Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2005 »  Ekaina »  Iritzia »  Kontzientzia eragozpena

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Kontzientzia eragozpena

Alaitz Olaizola

Kontzientzia eragozpena. Soldadutza derrigorrezkoa zeneko garaia datorkit gogora. Soldadutza egitea derrigorrezkoa zeneko azken urteak, hobeto esanda. Gerora, tarteka entzun izan dut kontzientzia eragozpenaren inguruan zerbait irrati edo telebistan, baina askoz gehiago ez.

Kontzientzia eragozpena. Bi hitzak, bata bestearen ondoan jarrita, badirudi neurriz kanpoko pisua hartzen dutela; alegia, kontzientziak, eragozpena ponpoxo bihurtzen duen neurri berean ponpoxten duela eragozpenak kontzientzia.

Kontzientzia apurra galtzetako patriketan sartu, eta, banoa Vatikanora, eragozpenak etxean utzita. Soberan baititu Vatikanoak eragozpenak eta faltan kontzientzia, edo kontzientziak.

Joan Paulo II.aren hil ostean, neronek ere banuen itxaropen txiki bat, Jainkoaren izenean jasotako eta eragozpenez betetako eliza barruan argi berriren bat piztuko ote zen. Ke zuria atera zen tximini hura, Ipar Ameriketako indioen bakearen pipa bilaka zitekeela uste izan nuen bi egunez... itxaropena baita azkena galtzen dena, eta ,eskerrak!

Ez zait batere inporta han zer egiten duten, zer egin nahi duten, ezta zer esaten duten ere baina kezkatzen nau, eta asko, barru-barruan, nork entzungo dien eta, batez ere, haiek esana agindutzat nork hartuko duten. Azken harmaila horretan sartzen gara gu, herritar anonimoak, izenik gabekoak, gurea bezalako herria, beste hainbatekin batera.

“Gurea ez da inoren aurkako jarrera, maitasunaren aldeko jokabidea baizik”. Elizak, publiko egindako azkenetako komunikatuak horixe bera zioen. Hippy garaietako lelo horietako baten antza hartzen diot, bakezale tankera, eta bitartean, bikote homosexualen aurkako eraso zuzen-zuzena da. Sexu bereko kideen arteko harremana antinaturaltzat jotzeaz gain, beraiena ez den beste estatu bateko legezko erabakien aurrean, Jainkoaren izenean, kristau katolikoei, kontzientzia eragozpena eskatuz. Edonor ezkontzeko ahalbidea dutenei, gisa horretako ezkontzarik ez burutzeko eskatzen diete, maitasunaren izenean. Lortu dute zenbait tokitan “kontzientzia eragozpenaren” gurutzada martxan jartzea: Segovia, Avila…

Sentimendu eta jokabide baztertzaile bat izatera animatzen ari dira, lasai asko, normalizaziorako bide luze bat hasi baino egin ez duen errealitate baten aurrean, muturren aurrean daukagun errealitate baten aurrean. Horretarako, ordea, ikustea nahi izatea ezinbestekoa da. Seguruenera jota, kontzientzia ez baita berez etorriko, jaiotzen garen momentuan lote berean etorriko. Landu egin beharko da, errealitateak kontuan izan beharko dira, jendearekin hartu-emanak landuta.

Fedea. Pentsatu nahi dut, Vatikanoa eta Vatikanoak herrietan zabalduak dituen zerbitzariak ez direla bat etorriko hainbat kontutan, hankak lurrean dituenak, urrutirago ikusteko gaitasuna baduela zalantzan jarri gabe, haiengan, fedea izanda.

Kontzientzia eragozpenaren lemapean, Afrika eta afrikarrak datozkit gogora, Bostongo ume mordo hura, apaiz pilo baten sexu desioak asetzeko objektu bilakatu zirenak, emakumeak…

Oraingoan, lege berri eta aurrerakoi bati eraso diote, desobedientziara bultzatuz hainbat eta hainbat katoliko fededun. Fedeak, mendiak mugitzen dituela aspaldi ikasi genuen, eta egia da. Elizak, ordea, bere egin al dezake fede hori, bere asmo eta ezkutuko intentzio guztiak plazaratzeko? Edozer egin al daiteke fedearen izenean?

Zerua eta bide zuzena monopolizatu dutenekin, gero eta herritar gutxiago daude ados. Badakite, fedea krisian dagoela. Hausnarketa barrutik egin beharko lukete eta beren buruei galdetu, zergatik dauden elizak hutsak, nahiz eta une zehatz batean lau milioi pertsona bildu San Pedro plazan.

Galdera bat datorkit: elizak, zelibatoari uko egingo balio, ez al lituzke hainbat kontu beste modu batera ikusiko? Errealistagoa izango litzateke, behintzat! Ezin ibiliko gara ba beti, pauso bat aurrera eta bi atzera emanez, ezta?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak