki festen egutegia: “Aurreko zapatuan Aratz-errekan izan ninduan —zioen maiatzaren 21ean—, bihar Nuarbeko festak dituk, bihar zortzi Zumaiako auzo batekoak... Buruak ez dik hutsik egiten. Ba al dakik zenbat urtean horrela?”. Amarekin hasi zen errifan, “sei urterekin-edo. Aitona-eta ere ibiltzen hituan”.

Azpeitian gutxi. Martiten, Santa Engrazin, Iturriotzen, Asteasun... hamaika auzo eta herritan ibili da. Gutxien, igual, Azpeitiko kaleetan. “Etxean ez diagu joera handirik izan herrian kalean saltzeko. Zezen-plazan bai, ahari-jokoan, baina kalean... Zeozer ibili izan gintuan amarekin garai batean, txuleta zintak-eta saltzen, baina oso gutxi. Pentsa, santotomasetan Donostiara joan izan nauk ni urteetan. Ikaragarri saltzen nian han. Ondarroan ere bai, baina arrantzarako garai onak zirenean. Arrantzaleak dirua duenean, zoro-zoro gastatzen dik, gure suerterako. Baina orain antxoarik ez zagok eta...; lehengoan getariar batek lau boleto erosi zizkidaan, eta garai batean hamasei erosten zitian berak”. Ondarroara jo du berriz ere: “Han zerga antzeko bat ordaindu behar izaten genian lehen, baina hogei erroskila kaxa eraman hara eta alguazialen aurrean pare bat besterik ez genitian aurkezten; beste denak arrantzaleek gordetzen zizkigutean, eta gero, hori pagotxa!”.

Leitzako artzain batekin ere bai beste behin. “Gosaltzen ari ninduan taberna batean, tripakiak-eta jaten, Leitzako artzain batekin hizketan. Hura gustura egon nonbait, eta errifa ugari erosi zidaan. Txanponak eta billeteak eman eta eman hasi zuan, eta nik hartu, dena hartzen diat, asuna ez beste dena, erre egiten duelako, baina orduan jakin ez zenbat diru ematen ari zen artzaina, euroaren garaiaren hasiera zelako. Nik, badaezpada, igual diru adina errifa ez nizkioan eman...”.

Erroskilek diru pixka bat eman izan diote. “Lehen gehiago. Orain kaxan 120 erroskila egoten dituk, lehen gehiago, kaxak handiagoak zirelako. Baina konparazio batera, lehen oraingo kaxak baleude, urtean hamar mila salduko genitian. Orain zenbat? Berrehunen bat. Lehen, moteil, saldu bezainbeste ematen genioan jendeari, opari. Orain, berriz...; pasteleriak-eta gehiago zaudek eta kalte egin zigutek”. Anttonek, doan tokira doala, kaxa bat errifatu egiten du orain, eta beste erroskilak saldu; sortan, dozena bat.

Ez du beti bakarrik jardun. Laguntzaileak izan ditu. Batzuk ez oso lagunak... “Behin zestoar bat izan nian laguntzaile, baina jarduna bukatzean kontuak atera, zenbat erroskila genituen, zenbat sobratu ziren, zenbat diru atera genuen, eta, ez. Esan nioan ea zer pasatzen zen, eta erroskilak puskatu egin zitzaizkiola, hi... Horixe!”. Iraetako beste bat ere halaxe aritu omen zitzaion. “‘Porru, hi baino tontoagorik ez zagok!’, esan nian behin neure artean, azken batean hark dirua harrapatzen zidalako. Hirugarrengoan joan ninduan harena eta ‘zer, gustura al habil?’, galdetu nioan. Hark baietz, eta nik: ‘Badakik bi lapur ez direla ondo moldatzen, ezta?’. Ederki ulertu zian, bai”.

Gantxoa berak du. Ia betarik ez du ematen galdetzeko ere. Dena berak kontatzen du, arrapaladan. Oraingo istorioa, jendeak erroskila sorta lapurtu zionekoa. Antton Porruk ez du posturik jartzen, “gantxoak eta kristoak” jarri beharko balitu ez zelako batere ibiliko. “Nik normalean kaxak kotxean kapot azpian gordetzen ditiat, jendeak ez harrapatzeko. Izan ere, errifa saltzen ari haizean unean bistara uzten baditut erroskilak, jendeak ez dik mila durokoa utziko kaxa gainean, ez. Baina noiz edo noiz utzi izan ditiat bistara kaxaren batzuk eta neu pixka bat aldendu errifak saltzera, eta behin Iraetako batek Aizarnazabalen harrapatu egin zizkidaan hiru kaxa, oso-osoak; oraindik berak esan zidak hori”.

Teknika du saltzen. Ikusten badu lehia egiten beste saltzailerik, honek baino merkeago saltzen ditu berak erroskilak, “baita jendeari doan eman ere batzuk, kontrario hark ospa egiteko eta gehiago ez egiteko enbarazurik”. Bilboko edadetu batzuk ditu lehiarik handiena egiten diotenak. “Lehengoan hemen hituan, Loiolan. Handik etorri egin behar dik, eh, erroskilak saltzera... Lagunak al ditudan? Hemen lagunik ez zagok; konozido y basta”.

R-12ean ibili da asko, Vespan ere bai, eta ez omen du behin ere izan istripurik. “Baina toki denera ez zagok kotxean edo motoan ailegatzerik. Lehen Martitera han joaten gintuan hartu kaxak bizkarrean eta gora, ahuntzak bezala. Gero jesukristok sufritu zuela?”.

Beste behin ere sufritu zuen. Izan ere, orain dela berrogei bat urte joan ziren Erniora erroskila saltzera, atera zituzten hiru mila pezeta, joan ziren Azpeitiko taberna batera bazkaltzera bost lagun, “eta zenbat da eta garai hartako 3.100 pezeta”, Ernion irabazi baino hogei duro gehiago! “Hogei duro haiek ere neuk jarri nitian. Neu ona izan nauk manejatzen, baina taberna hartakoek ere uno egin beharrean, dos...”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak