Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Ekaina »  Iritzia »  Kostako buelta

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Kostako buelta

Koldo Aldalur

Bizikletan hasi berria naiz. Bizkarrerako Xoxoteko maldak baino hobea delako erosi nuen iaz bizkleta gorri-beltz bat, hor nabil karnabaletan bezala mozorrotuta. Kaskotik hasi eta zapatiletaraino Amstrong-en inbidiarik gabe. Geldirik naizenean behintzat, globero itxura perfektoa dut, betaurreko beltzek ematen duten itxura fashion-ean ezkutatuta.

Tabernan ebakia hartzen ari direnez beteta denean, han azaltzen naiz, mutil koxkorrari kendu nion maillota jantzita. ONCEkoa. Ez ikustea hobea.

Bizikletara igo arte, fenomeno. Aditu gisa hitz egiten ere ikasi dut. Arantzazuko fraidea, niere ondoan, hutsaren hurrena. Erabaki dut zer buelta egin: kostakoa, Zumaiatik joan eta Meagatik etxera.

1 KM. Hau da gozatua! Eskustan pixa arrastoa bezala. “Gaur ehun bat kilometro egiteko sasoi latza zaukaat”, errepikatzen diot neure buruari. Ez nuen hautu txarra egin Urretako maldak utzita. Laurogei bihotz-taupada minutuko. Kanpeon.

4 KM. Lasaokoko rektan. “Ekarri hona Euskalteleko tropel guztia, txiki-txiki eginda utziko dizkiat eta”. Platoan noa eta piñoi txikiena erraz dabil bueltaka. Bizikletan ibiltzea nire koadrilako erdi profesionalek ziotena bezain gogorra ez dela konturatu naiz eta erraz samar kexatzen direla pentsatu dut. Ehun eta hamar bihotz-taupada minutuko. A tope!

7 KM. Zestoa. Aurreko kotxe bat aurreratzen hasi da, ia eraman nau aurretik. Maldizioa, errepika ezin daitekeen horietakoa. Erdiko platoa sartu dut eta piñoi pare bat igo, baina ondo noa. Bizikletan jaiki eta, harro, bizitzari duena ateraz. Ehun eta hogei bihotz-taupada sustoa pasatutakoan.

16 KM. Zumaiako Orruako itsaso usaina hartu dudanean hasi naiz Iraetako aldapa ahanzten. Bide zaharretik igotzea pentsatu dut, baina amorpropioak ez dit utzi. Aldaparik ez dagoela diotenei esango nizkieke kristonak. ‘Jesusenak’ ikusi ditut baina ondo errekuperatu naiz. Haizeak albotik jotzen du. Getariako aldapatxoa ikusten dut, nahiz eta oraindik bost kilometro falta. Ez dut uste seinale ona denik; pentsatzeak bihotz taupadak ehun eta berrogeira igo zaizkit. Euri tantak bertan dira.

26 KM. Hankak gogortzen hasi zaizkit Zarauzko tunelean eta itsaso usainik ez dut nabaritzen. Koadrilako erdi-profesionalei entzundako esaldiak datozkit burura: “Sabiñanigon berrehun kilometrotik gora egiten dizkiagu. Ez zekiat zenbat portu”, “kostako buelta ondo zagok, errekuperatzeko”, “pixka bat ibiltzen bahaiz derrepente jarriko haiz”. Jarri edo etzan da nire galdera. Taupada kopurua gora doa eta bide bazterreko harriek zulatua eragingo balit penarik ez nuke hartuko. Kartelak mehatxu egin dit. Meagas 3km. Tantak eurijasa bihurtu dira.

28 KM. Umeek ere Uztarria leitzen dutelako ez dut iritzirik emango, ez taupada kopururik aipatuko, ez koadrilakoen amarik gogoratuko. Ia goian eta bizirik nago! Garai bateko arraindegiko lagunak zioena dut bueltaka: “Irainik mingarriena, dudarik gabe, gizagaixoa duk”. Gizagaixoa deitu dit hitzik gabe goitik behera zetorren neskatxoak. Gizagaixoa, normala, bizikleta gaineko postura ere aldatu zait eta. Plato txikiena hasieratik eta sufrimendua aurpegian atxikita. Irribar egin arren, disimula ezin daitekeen nekea. Eta okerrena artean iristeko. Urte guztiko euri guztia gaur botatzea erabaki du.

40 KM. Egia esan, ez dakit nola iritsi naizen Danonako aldaparaino; aldapa behera ere ezin dut. Iraetako txatarreria kendu izan ez balute, ederki utziko nuen bizikleta bertan eta autobusean itzuli. Baina hemen nago osorik, uste dut, hiru mozolo atzetik etorri zaizkidan arte. Urrutira entzun ditut ahotsak, eta pentsatu heriotzetik gertu denak belarria fin izaten duela biziari azken doinuak lapurtzeko. Ez dakit kontatu ala ez... barrezka eta berriketan pasatu naute! Lasai, aldaparik ez balego bezala. Realari buruz ari dira. Atzetik harrapatu ahal izan banitu entzungo zituzten epelak. Nireak egin du!Ni baino hiru aldiz azkarrago zihoazen! Bizikleta gainean etzanda noala jabetu naiz. Akabo.

46 KM. Azpeitia. Dutxa azpian nago kulote eta guzti. Saiatu naiz kentzen baina ezin dut. Duintasuna ere dutxako zulotik behera doa.

Goraintziak Azpeitiko txirrindulariei. Profesionaloi eta Sabiñanigo egiteaz gain globeroak zaretenoi, edo besterik gabe, kostatik buelta egin eta hurrengo egunean ohetik jaikitzeko gai zaretenoi. Ez dut uste aurten traba handirik egingo dizuedanik. Eroaldiren batean berriro ateratzen banaiz, mesedez ez kasurik egin Bizikleta gainean etzanda doan gizagaixoak eskertuko dizue. Muxu bat.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak