Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Ekaina »  Iritzia »  Ahuntzaren gauerdiko puzkerra

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bat hirutara

Ahuntzaren gauerdiko puzkerra

Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haitzkurgi Uzin

Hautsak harrotuz eta hatza begian sartuz, hirukote azpeitiar honek kalean eztabaidatzen diren gai polemiko guztiak itzulipurdika jarri nahi ditu hilero... Oraingoan, zapatu gaueko giroaz jardun dute. Motorrak berotzen hasteko.

Mikel. Badakizue, zapatuan ezkontz ospakizuna izan nian, eta egia esan, harrituta gelditu ninduan kalean zebilen jende urria zela eta. Azpeitia ez duk garai batean zena, ez horixe.

Xabier. Hi nola konturatuko hintzen ba zenbat jende zebilen kalean, urtean behin parte hartzen duk Azpeitiko gau giroan eta bertan, horrenbeste zaintzen duan itxura galduta, epel-epel eginda henbilen kalean gora eta behera.

Haitzkurgi. Bai, bai. Egia duk. Nik ere ikusi hinduan hautsez zikindutako ‘armani’-ren trajea jantzita, alde batetik bestera balantzaka.

Mikel. Ez potroak ukitu! Ni baino okerrago zebilenik ere ez zuan falta. Nolatan iruditzen zaizue, bestela, zikindu nintzela? Basapizti batzuk, Olentzero opariak banatzen bezala, porlan zakua soinean hartuta, hautsa harrotzen aritu hituan tabernaz taberna, ikaragarrizko oihuak ateraz gainera. Beldurra ere sentitu nian zenbait unetan.

Haitzkurgi. Lasai, moteil. Bazekiat ez garela hire mailara iristen neska ‘ñoñostiar’ horrekin habilenetik. Garbi zagok nahiago duala Bataplaneko jendillaje harroputz eta lepo tente horrekin nahastea, hire betiko lagunengana etortzea baino, eta horrek pena handia ematen zidak. Ez al haiz konturatzen Vanessak guztiz gurindu hauela?

Mikel. Hoa popatik hartzera!

Xabier. Egia duk aspalditxoan basapizti ugari dabilela Azpeitian: larunbateko sasi- igeltsero haiek, adibidez. Niri, ordea, horiek adinako higuina ematen zidatek, hik bezala, urtean behin ezkontza bat aitzakitzat hartuta herrian parranda botatzen dutenek. Hemen larunbatero gelditzen garenok gu gaituk, eta tristea duk aitortzea Azpeitiko parrandak asko galdu duela, baina oraindik tristeago duk inork ez duela ezer egiteko asmorik ikustea.

Haitzkurgi. Gehiago esango nikek, Xabi. Gaur egun, gure biziko jazarpena ari gaituk pairatzen alkoholemi kontrolak direla eta ez direla. Pentsa ezak, Atanilloren jarraitzaileak ere beraien herrixkan gelditzen hasi dituk metropolira etorri gabe eta, hala, beraien guda oihurik gabe utzi gaitiztek (Hiru, hiru!).

Xabier. Txarrena duk, ordea, larunbatetan hemen gelditzen garenoi kalera irteteko gero eta oztopo gehiago jartzen ari direla. Batetik, aspalditxoan tabernetan jasan behar izaten dugun musika lotsagarria; izan ere, Azpeitiko tabernek Eurovisioneko eskenatokiak ziruditek. Beharbada, hori izango duk arrazoia edozein edari urrearen prezioan ordaindu behar izana. Bestetik, tabernen ixteko ordutegia ere aipatu beharra zagok, afari legea egin eta kalera ateratzerako jada tabernak ixteko ordua iritsi delako; hori bai, baserri elektronikora joan ezean...

Mikel. Oso oker zabiltzate. Musika ez zitzaidaan hain txarra iruditu. Gehiago esango nikek: modernoa eta dantzagarria zuan. Prezioengatik zer esango diat ba, etor zaitezte larunbat gau batean Donostiara eta orduan nabarituko duzue urrea eta harri bitxien artean dagoen aldea. Azpeitiko parrandaren arazoa ulertzeko, bertan biltzen diren basapiztiei begiratu besterik ez zagok. Erotutako pizti horien ekintza arbuiagarriak dituk gure herriaren gainbeheraren arrazoi nabarmenenak. Uste diat badela garaia Azpeitiko ‘kalabozoetan’ dauden armiarma sareak garbitzen hasteko.

Haitzkurgi. Horrenbeste aurreiritzi eduki gabe, hobe hukek buruan dituan txori guztiak askatu eta herrian denbora gehiago pasatuko bahukek...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak