Agustin Jimenez: "Azpeitian festazaleak gara, beste leku guztietan bezala"
Festarik festa ibiltzen da Agustin Jimenez. Txarangarekin, lanean. Festazaleak toki denetan daudela dio. Azpeitian, “denean bezala”, horretan ere exageratu egiten dela dio. Jimezek ez du, oraindik orain, festa txarrik ezagutu.
Azpeitiarrok festazaleak omen gara. Egia dela esango al zenuke?
Hori egia da, baina beste tokietako jendea ere festazalea da. Nik uste dut, jende guztia dela festazalea. Gutxi batzuk egongo dira gustatzen ez zaienak, baina, oro har, denori gustatzen zaizkigu. Azken batean, hemengo jendea ez da bertako festetan bakarrik egoten, kanpora ere joaten da, eta kanpoko jendea ere ikusten da hemen. Festa gehiago ditugun uste hori pixka bat exagerazioa dela uste dut.
Nondik dator exagerazio hori?
Gu denean gara exageratuak. Azpeitia-Azkoitia ingurukoak, Gizpukoa aldearekin geografikoki bananduta bezala gaude, eta ‘ukitu’ bat badaukagu. Bai kirolean eta baita denean ere, handira jotzen dugu. Azpeitiarrok badaukagu hori. Onenak, azkarrenak, festazaleenak izatera egiten dugu.
Herriz herri ibiltzen zarete zuek. Zein herri da festazaleena?
Ez dut uste ranking horretan lehenengorik egongo denik. Joan naizen herri gehienetan dago egun bereziren bat. Egun horretan denok handira egiten dugu. Hemen Elegante eguna den bezala, Ordizian Koadrilen eguna izango da, Lekeition Antzar eguna, Zumarragan Santa Ixabel eguna... Azpeitian gertatzen dena da, udaratik aparte baditugula horrelako egunak, eta horregatik gehiago nabarmentzen dutela, Elegante eguna, santotomasak, sansebastianak... Baina ez zait iruditzen festazale kontu horretan lehenengorik eta azkenengorik dagoenik.
Zer behar dute festek onak izateko?
Giroa. Giroa jendeak sortzen du. Azkenean, zoritxarrez, ikusten ari gara festak herrian dauden tabernen araberakoak bihurtzen ari direla. Halako herritan taberna onak badaude, festa onak. Hori perzepzio txarra da. Ondo pasatzeko gogoaren arabera dago hori. Festa batzuk txarrak direla esatea ez dago ondo, zure gustuko taldea edo ez dakit zer ez dagoelako. Eguraldi ona edo txarra egin, ondo pasatzeko gogoa badago, festa horiek onak izango dira, giroa sortu delako. Giroa sortzen ez bada, talde onenak ekarrita ere, ez da festarik egongo. Festa jendeak egiten du.
|